493 Zenbakia 2009-07-03 / 2009-07-10

Euskonews Gaztea

Gaiak: Askeagoak sareari esker?

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Libre: izond. Inoren eta inolako morrontzarik jasaten ez duena, askea

Askok diote teknologia berrien eraginez askeagoak, libreagoak garela. Baina ziur al gaude hortaz? Ez al gaituzte haiek gu kontrolatzen? Badirudi gaur egungo joera teknologia berriekin etengabe kontaktuan egotean datzala. Jende ugari ezin da etxetik telefonorik gabe irten, ezin egun bakar bat pasatu sarean sartu gabe; horrek guztiak suposatzen duenarekin, noski. Argazkia: HikingArtist.com

Aintzat hartu behar ditugu, bestalde, baliabide teknologikoek ematen dizkiguten abantailak. Alde batetik, jendearekin uneoro harremanetan egoteko aukera eskaintzen digula. Adibide bat jartzearren, lehen pentsaezina litzateke Zeelanda Berrian dagoen batekin inongo arazorik gabe kontaktua mantentzea; eskutitza bidali eta erantzunaren zain geratu behar ginen. Orain aldiz, ordenagailua piztu eta sarean klik egitearekin nahikoa dugu.

Beste etsenplu bat. Pentsa oso lotsati eta nahiko bakartia den lagun bat daukazula, eta jendearekin erlazionatzeko arazoak dituela. Sarearen bitartez, alter–ego bat sortzeko aukera du eta normalean izaten duen jokamoldea baino harantzago joatera ausartu eta jendearekin harremanak eduki eta pertsona berriak ezagutzeko adorea aurkitzen duela. Hala, nolabaiteko isolamendutik irtetea lortuko luke. Ezin ahaztu baina, unibertso birtualean gezurrezko errealitate batekin tupust egin dezakeela lagun horrek; gogoan hartu behar baita, sarritan bestaldeko pertsona ez dela berak esaten duen modukoa. Argazkia: Lady-bug Askatasun faltsua

Ikusi berri dugu sareak hainbat alde on dituela –eta ziur aski gehiago izango direla– baina ezin dugu bestaldera begiratu arazoen aurrean. Izan ere, nahiz eta pertsona batek senti dezakeen baliabide honi esker askeagoa dela bera den modukoa izateko, bada arrisku handi bat, eta mendekotasuna dugu hori.

Arestian aipatu bezala, geroz eta lotuago sentitzen gara gure telefono, ordenagailu eta abarrei. Eta hor hasten da afera; hots, izan ditzakezun momentu libre guztiak konektatuta egon beharra sentitzen duzunean, zerbait ez doa ondo.

Interneten “askatasuna” aurkitu duen lagunaren adibidearekin jarraituz, aldarte txarrean jartzen bada sarean nabigatzeko –edota telefono mugikorra erabiltzeko!– aukerarik ez duelako, hori ere menpekotasunaren seinale duzu. Eta zer esanik ez, sare sozial birtualeko lagunen inguruan galdetu eta gezurretan hasten dela ohartzen bazara. Azken zantzu gisa, lehen baino bakartiago bihurtzen ari dela.

Noski, guzti hori ez da bost minutuan ematen, eta egunero hamar minutuz aisialdi modu hau kontsumitzeagatik halakorik gertatu behar denik ez dugu esan nahi. Baina benetan harrapatu zaitzakeen tresna dela ere ezin dugu ahantzi.