494 Zenbakia 2009-07-10 / 2009-07-17

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Alvaro Arrizabalaga. (Arkeologoa): Lezetxikin 150.000 urte egin dugu atzera

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Testu eta argazkiakBideoaren edizioa: Andrés ESPINOZA

Alvaro Arrizabalagak hamarkada bat baino gehiago daramatza Arrasateko Lezetxiki aztarnategian indusketak egiten. Uztailaren 2an elkartu ginen berarekin historiaz betetako tokia bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Arkeologarekin batera gazte koadrila bat zegoen, bai euskaldunak eta baita estatu mailakoak ere, Salamanca edo Madriletik etorritakoak besteak beste. Ikerketetarako erakargarri, Lezetxikiren gainean pixka bat jakiteko baliatu dugu indusketa goiz bat.

Ez zara arkeologia munduan hasiberria, ezta?

Ez, 14 urterekin hasi nintzen oker ez banago, badaramatzat beraz ia 30 urte honetan, hori bai, maila ezberdinetan. Bestalde, Historia ikasi nuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta doktorego tesia 1995ean egin nuen; ordutik irakasle lanetan dihardut.

Bestaldetik, arkeologia lan ugari egin ditut urte guzti hauetan, batez ere Gipuzkoa mailan eta normalean Aranzadiren eskutik. Hasieran laguntzaile moduan ekin nion eta 1985ean aurreneko zuzendaritza kargua hartu nuen. Garai hartan lehenengo indusketa garrantzitsuak egin genituen Arrasateko Labeko Koban –1987–88 artean– eta ondoren beste asko eta asko etorri dira, Lezetxikikoa, Irikaitzekoa, Jaizkibelenere gauza batzuk egin ditugu... Urte batzuk badira bai, hasi nintzenetik!

Lezetxikin gaudenez, hitz egiguzu toki berezi honi buruz.

Aztarnategi “amerikano” bat dela esango nuke, hau da, eskala arazoak dauzkagu, dena oso handia baita; normalean garai horretako aztarnategiak txikiagoak izaten dira. Datuak honakoak lirateke: bederatzi metro luze dituen sekuentzia estrategrafikoa da eta gaur egun, ehun eta hogei metro koadro daukagu zabalik, hots dimentsio handiko aztarnategia dela. Horregatik, 1996an sartu ginenean bagenekien denbora dezente emango genuela hemen eta horretan dihardugu.

Oso gogorrak izan ziren aurreneko urteak, benetan. Ia antzua zen goiko maila arkeologikoetan, baina geroz eta beherago induskatu heinean, orduan eta interes handiagoko aztarnekin egiten dugu topo zorionez.

Oraintxe bertan, gutxi gorabehera duela 150 mila urtetako maila arkeologiko batetan gaudela kalkulatzen dugu. Leizetako hartzen aztarnez beteta dago, hemen hil ziren eta oso–osorik daudela esan genezake. Eta horrekin batera gainera, harrizko hainbat tresna agertzen dira eta honek argi adierazten digu gizakiak ere bere eragina eta presentzia eduki zuela.

Zirraragarria benetan! Bestalde, Lezetxikira etorri zen aurreneko ikertzailea Joxe Miel Barandiaran izan zela entzun dut.

Joxe Miel Barandiaran XX. mendean zehar Euskal Herri mailako ikerketa arkeologikoaren bizkarrezurra izan zela esango nuke, bai behintzat 70. hamarkadara arte. Euskal Herriko historiaurrea bere lanaren inguruan egituratzen da. Kontuan hartzekoa da 70 urtez lan arkeologikoetan murgildu zela eta aldaketa nabarmenak egon zirela denbora horretan zehar metodologia arkeologikoari dagokionez. Baina Joxe Mielek beti garaira egokitzen zuen bere ikertzeko modua. Gainera, Iberiar Penintsulan erabiltzen ziren ikerketa metodoak baino aurreratuagoa zegoen, bera erbestean egon zenean, Frantziako arkeologiako ikerlari oso onak ezagutu eta haietatik ikasi baitzuen.

Bueltan, Lezetxikiko aztarnategi honetara etorri eta 1956 eta 1968 urte bitartean ordura arte estatuan inoiz aplikatu gabeko bideak erabili zituen. Baina logikoa denez, denbora pasa ahala gauzak zaharkituta geratzen dira eta Joxe Mielen ikerketekin gertatu bezala, gureek bide bera jarraituko dute, hori bai, ziurrenik abiadura handiagoan. Ezen gurea jarduera teknifikatua denez, hamarkada pare batetan orain pentsaezinak diren baliabideekin topo egiteko aukera handia baitago!

Eta zenbat ikasi da Barandiaranen garaitik?

Gauza asko aurkitu zituen berak. Gu askoz eremu txikiagoan gabiltza lanean baina hala eta guztiz ere, aurkikuntza garrantzitsuak egin ditugu. Egun pixka bat hobeto ezagutzen dugu bai kronologia, bai aztarnategiaren eratze nagusia eta maila bakoitzaren kronologia klimatikoa, hots, garaiak zer–nolako baldintza klimatikotan eman ziren.

Nik uste oro har, oso ongi osatzen direla Joxe Miel Barandiaranek eta guk egindako lanak eta hori da helburua azken finean. Ezin dugu pentsatu haren atzetik gatozelako guk askoz hobeto egingo ditugula gauzak; hain zuzen alderantziz izango da, gure lanak ez dira bereak bezain aurreratuak izango.

Joan gaitezen prozedurara. Zein da aurkikuntza bat egin eta jarraitu beharreko bidea?

Oso luzea izaten da. Hemen soka batzuk daude zintzilikatuta, eta berun batzuk dituzte amaieran; hauek metro koadroak markatzen dituzte eta bakoitzak bere izena dauka. Sedimentu–meta zutabe bat egituratzen du koadroak eta sakoneran behar diren metroak izaten ditu, gaur seigarrenean gaude.

Objektu bat aurkitzen denean, koordenadak hartzen dira metro koadroaren arabera. Ondoren garbitu eta bildumatu egiten da eta jarraian txinatar tintarekin objektu bakoitzaren gainean erreferentzia bat idazten da, ehun urte barru gauza bakoitza zehatz–mehatz non aurkitu zen jakiteko; bide batez, horren bidez hiru dimentsiotako berreraiketa egin dezakegu. Gero, mailaz maila sailkatu eta deskribatzen ditugu objektu horiek –izan ere, nolabaiteko bateratasun kronologiko eta klimatikoa daukatela suposatzen da. Gure helburua esanahi diakronikoarekin bidez, 150 mila urteko sekuentzia horretan nolako bilakaera klimatiko, fisiko, teknologiko, kultural eta abar egon den definitzea da. Lezetxikin indusketak egiten.

Lan asko bai, baina ez zara bakarrik etortzen aztarnategira ezta?

Gazteez osatutako taldeak etortzen dira Lezetxikira; aurten toki askotakoak ditugu: euskaldunak, madrildarrak, Salamancakoak... Gaur egun leku gehienetan, bi motatako arkeologia egiten da; alde batetik, arkeologia programatua deitzen dena dugu eta proiektu bat udan garatzean datza. Bestalde, premiazko arkeologia daukagu eta mota honetako arkeologiak, edozein lan publiko zein pribatuk eragindako kalteak gutxitzea du xede eta urteko edozein sasoitan egiten da.

Gurea aurrenekoa da, programatua. Inork ez du ezer kobratzen, baina horrek ez du esan nahi gure lanak premiazko arkeologiak baino profesionaltasun gutxiagorekin burutzen ditugunik, ikerketak zer–nolako kalitatez egiten diren neurtzen baita profesionaltasuna.

Bestalde, udako hilabeteez baliatu behar gara bai irakasleon eta baita ikasleen opor garaia delako. Hala, ikasketa praktikoagoak burutu nahi dituzten hainbat unibertsitateko ikasle etortzen dira. Gainera, gure Euskal Herri honetan uda garaian eguraldi hobeagoa egiten du; euriak logistika aldetik antolatzeko arazo txiki bat suposatzen digu maiz, ateri dagoenean hobeto moldatzen gara.

Eta zenbat denboraz egiten du lan arkeologia programatuko taldeak?

Normalean indusketa bakoitzean hiruzpalau astez lan egitea planifikatzen dugu. Esaterako, Lezetxikin amaitu, eta hamar egunetako etenaren ostean, berriro hasiko gara Zestoan, Irikaitzeko aztarnategian, eta han beste hiru astez.

Talde anitza da aurtengoa, eta nahiz eta batzuek Historia edo Geologia ikasten duten, ez da beharrezkoa horrelako ikasketarik edukitzea...Ala bai?

Noski ezetz! Gainera oso aberasgarria da denontzako, izan ere, badirudi Arkeologia maila akademiko gorenean egiten diren argitalpen batzuk direla soilik. Aniztasun honekin zientzia hau gizarteratzea ere badugu helburu; oso lagungarria da. Gainera, zaletasuna edo egiten den lanarekiko interesa edukitzea da garrantzitsuena, ezbairik gabe. Bestalde, Lezetxikitik urte guzti hauetan titulazio denetako ikasleak pasatu dira: ingeniaritza, medikuntza, zuzenbidea, geologia, biologia...

Zaletasuna diozu. Baina lan gogorra al da?

Gogorra ez dakit, baina pazientzia asko eskatzen duen ogibidea da. Gauza orokorrak nahiko azkar ikasten dira interes pixka bat jarriz gero. Bestalde, mendekotasuna sortzen duen lana da. Lehenengo urtean 150 mila urtez zure eskuen zain egon den objektu bat aurkitzen baduzu, guztiz harrapatuta geratzen zara. Eta zerbait aurkitu dutenek portzentaje handian errepikatzen dute.

Horren harira, gogoratzen al duzu zure lehenbiziko aurkikuntza?

Bai, bai! Nik uste 1980ko urtarrilaren 6an izan zela Oñatiko kobazulo batetan. Ordutik harrapatuta nago guztiz, zer esango dizut! Bestalde, komentatu nahiko nuke luxu bat dela horrelako indusketak egiteko aukera edukitzea. Lehen aipatu dudan lez, ez da ordaintzen indusketatan aritzeagatik, baina noski, kostu bat daukate proiektu hauek eta diru–laguntzei esker eramaten dira aurrera –pribatu zein publiko. Hau, ez litzateke beste leku askotan posible izango, munduko hainbat tokitan primarioagoak diren beharrak asetzeko erabiltzen baitute dirua.

Amaitzeko, Lezetxikitik gertu Abiadura Handiko Trena pasatzeko proiektua egon zen...

Eta dago, hona etortzeko bidean dauden lan guztiak baitira AHT eraikitzeko. Aurreproiektua aurkeztu zutenean bailara honetara sartu eta Lezetxikirekin batera beste sei aztarnategi hondatzen zituen ibilbideak; horrelako zirriborroak egiterakoan ez dira kontuan hartzen xehetasun horiek. Zorionez garaiz ibili ginen alegazioak jartzeko; onartu egin ziren eta desbideratu egin zuten trazadura. Gaur egun lanean dabiltza eta aztarnategitik 200 metrotara igaroko da trena. Noski, ez da egoera onena, lehengo status quoa edukitzea hobeto litzateke, eta geunden moduan geratu.

Gazi–gozoa da sentsazioa. Antzerako zerbait gertatu zen Labeko Kobaren kasuan, Arrasateko saihesbidea eraikitzen hasi zirenean Diputaziotik koba guztia industeko esan ziguten, eta amaieran leizea txikitu zuten arren, behintzat edukia salbatu ahal izan zen. Orain 21 urte gertatu zen hori eta gaur egun beste modu batean burutuko lirateke gauzak, zalantza barik. Alvaro Arrizabalaga (Oñati, 1965) Gazte-gaztetatik arkeologiak erakarri du Alvaro Arrizabalaga gipuzkoarra. Hamalau urterekin aurreneko aldiz aritu zen lantxo bat egiten eta ordutik ez da geratu. Ikasketez, Historian Doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta 1995ean tesia irakurri zuenetik irakasle lanetan ari da. Eusko Ikaskuntzako Historiaurrea-Arkeologia Saileko lehendakaria izan zen. Aranzanzadirekin ere lan egiten du. Arrasateko Labeko Kobaren ardura izan zuen eta Lezetxikin indusketak egiten ditu udan zehar azken hamahiru urtetatik hona. Zestoako Irikaitz, Jaizkibel eta beste makina bat tokitan ere aritzen da euskaldunon historia ikertzen.