487 Zenbakia 2009-05-22 / 2009-05-29

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Katixa Agirre. (Idazlea): Altxorraren Uharteko mutikoa izan nahiko nuke; horiek abenturak horiek!

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Katixa Agirrek utzita

Literatura munduan geroz eta idazle gehiagorekin egiten dugu topo, eta asko gazteak dira. Katixa dugu horietariko bat. Bera gasteiztarra da eta askok Deia, Argia edota Berrian idazten duelako ezagutuko dute. Besteek, publikatu dituen liburuengatik. Aurten, 2009an, ipuin ezberdinez osatutako Habitat izeneko liburua argitaratu du.

Gasteiztarra zara. Zeintzuk dira gustuko dituzun txokoak, eta zein sasoitan nahiago duzu hiritik paseatzea?

Gasteiz oso ondo dago eguraldia ederra denean. Mundu guztia kalean, terrazak jendez gainezka eta umeen algarak. Zoritxarrez, oso urriak dira egun eder horiek. Bestalde, Gasteizko alderdi berdeak oso txalotuak diren arren, ni alde zaharrarekin gelditzen naiz.

Mintza gaitezen ikasketez. Non ikasi zenuen unibertsitatera joan aurretik?

Koldo Mitxelena institutuan ikasi nuen, eta horren aurretik, Miguel de Cervantes ikastetxean.

Ondoren Leioan Ikus?entzunezkoen komunikazioa eta Madrilen Gidoigintza, ezta?

Suposatzen da Ikus?entzunezkoen komunikazioaren barruan gidoigintza ere jorratu beharra dagoela, baina karrera bukatuta, horretan sakontzeko nahia sentitzen nuen oraindik, gainera Madrilen esparru horretan lan egiteko aukera gehiago izango nituela banekien, eta horregatik joan nintzen.

Gainera, EHUn irakasle ere bazara.

Orain irakaslea naiz Ikus?entzunezkoen komunikazio eta Publizitate sailean, bai.

Hala ere idazle gisa ezagun zaitugu. Gogoratzen al duzu noiz hasi zinen idazten?

Txikitatik idazten dut. Egunerokoa ere banuen, baina ez nintzen batere erregularra eta aspaldi utzi nuen. Nahiago istorioak asmatu, edo bizi izandako hori libreki manipulatu.

Sua falta zaigu eta Paularen seigarren atzamarra argitaratu zenituen 2007an. Zure aurreneko bi liburuak batera ateratzeak urduri jarri al zintuen?

Urte hasieran etorri zen lehenengoa, eta urte bukaeran bestea, beraz, ez zen batera izan. Eta bai, urduri egongo nintzen, baina ilusionatuta ere bai. ?

Labetik atera berri duzu Habitat (2009).

Igartza bekarekin idatzitako liburua da, eta behin beka jasota, urtebeteko epean osatu behar da liburu osoa. Hori bai, beka proiektua aurkeztu aurretik, banuen ipuin bat amaituta. Liburuaren ardatza, ipuin guztietan, etxebizitza da, nolako harremanak ditugun bizi garen tokiarekin, zer nolako buruhaustea den gaur egun etxe duina topatzea eta abar... Horrekin lotuta, lana ere agertzen da, eta laneko arazo eta morrontzak.

Egia esan gustura geratu naiz emaitzarekin. Baina aldi berean liburu hori ahaztu eta hurrengo proiektuetan pentsatzeko joera daukat.

Orain arte batez ere ipuinekin erakutsi duzu abilezia. Baina animatuko al zinateke beste genero batekin?

Nobelarekin esan nahi duzu, ezta? Ez diot generoaren kontuari buelta gehiegi ematen. Ideiak etortzen zaizkit burura, eta ideia horiek berez hartzen dute ipuin forma. Halako batean, ideia horietako batek nobela forma har dezake, bai, zergatik ez!

Txikitan kontatzen zizkizuten ipuinetatik, oroitzen al duzu baten bat bereziki? Eta zergatik?

Gogoan daukat amak beti irakurtzen zigula lokartu aurretik. Liburu pila bat irakurtzen zizkigun, eta bereziki gogoan daukadana, La Historia Interminable. Gero nik nire kabuz ere irakurri nuen, eta benetan desiratzen nuen inoiz ez bukatzea.

Eta zein ipuinetako protagonista izan nahiko zenuke?

Altxorraren Uharteko mutikoa. Horiek abenturak horiek! ?

Ba al daukazu idazteko eguneko momentu zehatzik? Eta inspiratzeko modu berezirik?

Ahal dudanean idazten dut, denbora dudanean. Inspiratzeko modurik hoberena idazle onek idazten dutena irakurtzea da. Horiek sortzen dizute idazteko gogoa. ?Nik ere egin nahi dut!?

Idazle batek asko irakurri behar du. Zeintzuk dira gogokoen dituzun idazleak?

Asko dauzkat: Joshn Cheever, Katherine Mansfield, Ian McEwan, Isaac Rosa, Ramon Saizarbitoria...

Egunkarietan idazten duzu, baita aldizkari zein blogetan... Desberdinak beraien artean ezbairik gabe.

Ez dira horren desberdinak, egia esanda. Enkarguz idazten dira zutabeak eta horrelakoak, hori bai, eta gainera karaktere kopuru zehatz batera mugatu behar zara. Gero ematen du zutabeek eta ipuinek errealitatearekin harreman desberdina dutela: zutabean ematen du egia dela kontatzen duguna, literaturan ematen du dena gezurra dela. Eta ez da horrela, askotan kontrakoa da. Baina bat aukeratuko banu, narrazioa aukeratuko nuke, askeago bainabil ipuinak idazten.

Idazle gazte asko dago egun. Konpetentzia edota kulturaren aberastasun gisa ikusten duzu egoera?

Alde positiboak baino ez dizkiot ikusten. Konpetentzia oso ondo dator zeure buruari gehiago eskatzen hasteko. Inguruan erreferentziak eta ereduak izatea ere eskertzen da.

Teknologia berriak direla eta, etorkizun batean paperezko liburuak desagertu eta birtualek garaituko dutela dioenik ere bada...

Funtsean ez dut uste asko aldatuko denik inportanteena: istorioetara engantxatzea, mundu berrietan barneratzea... hori ere liburu elektronikoarekin egin daiteke.

Konta iezaguzu, ba al duzu proiekturen bat buruan bueltaka?

Orain gazteentzako nobela bat idazten ari naiz. Chiapasen kokatuta dago, abentura asko daude, eta argitu beharreko hilketa bat... Horraino kontatu dezaket. Katixa Agirre (Gasteiz, 1981) Arabak hiriburuan jaio zen Katixa 1981eko urriaren 27an.Miguel de Cervantes eta Koldo Mitxelenan ikasi ondoren, Leioara joan zen Ikus-entzunezkoen komunikazioa ikastera. Gidoiak egiten sakondu nahi zuela, eta Madrilera abiatu zen EHUn amaitutakoan. Gidoilari gisa hainbat saiotan aritu izan da; Berrian edota Argian artikuluak idazten ditu; irakaslea da EHUn. Baina batez ere, idazle moduan dugu ezagun.Orain arteko liburuak: Sua falta zaigu eta Paularen seigarren atzamarra liburuak 2007an; Leonardo da Vinci, asmatzailea liburuaren itzulpena 2008an; eta Habitat 2009an.