491 Zenbakia 2009-06-19 / 2009-06-26

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Txema Okiñena. (Oiongo San Bizente Ikastolako zuzendaria): Arabar Errioxako olioak ez dauka Jerezekoari inbidiarik eduki beharrik

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Familia giroa gustuko du Txemak eta lanean ez dagoenean haiekin igarotzen du ahalik eta denbora gehien. Izugarri maite du itsasoa eta kostaldera ihes egiteko edozein aitzakia izaten da ona nafar honentzat. Logro?on bizi da, baina Arabar Errioxako Oion herrian du lantokia; San Bizente ikastola zuzentzen du eta beste betebehar batzuekin batera, azken urtea 2009ko Araba Euskaraz antolatzen igaro du. Berarekin mintzatzeko aitzakia ikastolaren aldeko festa izan arren, ardoaren lurraldea baino zertxobait gehiago den eta askorentzat ezezaguna den euskal txoko hartako egoeraz jabetzeko modua topatu dugu elkarrizketa honen bitartez.

Etxalekuko gazte bat Oionen. Nola iritsi zinen bertara?

Izan ere, Logro?ora joan nintzen unibertsitate ikasketak egitera; aurrena Kimika ikasi nuen, eta ondoren Musika irakasle izateko ikasketak egitera animatu nintzen. Azken kurtsoan praktikak egin behar ziren sei hilabetez ikastetxe batetan. Nik orduan, ez nekien Oionen ikastola zegoenik ere!

Nonbaitetik iritsi zitzaidan ikastolaren berri, eta bertan aurkeztu nintzen ea praktikak beraiekin egin nitzakeen galdezka. Baietz erantzun zidaten, baina orduan Logro?oko fakultateko baimena falta zitzaidan, eta hasieran ukatu egin zidaten. Ziotenez, ezinezkoa zen praktikak euskaraz burutzea beraiek kudeatu egin behar zituztelako eta ez ei zegoen irakaslerik prest lan hori egiteko. Azkenean, mugimenduren bat egon zen eta baimena eman zidaten; 2003an hasi nintzen.

Urte hartan ere Araba Euskaraz ospatu zen; aurtengoarekin zure bigarrena dela esan dezakegu?

Nik uste dut ezetz, aurtengoa dela lehenengoa. Izan ere, praktiketan nenbilenez, albotik ukitu ninduen orduko festak eta ez nintzen askorik inplikatu, egia esan. Aurten aldiz bai, barruraino murgildu naiz eta oso gustura gainera!

San Bizente ikastolan praktikak egitetik zuzendari izatera!

Orain bi urte hartu nuen kargua. Momentu hartako zuzendariari lanpostuaren alde onak zeintzuk ziren galdetu nion, ezen soilik txarrak ikusten bainizkion! (barre) Bere erantzuna behar honetan asko ikasten dela izan zen eta neurri handi batean horregatik eman nuen baiezkoa. Aurten Araba Euskaraz antolatzen ibili garela-eta, urte konplikatua izan da, baina baita polita ere!

Oion mugan dago Errioxarekin. Horrek zuen eguneroko bizimoduan eragiten al du?

Asko eragiten du, zalantzarik gabe. Kontuan hartu, Oion Errioxatik ?Logro?otik, zehatzago esanda- lauzpabost kilometrotara dagoela eta Nafarroa ere beste horrenbestera. Egoera arraro bat sortzen da ondorioz.

Egunerokoari dagokionez, pentsatu behar dugu Oiongo hizkera naturala gaztelania dela eta gure ikasleentzat ia-ia inposatutako zerbait da euskara, ikastolari lotutako zerbait. Orduan, kalera irteten diren bakoitzean eta beraien eremu naturalean murgiltzean gaztelania darabilte. Horrekin egunero lan egitea ez da neketsua, gustura ibiltzen garela esango nuke, baina lan handia eskatzen du. Batez ere, dinamika ezberdinak bultzatu behar direlako, esaterako, euskaraz jolastu edota norbait maitatu edota ligatu daitekeela ulertarazi behar zaie.

Baina zerbait ongi egiten ari garela ere komentatu izan dugu irakasleon artean, tarteka euskaldunak ateratzen direlako ikasle taldeetatik. Hau da, batxilergoa egin eta hiruzpalau urtetara ikastolara bisitan etortzen direnean, euskaraz hitz egiten dutela ikusten dugu eta nolabaiteko harrotasuna sentitzen dugu. Gainera, hemen baditugu ikasle ohi batzuk lanean eta euskara mantendu eta garatu izanak ilusioa eragiten digu.

Orduan, ikastolaren lanaren bitartez Oionen nolabait euskara berpizten ari dela esango al zenuke?

Zalantza barik. Bide batez, 2009ko festarako sortu dugun logotipoarekin horixe sinbolizatu nahi izan dugu; hau da, ikastolak pertsona baten barruan txingar bat jartzen du eta gizarteak sua atera behar du hortik. Eta ikasle ohi horiek sua atera dutela eta euskaldun bihurtu direla ikusten duzunean izugarria da; egindako lanak fruituak ematen dituela ikustearekin gozatzen dugu.

Bestalde, Oionen orain 30 urte kalera irten eta ezin zen euskaraz hitz egin. Gaur egun berriz, farmaziara, okindegira edo beste edozein lekutara joanez gero, bai; nahiz eta batzuetan jasoko duzun erantzuna gaztelaniaz izan, saiatu egiten direla esango nuke.

Arabar Errioxa euskalduna ez dela iruditzen baitzaigu askotan kanpoan bizi garenoi...

Guk beti esaten dugu orain 30 urte ikastola martxan jarri zutenak ez zirela euskal hiztunak, baina beraiek euskara eta euskal kultura berpizteko beharra ikusten zuten. Ikastolaren ideia oso egokia iruditu zitzaien eta halaxe hasi ziren. Orduan hau herri euskalduna al da? Noski baietz!

Hasiera haietara egingo dugu beraz atzera. Bilakaera handia izan du ordutik ikastolak, ezta?

Hala da, eta gauza asko aldatu direla esango nuke, bai onerako eta bai txarrerako ere. Onera, esaterako, geroz eta ikasle gehiago ditugula.

Hasierako urteetan, euskarazko klaseak ematen hasi zirenean, ikastolan aritzeko helduegiak ziren ikasleak eskola publikora joaten ziren arren, beraien gurasoek eskolaz kanpoko ihardueratara San Bizente ikastolara ekartzen zituzten seme-alabak.

Bestalde, hartu kontuan hamar familien artean sortu zutela ikastola 1978.urtean. Guraso sortzaileek dena egiten zuten, itoginak egoten baziren, beraiek ziren konpontzeko ardura zutenak, eta berdin kristalak hausten baziren, esaterako. Horrekin lotuta, txarrera aldatu den gauzetariko bat, inplikazio hori gutxitzen joan dela izango litzateke. Hain zuzen, kooperatiba sortzearekin batera, kontzeptuak aldatzen joan dira. Hala ere, ezin gara kexatu gure gurasoen parte hartzea oso handia izaten ari baita, eta Araba Euskaraz honetan argi ikusten dugu hori.

Bitxikeria gisa, zuen ikasleetariko asko Euskal Herri kanpotik joaten dira Oioneraino ikastera.

Gaur egun 260 ikasle pasatxo ditugu, 165 familiak osotzen dute ikastola, gutxi gorabehera. Asko Logro?otik etortzen dira, hiru autobus hain zuzen; Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzaren artean bi dira eta DBHtik beste bat. Gipuzkoa, Bizkaia eta beste toki batzuetatik Logro?ora lanera joandako dira gurasoak eta beraien seme-alabei hezkuntza euskalduna eman nahi dietela argi daukate. Gainerako ikasleak berriz, Oion eta inguruko herrietakoak dira, hala nola, Moreda, Asa edota Ekoratik jasotzen ditugu neska-mutikoak.

Gaiz alda dezagun. Aurtengoarekin, laugarren Araba Euskaraz ospatuko da Oionen. Zeintzuk dira egun dituzuen helburuak?

Guk gaur egun ez daukagu jantoki propiorik, eskola publikokoa erabiltzen dugu eta horrek beraiei tokia kentzea suposatzen du eta baita gure ikasleak desplazatu behar izatea ere. Egoera deserosoa da, batez ere neguan. Eraikiko dugun jantoki hori, baina, erabilera anitzeko gela izatea gura dugu, hots, bilerak, konferentziak eta abar burutuko ditugu bertan. Bestalde, haurtzaindegia txiki geratu zaigu eta handitzen joateko lanak egin nahi ditugu. Orokorrean, eraikin berri bat jasoko dugu; proiektu handia daukagu eskuartean!

Haurtzaindegia txiki geratzeak etorkizun oparoa iragartzen al du?

Egia esan oso ongi ikusten dut geroa. Nahiz eta DBHko taldeak txikiak izan, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako taldeak geroz eta handiagoak dira eta ikastolak aurrera dihardu. Hori ona da!

Normalean logoetan ikustera ohituta gaudenetatik aldendu zarete aurten.

Bai, izan ere, orain arteko ildoa ahazten saiatu gara; hau da, gutaz ahanzten direla edota ?zazpigarren alaba? garela, guzti hori alboratu eta bestelako mezua eman nahi genuen, baita kantuan ere. Azken batean, mezu positiboago bat zabaltzea zen asmoa.

Orain arteko irudiek mahastiak-eta erakutsi izan dituzte, eta Arabar Errioxan zertxobait gehiago ere badago! Lehiaketa txiki bat jarri genuen abian ikastolan; gauza ederrak ekarri zizkiguten eta erabakia hartzea zaila izan zen arren, oso pozik geratu gara azkenean.

Txingarra ikus dezakegu logoan eta nire iritziz behintzat, modernoagoa da, desberdina eta nahiko ondo adierazten du ikastolaren eginbeharra. Bestalde, logotipo guztiek iraungitze-data dutela ikusteak pena eman zigun. Gainera, logoa berez nahiko estatikoa denez, irudi horretatik abiatuta ikastolarako maskota bat sortzea erabaki genuen, eta modu horretan Gartxo jaio zen. Bere burua logotipoan agertzen den txingarra litzateke eta bere ile edo rastak berriz, sugarrak.

Abestiarekin berdin, denbora luzerako kanta nahi genuen eta besteak beste, ?Araba Euskaraz? ahalik eta gutxien agertzeko ahalegina egin dugu.

Dirua biltzeko produktuak saldu dituzue: arropa, ardoa... eta olioa!

Jendeak ez daki Arabar Errioxan olioa egiten denik eta aurretik komentatu dudan bezala, hemen ardoa baino zerbait gehiago daukagu! Argi geneukan ardoa komertzializatu behar genuela, baina zergatik produktu hori bakarrik? Olioa oso ona dela jakinda, animatu egin ginen saltzera; jendearen erantzunak beldurtu egiten du, izugarri saldu da! (barre) Gainera, erosleen balorazioa benetan positiboa izan da. Gehiago esango nuke, gureak ez dauka Jerezeko oliori inbidiarik eduki beharrik.

Bestalde, azken urte honetan ekologia bultzatzea ere izan da zuen asmoa.

Araba Euskaraz antolatzerako orduan, bi ideia nagusi uztartu nahi izan ditugu: kultur aniztasuna eta ekologia. Aurrenekoari dagokionez, pentsatzen genuen ezin zela soilik euskaldunentzako festa bat izan; denontzako prestatzea ezinbestekoa ikusten genuen, hemengo komunitatea guztiok osatzen baitugu. Hala, kultur aniztasunarekin lotu gura izan dugu, eta euskarak eta baita gainerako hizkuntza guztiek ere zer ospatu badaukatela azpimarratu.

Bestetik, ingurune proiektu batean murgilduta gaude ikastetxe bezala orain dela zenbait urtetatik eta gure ikasleak ekologia inguruan hezten saiatzen gara; horren harira, 2008an eguzki plakak ipini genituen. Eta noski, jai hau aprobetxatu dugu ekologiari bultzadatxo bat emateko. Ibilbidea finkatzerakoan, Oion inguruko gauzarik naturalenak ikusteko aukera eskaintzea izan dugu ardatz eta bestetik, horrelako jaialdietan egiten diren ekimenak burutzea, beste askoren artean, edalontzi berrerabilgarriak eskainiz.

Laburbilduz, sarri biktima gisa ipintzen dugu gure burua euskaren gaineko egoera dela eta.

Eta jokamolde hori alboratu eta lan egitea funtsezkoa da. Ez dago gaizki tarteka atzera begiratu eta izandako zailtasun eta oztopoei so egitea, baina ezinbestekoa da aurrera begiratu eta lorpenak begiztatzea. Maiz irakasleak desesperatu egiten gara batez ere DBHko ikasleak beraien artean jo eta su gaztelaniaz aritzen direla ikustean. Baina badakit gaur egun hemen ikastolan irakasle direnak ikasten zebiltzanean ere, joera berbera zeukatela; 19-20 urterekin kontzientzia piztu zitzaien eta egun bestelako portaera daukate. Urratsak ematen ari gara eta aurrera egiten gabiltza, horixe baita garrantzitsuena!

Eta amaitzeko, administrazioa nola portatzen da zuekin?

Orain dagoen udaletxearen gainean, inplikazio maila ona daukatela iruditzen zait eta bai euskara eta baita Araba Euskaraz ere bultzatzeko ahalegina egiten ari dira. Noski, denok uste dugu zertxobait gehiago egin dezaketela, baina egia da beraien papera ere ez dela erraza. Sustatzen dituzten ekimenak primeran ikusten ditugu! Araba Euskaraz 2009ko abestia, hemen Egitaraua, hemen Txema Oki?ena (Iru?ea, 1976eko ekainaren 13a) Nafarroako hiriburuan jaio zen Txema duela 34 urte; baina izatez, Etxalekuko da, bertan bizi izan baita urte luzeetan zehar. Handik, Logro?ora joan zen ikasketak burutzera eta egun ere, han bizi da. Aurrena, Matematikako lizentziatura egiten hasi zen, baina ez zuela aukera egokia egin ohartu eta Kimika ikastera pasatu zen. Amaituta, Musika irakasle-ikasketak burutzea erabaki zuen. Karrerako praktikak Oiongo San Bizente ikastolan egin zituen, eta azken bi urteotan zuzendari karguan dihardu.