485 Zenbakia 2009-05-08 / 2009-05-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: San Fermin ikastola eta Jesus Atxa

Iruñeko SAN FERMIN Ikastolako lantaldea



San Fermin ikastola orain dela 35 urte hasi zen. Historia luzea izan da geroztik: Argazkia: Luis Azanza

Nuestra Señora de Uxue izenarekin sortu zen 1965. urtean, Pozo Blanco kaleko lokal txiki batetan. Iruñean gerra ostean egin zen lehenengo ikastola izan zen. Ikasle gutxik (64 ikasle eta 3 andereño) osatzen zuten baina denborarekin, gero eta ikasle gehiago zeuden euskaraz ikasteko prest, 308 hain zuzen. Larregi zirela eta, bereizi behar zituztela esan zieten.

Bi ikastetxeen artean izan zen banaketa, batzuk Paz de Ziganda ikastolara bidali zituzten eta besteak berriz, Zizur Txikian erosi berria zen Verbo Divino deituriko seminarioa zegoen lekura.

Ikastola hura aurrera zihoan 270 ikaslerekin eta pixkanaka–pixkanaka irakasle gehiago hasi ziren lanean. Arazo pila bat izan zituzten hasieran; handietako bat Ikastola berriaren izena izan zen, santu baten izena jartzera behartuta zeudelako. Baina Jesus Atxaren eta beste sortzaile batzuen laguntzaz egun batetik bestera ?San Fermin? izatea erabaki zuten. Azkenean, arazo guztiei aurre eginez aurrera atera zituzten proposatutako helburuak. Denbora pasa ahala ikasle kopurua handituz joan zen; berriro ere txiki geratu zen ikastola eta Jesus Atxak erabaki zuen beste ikastola bat sortzea kabitzen ez ziren ikasleek euskaraz ikasteko leku bat izan zezaten. Ikastetxe horri Jaso izena eman zitzaion. Gaur egun San Fermin ikastola 1365 ikaslek, 140 langilek, 95 irakaslek, bestelako zerbitzutako eta administrazioko 25 langilek osatzen dute. Nafarroan 3–18 urte bitarteko ikasketak eskaintzen dituen ikastetxe bakarra da, hots, haur hezkuntzatik unibertsitaterainoko eskolak har daitezke bertan. Jesus Atxa

Jesus Atxa Agirre 1920ko maiatzaren 28an sortu zen Aretxabaletan. Aita Arrasateko Etxaluze baserrikoa zen eta ama berriz, Bergarako Ibratz baserrikoa. Hamalau urterekin –Errepublika garaian– eskola amaituta Durangoko San Jose ikastetxera joan zen, Jesuitengana aitaren erabakiz. Oro har, giro euskaltzalerik ez zuen bizi izan han, baina kontrakorik ere ez. Manuel Lekuona Saria jasotzen, 2003an. Argazkia: Luis Azanza

Belgikara joan zen 1936ko azaroan eta zortzi hilabete eman zituen, aitaren erabakiz, beste Jesuitekin batera. Ondoren Jesuita formazioa Venezuelan jarraitzeko aukera eduki zuen eta hortik Kolonbiara joan zen eta 6 urteko egonaldi luzea eman zuen. Artean, Kolonbian zegoela Caracaseko Euskal giroaren berri izan zuen eta hurbiltzeko gogoa piztu zitzaion.

Caracaseko Euskal Etxera heldu zen. Besteak beste, Ion Oñatibia ezagutu zuen, eta harekin bizitzen jarri zen. Euskal Etxean berak antolatzen omen zituen euskara, dantza, txistu eta abarri buruzko ikastaroak, baita euskaldunek euskaldunekin euskaraz hitz egiteko otorduak ere. Bertan, Argia euskara hutsezko aldizkaria sortu zuen Oñatibiak Jesus Atxa eta beste lagun batzuekin. Lehenengo zenbakia 1936ko Aberri Egunean atera zuten; atal batzuk Caracasen bertan argitaratu ziren eta urte batzuk pasa eta gero New Yorken.

Handik urte batzuetara Euskal Herrira itzuli zen, eta Oñatibiak hainbat euskal idazleekin harremanetan jartzeko eskatu zion Atxari Argiarako idatz zezaten.

Juli Igartzarekin ezkondu zen1953. urtean, eta urte batzuk geroago familia bat osatuko zuten elkarrekin – hiru alaba eta seme bat eduki zuten.

Argitaratze eta banatze lanei eman zien Atxak lehentasuna lehen urteetan baina denboraren poderioz, ikastolak sortzeko mugimenduak indarra eta garrantzia hartzearekin batera, lehentasuna hartu zuen ikastolen aldeko lanak Atxaren jardunean. Adibidez, beste hainbat pertsonekin batera Algortan ikastola bat sortu zuen.

Iruñean zegoela Jorge Cortesek San Fermin ikastola sortu berriaren zuzendaria izatea eskaini zion eta Jesus Atxak 14 urte eman zituen kargu horretan. San Fermin ikastolarentzat pertsona garrantzitsua izan zen, haren sortze prozesuan eta ikastola aurrera ateratzen asko lagundu baitzuen.

Bere erretiro aurreko urteak ikastolan eman zituen traiektoria profesionalari bukaera emanez. Baina jubilatuta egonda ere, beste lan batzuetan aritu zen. Nafarroako ikastolen historiari buruzko dokumentazioa biltzen aritu zen esaterako, eta horretarako, egunero–egunero elkartearen egoitzara joaten zen

Gaixoaldi luze baten ondoren, 2007ko urriaren 23an 87 urte zituela hil zen Iruñean. Hil zen arte beti bultzatu zuen euskara, eta ondorioz bizitzako azken urteetan sari asko jaso zituen eginiko lana eskertuz; horien artean besteak beste, Euskaltzaindiko Ohorezko Bazkide izendatua izan zen eta 2003an Manuel Lekuona Saria eman zion Eusko Ikaskuntzak.