492 Zenbakia 2009-06-26 / 2009-07-03
Nork pentsatuko zukeen garai batean euskarazko filmak egingo zirenik? Eta nork horrenbeste zuzendari gazte egongo zenik? Zorionez, eremu hauetan aurrera egin da eta adituen esanetan, euskal zinemagintzaren egoera azken urteetako onenetariko da.
Izan ere, 80ko hamarkadan booma bizi izan zuen euskal zinemak, baina denborarekin gauzak moteltzen joan ziren eta euskaraz eginiko azken pelikula 1992an grabatu zuen Koldo Izagirrek –Off–eko maitasuna–, harik eta Aupa Etxebeste! 2005ean publikoarengana iritsi zen arte. Urte berdinean aurkeztu zuten Kutsidazu bidea, Ixabel (2005) eta ondoren Eutsi! (2007) edota grabatu berri duten Axun eta Maite luzemetraiak iritsi ziren, besteak beste.
Poliki–poliki geroz eta film gehiago burutzen dira euskaraz, eta badirudi zinemagileek bizi duten egoera duela hainbat urtetakoa baino errazagoa izan, beste arrazoien artean, diru–laguntza gehiago eskuratu ditzaketelako. Pausoz pauso
Baina zer–nolako urratsak eman behar ditugu film bat grabatu nahi badugu? Kasu honetan, hasieratik amaierarako prozesuaz arituko gara.
Aurrena, behar–beharrezkoa dugu egikaritu daitekeen ideia bat buruan bueltaka edukitzea; hori lortzeko edozertan jarri dezakegu arreta. Nork daki, agian autobusean gure aldamenean esertzen dena izan daiteke istorioaren muina! Ondoren, ideia hori garatzen joan behar dugu, gure proiektuaren nondik norakoak finkatuz, hots, istorio bat idatziz. Baina ezin gara gehiegi fidatu eta jakinaren gainean egotea ona da desesperatu ez gaitezen: aurreneko zirriborroak ez du balioko, ziurrenik makina bat aldiz aldatu beharko baitugu! Argazkia: pato garza
Behin gidoia osatuta, gure pelikula ekoiztuko duen produkzio etxe baten bila hasi beharko ginateke. Eta ez da erraza izango, horren industria txikia dagoen herrian, ekoizleek ehunka gidoi jasotzen baitituzte. Beraz, derrigorrez hara eta hona mugitu beharko gara gure lana mahai gain batetan eta hautsa hartzen garatu ez dadin.
Ekoizlea edukita, gure proiektuan inbertitzeko sosak beste leku batzuetatik eskura ditzakegu; diru–laguntzen kasua litzateke. Eta horien atzean dauzkagu beste batzuen artean, bai Eusko Jaurlaritza eta baita ETB ere. Gainera, azken urteetan euskara sustatu nahian, laguntzak handitzen joan dira hizkuntza horretako filmak egin nahi dituztenentzako. Ezin alde egiten utzi beraz, erakundeek eskaintzen duten aukera.
Behin grabaketetarako baimen guztiak eskuratuta, filmatzen hasteko unea iristen da. Eta euskal profesionalen kasuan, ahalik eta gehien aurrezteko joera egoten da, gogoratu behar baitugu diru–kopuru mugatua dugula. Baina beti ere, baldintza duinetan lan egitea bermatu behar dugu.
Ados, produkzio osteko lana burutzea egokitzen zaigu behin filmaketa osoa amaituta. Eta gainera, askotan emaitza izango denaren uste bat edukitzen da, eta errealitatean, bestelako fruituak eman ohi ditu muntaketaren osteko lanak. Promozio eta baita banatzaile onarekin, gure filma zinema–aretoetan pantailaratzea lortuko dugu kasurik onenean.
Sormena, originaltasuna, trebezia eta lanerako gogoa funtsezkoak dira, ez baita erraza film bat hasieratik amaierara sortzea. Labur edo luze, euskarazko pelikulek ez daukate beharko luketen lekua gure artean; maiz beste hizkuntzatan errazagoa delako baztertu egiten dira gure hizkuntzan burutu litezkeen egitasmoak.
Animatzen al zara erronkari heltzen?