489 Zenbakia 2009-06-05 / 2009-06-12

Euskonews Gaztea

Gaiak: Nudismoak sortzen dituen deserosotasunak

SAN MARTÍN ERICE, Itziar

Jaso Ikastolako ikaslea (Iruñea)



Gaur egun, nudismoaz hitz egiten dugunean jendea aztoratu egiten da eta are gehiago gorputz biluztuak ikusten dituenean. Nahi gabe, genitalak erakustea sexuarekin lotzen da; izan ere, gizarte honetan agintzen duten aurreiritziak oso barneratuak ditugu. Honek jendearengan deserosotasun ugari sortzen ditu, eta eztabaidak etortzen dira. Argazkia: diluvi

Nudismoaren inguruan hitz egiterakoan asko dira entzuten ditugun aurreusteak. Behin baino gehiagotan entzun dugu, besteak beste, “mesedez, hemen haur txikiak daudela!” eta horrelako hitzak. Horiek ezjakintasunaren eredu dira. Hain zuzen, ikerketa askoren ondorioak guztiz bestelakoak izan dira; azterlanek diotenez, inguru nudista batean hazitako haurrak irekiagoak dira, segurtasun handiagoa dute, beren gorputzekiko hobeto sentitzen dira eta sexualitatea erosotasun handiagoarekin hartzen dute.

Esaterako, AEBko Iowako unibertsitateak egin dituen ikerketek agerian utzi dute nola nudismoa praktikatzen duten gazteek beren gorputzekiko besteek baino auto–estimu askoz ere altuagoa dute.

Bestalde, Marie Louise Boothek, Kaliforniako psikologo profesionalen elkargoko kideak, aurkitu zuen nola haurtzaroan beren gurasoen biluztasunarekin harremanetan egondakoek badutela sexu antsia askoz ere txikiagoa gainerakoek baino. Eta beste alde batetik, Diane Lee Wilson–ek The Wringht Institute–en egindako ikerketarekin ondorio berdinera iritsi ziren.

Hori alde batera utzita, hasieran aipatutakoarekin jarraitu nahiko nuke, sexuarekin egiten den loturarekin, hain zuzen ere. Horren froga da, txikitan haurrak hondartzara biluzik joaten direla maiz eta inork ez du gaizki ikusten. Baina hazten goazen neurrian eta organoak garatzen hasten direnez, orduan bai estaltzen dela gorputza, sexu praktiken arriskua ikusten delako. Eta sexu praktika aipatzerakoan erekzioari egiten diot erreferentzia baita ere. Honen inguruan, orokorrean dauden usteak gehienetan ez direlako zuzenak. Oso–oso gutxitan ematen baitira nahigabeko erekzioak eta gainera edozein momentutan toailarekin estali edo uretan sartu daiteke “arazoa” konpontzeko. Argazkia: Sara Björk

Hala ere hau oso gai subjektiboa da. Izan ere hori da oso barneratua dugun beste aurreiritzi bat; baina hori norberaren arazoa da, guk baitugu begirada zikina, eta, beraz, haiek ez dira errudunak, naturisten edo nudisten helburuek ez dutelako zer ikusirik sexu praktikekin.

Gainera, jende askorengan elizak esandakoak badu garrantzia handia. Honen ondorioz, badaude nudismoa zerbait ezmoraltzat hartzen dutenak ere. Baina elizaren hitza ez da leku guztietan berdina, eta ondorioz, mezuak ez dira leku guztietan berdin interpretatzen. Adibidez, Rio de Janeiroko hondartza batean, duela gutxi egin zen Naturista Kristauen bigarren topagune nazionala. Bertan, Biblia irakurri zuten Adan eta Eva bezala, O Globo egunkariak informatu zuenez.

Amerikako Estatu Batuetan ere, badaude elizak non mezak biluzik ematen diren. Beraien esanetan, jainkoarengandik hurbilago sentitzeko bidea da, jainkoak biluzik sortu gintuelako, eta, gainera, bibliako pasarte batean esaten zuen nola modu xume batean jantzi behar den, eta beraientzat hau da janzteko modurik apalena.

Nire ustez, hausnarketa izan beharko da abiapuntu arazo honi aurre egiteko. Jendeak pentsatu beharko luke zer den benetan gogaitzen duena eta arazoaren benetako sustraira eramango gaitu. Hausnarketa egiteko leku eta momentu guztiak dira aproposak, falta den bakarra norberaren buruarekiko epaiketa hau burutzeko nahia izatea da. Gai hau politikariek eta komunikabideek atera beharko lukete, izan ere nahiko isildua da eta honen inguruan tabu ugari dago.

Honekin, aurreiritziak ezabatuz eta epaiak atzean utzita, nudismoa eta gorputz biluztuak orokorrean beste modu batera ikusiko genituzke, naturaltasun handiagoarekin.

Amaitzeko, laburpen modura esango dut, nire iritziz, nudismoarekiko deserosotasunen errudun aurreiritziak direla, eta horretaz jabetu behar dela gizartea.