525 Zenbakia 2010-03-19 / 2010-03-26
Biharamuneko pilula hartzeko unea da. Esan nahi da: Emakumearen Nazioarteko Eguna (martxoak 8) eta Emakumeen Mundu Martxa (martxoak 8–13) atzean utzi ondoren, genero–ikuspegiaren pastilatxoa berriz ere (eta behin eta berriz) xurgatzeko garaia da, baldin eta aldarrikapen egun arrakastatsuok eta gero, arreta lasaitu eta patriarkatua eta bere seme kuttuna, matxismoa, oharkabean gure erraietan ernatu nahi ez baditugu.
Izan ere, luzea baita patriarkatuaren itzala; alegia, gizona ardatz, emakumea gizartearen ilunpetara alboratzen dituen egitura sozial, politiko eta ekonomiko menderatzailearen itzala. Eta, gutxi balitz, patriarkatuarena ez da emakume gazteek jasan behar duten laiotz bakarra: helduzentrismoaren itzalari ere (helduak ardatz dituen egitura sozio–ekonomikoari, hain zuzen) aurre egin behar diote. Bi hitzetan: bikoitza da emakume gazteek, emakume eta gazte izateagatik, jasaten duten diskriminazioa.
Aukera ezberdintasun hori, falta bikoitz hori, egunero–egunero antzeman daiteke. EGKren sei–hileroko aldizkariaren azken aleak, Ahotik At 7–ak (www.egk.org webegunean eskuragai), bekatu bikoitz horien emaitzak aztertu ditu. Hona hemen lagin batzuk:
Estatu espainiarreko enpleguaren gazte behatokiaren (OBJOVEM) azken datuen arabera, 18 eta 34 urte bitarteko emakumeek adin bereko gizonezkoek baino 3.400 euro gutxiago kobratzen dute urtean, hau da, 300 euro gutxiago hilero.
Soldata–ezberdintasunarekin oso lotuta, etxebizitzarako sarbidea ere ezberdina da batzuentzat eta besteentzat. Gizonezko gazteek, etxebizitza libre bat bakarrik erosteko, bere soldataren %81,5 eman behar badute, emakumezkoek egin behar duten ahalegin ekonomikoa oraindik gogorragoa da: soldataren %99,5a eman gastatu behar dute baldin eta etxe libre bat bakarrik erosi nahi badute. Hori gutxi balitz, beraiek dira gehiegizko–kualifikazioa gehien pairatzen dutena; hots: okupatzen dituzten lanpostuak ez datoz bat bere formakuntza–mailarekin. Mutilen %13ak sufritzen du desdoitasun hori; nesken kasuan %21,3ak pairatzen du
Baina ezberdintasunak ez dira baldintza–materialetara bakarrik mugatzen. Patriarkatuak egotzi dizkigun rol–ak errepikatzen dira eta, ondorioz, emakume gazteek ez dute oraindik dagokien presentzia eremu publikoan. Ildo honetan, Gazteriaren Kontseiluak autokritika jarduera egiten du; izan ere, emakume gazteak gazte elkartegintzaren oinarrian gehiengoa badira ere, gizon gazteek baino presentzia eskasagoa baitute zuzendaritza–organoetan. Indarkeria sexista
Gizonen mesedetan egiten den sexu bereizkeriaren emaitzarik gordinena indarkeria sexista da, baita nerabe eta gazteen artean ere. Kezkagarriak dira datuak: Espainiako Gazteriaren Erakundearen (INJUVE) azken zenbakien arabera, urruntze–agindua lortu dutenen biktimen ia %40a eta erasotzaileen lautik bat 30 urtetik beherakoak dira.
Zerrenda ez da hemen amaitzen: emakume gazteak “estetikaren tirania” gehien jasaten dutenak dira: SECPRE –Espainako kirurgia plastikoaren elkartearen datuen arabera, ebakuntza egiten dutenen %40a 19 eta 21 urte bitartean dituzten neskak dira. Horrez gain, sexualitate eredu falozentriko eta heterosexualari aurre egin behar diote. Eta oraindik gehiago: gizonezkoen neurrira (bere anatomia, gaixotasun, minen eta erreprodukzio–eskubideen neurrira) diseinatutako osasun–sistemari aurre egin behar diote ere, bai eta gizonezkoen arabera marraztutako hirigintzari ere (produkzio–lana erreprodukzio–lanaren gainetik jartzen duena, emakumeentzat segurtasun–eza eraikitzen duena, kaleak batik bat gizonezkoen izenekin bataiatzen dituena...).
Arazo nagusia diskriminatzen gaituen matxismoa hautemateko dugun zailtasuna da. Berdintasun formalaren ondorioz (legeak, behatokiak, defentsoriak, berdintasun planak...), emakume gazte askok ez dugu benetan izatez pairatzen dugun aukera–ezberdintasuna antzematen. Argia piztu dute planok, legeok eta behatokiok; baina nolabait ere, itsutu egiten gaitu egoeraren ilunak antzemateko orduan.
Guztiarekin, bikoitza da emakume gazteak gerizpera alboratzen dituen itzala, baina, horregatik, bikoitza ere piztu dezaketen argi berria.