Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazteek sexualitateari buruz dakitena
BERROIA AZKARATE, Imanol Julen EGUREN, Ainhoa
Aranzadi Ikastolako lantaldea (Bergara)
Jaiotzen garenetik guztiok sexudunak gara. Sexudun izatearen bizipenei sexualitatea deritzo; beraz, faktore biologiko, psikologiko eta sozialak dira, orokorrean plazera eragiten digutenak. Honen barruan barre eta hitz egitea, laguntasuna, konfiantza... daude. Argazkia: ??????ˇ? LOVE ? ˇ?????? (http://www.flickr.com/photos/ 53234844@N00/26402681/)
Sexualitatearen inguruan nahasketa handia dago, jendeak genitalekin eta sexuarekin soilik lotzeko joera izan duelako. Hau sexualitatearen zati bat den arren, lehen esan dugun bezala, gaia askoz zabalagoa da.
Aurreko mendeetan gai tabua izan da; ez zegoen sexuari buruz jarduteko adierazpen askatasunik eta horren ondorioak gazteek jasan izan dituzte, ez baitzuten inongo informaziorik. Gaur egun, ordea, informazio gehiago izanik, gazteen jarrera aldatu egin da.
Hala ere, Hezkuntza, Zerbitzu eta Informazio Zentroko Pilar Laserna zuzendariak dioenez, “oraindik tabu asko dago gure gizartean. Guraso gutxi dira euren seme–alabekin gai honi buruz hitz egiten dutenak. Eskolan ere, heziketa sexualarekin erlazionatutako klaseak izan arren, soilik informazio hutsa da, ez dago inongo orientaziorik”.
Bestalde, jendearen jarrera aldaketa honek, eta honekin batera bat–batean eskaini den informazio guztiak, ondorioak ekarri dituzte gaur egungo gazteen sexualitatean.
Esaterako 2005ean egin zen inkesta batek dioenez, “gazteak informazio hau guztia eskura izateak gehiegizko lasaitasuna ekar diezaieke, eta honek segurtasun neurriak hartzeari uko egitea eragin dezake (prebentzio metodoak)”.
Kontraesana dirudien arren, inkesta honen arabera guztiok ezagutzen ditugu arriskuak eta hauek saihesteko metodoak, baina %36ak ez du, hala ere, antisorgailurik erabiltzen. Eta erabiltzen dituztenen artean, Bravo gazteen aldizkariak egindako inkesta baten esanetan, gazteak antisorgailuak erabiltzeko arrazoi nagusia nahigabeko haurdunaldiak saihestea da, eta ez dira jabetzen, edo ez dute kontutan hartzen, sexu bidez transmititzen diren gaixotasunek ere ondorio larriak ekar ditzaketela.
Hauei buruzko informazioa baduten arren, jarrera axolagabea azaltzen dute horiekiko; hain zuzen, %42k ez dio HIESari garrantzirik ematen. Hala ere, lehen aipatutako gehiegizko segurtasuna edota “niri ez zait gertatuko” horren eragina izan daiteke jarrera honen zergatia.
Datu honek interpretatuz, ikus dezakegu informazio asko izan arren eta arriskuak ezagutu arren, gazte askoren jarrera ez dela guztiz zentzuduna. Hala ere, aipagarria da gaur egun gaia normaltasun handiagoz tratatzen ari dela eta honek ere ondorio positiboak ekarri dituela.