490 Zenbakia 2009-06-12 / 2009-06-19

Euskonews Gaztea

Gaiak: Amaia Segués, saskibaloi jokalaria

ZURRIOLA IKASTOLAko lantaldea

Donostia (DBH 3.maila)



Amaia Segués Donostiako Bera Bera taldean dabil saskibaloian, baina Espainiako selekzioarekin ere jokatzen du. Iaz, 2008an, Polonian ospatu zen Europako txapelketan garaile geratu ziren eta 16 urteko neska gipuzkoarra bertan izan zen.

Noiz hasi zinen saskibaloian?

Zazpi urterekin hasi nintzen Zurriola Ikastolan, kirol aniztasunean: futbola, saskibaloia eta hockeyan hain zuzen.

Zergatik aukeratu zenuen saskibaloia horrenbeste kirolen artean?

Hasi nintzenean hiru kirol egiten nituen lehen esan dudan bezala: saskibaloia, futbola eta hockeya. Baina azkenean saskibaloia aukeratu nuen altua nintzelako eta gainera nahiko ona nintzen! Argazkia: Amaia Seguések utzia.

Zein izan zen zure lehen saskibaloi taldea?

Zurriolan hasi nintzen jokatzen, baina orain Bera Beran jokatzen dut eta oso pozik nabil.

Zer txapelketatan hartu duzu parte?

Txapelketa askotan hartu dut parte, bai nire taldearekin, bai Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako selekzioekin. Bera Berarekin, birritan gelditu naiz Espainiako hirugarren, hain zuzen, kadete eta junior mailetan. Gipuzkoarekin, Euskadiko txapeldunak geratu gara beti, eta Espainiako selekzioarekin, nazioarteko bi torneo eta Europako txapelketa irabazi dugu. Ez daukat kexatzerik!

Zein da zure saskibaloi jokalari gustukoena?

Luis Scola zalantza gabe.

Zein duzu ACB ligako talderik gustukoena?

Dudarik gabe Tau Cer?mica Baskonia da nire talderik gustukoena, eta horren ondoren, Bruesa Gipuzkoa Basket.

Zer sentitu zenuen lehen aldiz Espainiako selekzioak deitu zintuenean?

Aurreko udan izan zen hori, eta poz handia sentitu nuen, baina baita urduritasuna ere. Oso jokalari onekin aritzeko aukera izango nuen eta oso urduri nengoen ni berria bainintzen gauza horietan.

Nolako harremana eduki zenuen zure taldekide eta entrenatzaileekin?

Oso lagunak ginen denak, ia ahizpak bezala; familia handi bat edukitzea bezalakoa da. Eta entrenatzaileekin ere ondo konpontzen ginen, nahiz eta entrenamenduetan oso zorrotzak izan gurekin.

Zenbat lan egin behar izan zenuten Europako txapelketaren mailara iristeko?

Hilabete egon ginen kontzentratuak 2008ko udan, uztailaren 14tik abuztuaren 18ra arte. Lehenengo Bartzelonan egon ginen aste eta erdiz, goiz eta arratsaldez entrenatzen. Gero Frantziara joan ginen torneo bat jokatzera, eta bigarrenak geratu ginen, Frantziaren aurka galduta. Bartzelonara itzuli eta oso momentu gogorra eduki genuen. Han geunden 15 nesketatik 12 bakarrik izango ziren Poloniara Europako txapelketara joango zirenak eta beraz, neska batzuk etxera joan behar ziren. Azkenean 13 aukeratu gintuzten txapelketarako, baina logikoki, batek ez zuen partidurik jokatuko. Argazkia: vecinodelquinto!

Entrenatzen jarraitu genuen eta 3 egun ondoren Italiara bidaiatu genuen beste torneo bat jokatzera. Han min hartu nuen orkatilan, baina ondo jarri nintzen Europako txapelketan aritzeko. Italian horiek egun horiek pasata azkenean Europako txapelketara joan ginen Poloniara, Katowicera. Denak jokatzeko irrikan geunden.

Noren aurka aritu zineten?

Zortzi partidu jokatu genituen txapelketak iraun zituen hamar egunetan. Lehenengo txandan Alemania, Bielorrusia eta Errusiaren aurka lehiatu ginen; denak irabazita, konfiantza handia eman zigun, bai niri eta baita taldeari ere.

Bigarren fasean, Hungaria, Polonia eta Italiaren aurka jokatu genuen. Orduan ere denak irabazi genituen eta finalerdirako sailkatu ginen. Finalerdian Suediaren aurka jokatu genuen. Partidu zaila izan zen, baina bost puntugatik irabaztea lortu genuen gaizki jokatuta ere. Eta finala Italiaren aurka izan zen.

Eta zer moduz azken partidua?

Lo geundela zirudien, 22 puntugatik galtzen hasi ginen, baina iratzarri eta bi puntu azpitik geunden deskantsura iristean. Azkenean 12 puntugatik irabazi eta Europako txapeldun bihurtu ginen! Oso pozik sentitu nintzen momentu horretan.

Zein izan da zure betebeharra selekzioaren barnean?

Hegaleko pibot postuan aritu naiz eta nahiz eta hasieran gutxi jokatuko nuela pentsatu arren, partiduko 21 minutu, 6 puntu eta 8 erreboterekin amaitu nuen. Pozik!

Entrenatzeaz eta jokatzeaz gain, zer egiten zenuten Polonian?

Ez ziguten ezer gehiago egiten uzten, dena kontrolatzen ziguten. Ez genuen turismorik egin, hotelean egoten ginen deskantsatzen, bestela nekatu egingo ginela esaten baitziguten entrenatzaileek eta medikuek. Zer jaten genuen ere kontrolatzen ziguten, eta igande batetan bakarrik utzi ziguten gurasoekin Katowice ikustera joaten.

Sakrifizio handiak eskatzen al ditu kirol honek?

Saskibaloiak denbora asko kentzen dit. Askotan ez daukat denbora librerik lagunekin pasatzeko.

Etorkizunean ere saskibaloian aritu nahiko zenuke?

Nahiz eta saskibaloian jokatzen ahal dudan arte jarraituko dudan, ez naiz horretaz biziko, neska batek ezin du saskibaloiaz bakarrik bizi.

Saskibaloiaz aparte zer egitea gustatzen zaizu?

Irakurtzea asko gustatzen zait. Nire gustuko liburu batzuk hauek dira: Los pilares de la tierra, El médico, El ocho, ...