525 Zenbakia 2010-03-19 / 2010-03-26

Euskonews Gaztea

Gaiak: Juanito Oiarzabal

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Euskal Herria orografikoki menditsua da eta ondorioz, ez da harritzekoa gure artean mendigoizaletasun afizioa handia izatea. Gainera, erronkei aurre eginez lorpenak eskuratu dituzten euskal izen ugariz dago idatzita euskal mendizaleen historia.

Juanito Oiarzabal Urteaga dugu horietariko bat. Gasteizen jaio zen 1956ko martxoaren 30ean, eta gaztetan deskubritu zuen mendiarekiko pasioa. Nahiz eta txikitatik aitarekin mendira, perretxikotara, arrantza egitera edota bestelakoetara joan, 14 urte zituenean momentu berezia bizi izan zuen anaiarekin Eginora (Araba) eskalatzera joan zenean, eta paretak igotzeko afizioa haziz joan zen arabar gaztearengan.

Bazituen bestelako zaletasunak ere, espeleologia kasu. Baina alpinismoak harrapatuta, poliki–poliki inguruko tontorrak igotzeari ekin zion, haien murruetan gora egiten eta hala, esperientzia barneratzen hasi zen. Laster joan zen Alpeetara eta 18 urte zituela Mont Blancaren gailurreraino iritsi zen.

Geroz eta altuera handiagoko mendiak igotzea proposatu zion bere buruari, eta Juanitoren berezko burugogorkeriak xedeak lortzen lagundu zion. Hala, arabarra zortzimilakoen bila hasi zen; Cho–Oyu, 8.201metroko garaierarekin, izan zen bere lehenengoa eta 1985ko maiatzaren 15ean iritsi zen tontorrera eta ordutik hainbat espediziotan hartu du parte Oiarzabalek.

Hala, 1987an Gasherbrum II igo zuen(8.035m); 1992an Nanga Parbat (8.125m); 1993an Everest (8.848m); 1994an K2 (8.611); 1995ean Makalu (8.465), Lhotse (8.516m) eta Broad Peak (8.047m); 1996an Kanchenjunga (8.586m); 1997an Manaslu (8.163) eta (8.068m); 1998an Dhaulagiri (8.167m) eta Shisha Pangma (8.046m); 1999an Annapurna (8.091); 2001ean Everest, oxigeno gabe; 2002ean Cho Oyu; 2003an Gasherbrum II, Hidden Peak eta Cho Oyu; 2004an Ama Dablan (6.656m) eta K2; 2008an Makalu eta 2009an Kangchenjunga.

Bera izan zen 14. zortzimilakoa lortzen munduko seigarrena, eta 1999ko apirilaren 29an Annapurnako tontorrera iristean lortutako titulua harro darama euskal mendizaleak.

Momentu ederrak bezain gogorrak ere bizi izan ditu gasteiztarrak bere abenturetan. Lagunak utzi ditu bidean zoritxarrez; izotz sintomak eduki ditu; helburua ez lortzearen sentsazioak behin baino gehiagotan hartu du arabarra. Baina tontorrera iristearen bizipozak aurrera jarraitzeko indarra ematen dio.

Bere lanarengatik sari ugari jaso ditu Juanito Oiarzabalek. Besteak beste, Marca egunkariak urteko pertsonaia izendatu zuen 1999an; Eusko Jaurlaritzak Euskaldun Unibertsal izendatu zuen 2000.urtean; eta Cristóbal Gabarrón Fundazioak Kiroletako Nazioarteko Saria eman zion 2005ean.

Bestalde, bere bizipen eta ezagutzak liburu formatuan ere publikatu ditu Juanitok, Buscando las catorce estrellas (1997), Los 14 ochomiles de Juanito Oiarzabal (1999), Conversaciones con Juanito Oiarzabal (2001), El Everest de Juanito Oiarazabal (2002), Juanito Oiarzabal y el Anapurna, crónica de una cima radiofónica (2004), El placer de alcanzar la cumbre (2005) eta Los Pirineos de Juanito Oiarzabal (2006).

Guzti horretaz gain, kamera aurrean ipini eta telebista saio ezberdinetan ere parte hartu izan du, hala nola, Al Filo de lo Imposible –bere 14. zortzimilako grabatu zuen programa– edota El Conquistador del Fin del Mundo izenekoetan.

Urte mordoxka daramatza mendizaletasuna praktikatzen, baina oraindik ere, indarra geratzen zaio abentura berriei ekiteko. Hala, 2010.urtean ekingo dio bigarrengoz hamalau zortzimilakoak igotzeari.