
Artisautza
Félix Barcina Valle. Koilaragilea: Prozesuak
BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA
Zer da ezpela? Ezpela (buxus sempervirens L.) metro bat eta bi metro artean dituen zuhaixka da. Oso zur gogora du eta behin leundutakoan oso polita geratzen da. Gainera, ez du kolorerik galtzen eta bustia dagoenean ez ditu eskuak zikintzen. Pirinioetan eta kantauriar isurialdean oso ugaria da.
Aspaldi bera joaten zen Burgosko mendietara zura moztera. Gaur egun lagunek ekartzen diote.
Abuztuaren 15etik Gabonak arteko aldian moztu behar da, hobe egun argi eta lehorretan. Euria egin badu, lehortu arte itxaron behar da. Izan ere, ezpel-muluek ur asko xurgatzen dute. Mozterakoan, agintariek zerrarekin oinetik moztera behartzen dute, motzondorik geratu ez dadin, oso arriskutsua baita, animaliek horiekin tupust egiten dutelako eta hankak zauritzen dituztelako.
Ondoren, 6 hilabetez beren ortuan izaten dituzte zurak, lehortu daitezen. Halere, zurak poliki-poliki lehortu behar direnez, bero handiko egunetan ur apur bat botatzen zaie.
Denbora hori igarotakoan egosi egiten ditu. Horretarako, ortuan sua pizten du eta zurak ura irakiten duen tutu batean sartzen ditu. Behin egositakoan, zerrarekin mozten dira eta lantzen hasten da. Mozteko txantiloi batzuk ditu.
Jarraian, piezak lantzen hasten da. Horretarako, erreminta txiki batzuk ditu, horien artean bizar-labana, baita zerra, arraspa, karraka, xaflak, aizkora, tornuzila, zulagailu elektrikoa, erremintak zorrozteko esmeril-harria, arkatza eta lixak ere.
Lana zur hezearekin egiten denez (hau da, guztiz lehortu gabeko zurarekin), sardexken hortzak okertu ez daitezen lehortu arte ziri txiki batzuk sartzen ditu horien artean. “Ezpela oso bihurria da” azaldu digu Felixek.
Aspaldi tailer txiki bat zuen etxabean, baina orain bere etxebizitza gaineko atikoan lan egiten du, bertan argi ugari baitu.
Inoiz ez ditu bere piezak bernizatzen. Denek kolore naturala izan ohi dute. Batzuetan baino ez ditu iluntzen, zura labean apur bat belztuz.
