Euskonews Gaztea
Gaiak: Baionako xingarra, Baionako feria
Testua eta argazkiak
Urtero bezala, Aste Santuko ostegunetik igandera, Baionako xingarraren feria iragan da Lapurdiko hiriburuan. Lau egunez, ekoizle eta erosleak gurutzatu dira festa giro batean, eta urteroko xingar ekoizle onenaren lehiaketaren inguruan.
Apirileko bigarren astean ?hilaren 9tik 12ra? Baionako karrikak festaz jantzi ziren. Urtero legez, aste santuarekin batera, Baionako xingarraren feria Baiona Ttipiko karrikez jabetu zen, lau eguneko azoka eta festa erraldoi batean.
Tradizio handia du Baionan xingar feriak, eta aurten ere, jende andana hurbildu da Baionako merkatuaren inguruan ezarri erakusmahaietara, Ipar Euskal Herriko urdaiazpiko ekoizleen mozkinak dastatzera. Eguraldia lagun izanik, beste urteetan baino jende gehiago ikusi ahal izan da aurten, eta anitzetan ez zen batere erraza jendetzaren artean bere bidea egitea.
Baionan, dena festarako aitzakia izaten da, eta xingar feriak festa kutsu handi bat izaten du. Azoka bat baino gehiago, xingarraren eta Ipar Euskal Herriko baserritarren ekoizpenen inguruko ospakizun bat da. Feriak irauten duen lau egunetan zehar ez dira inoiz falta kantuak, txarangak, herri bazkariak.... Noski, azokan ziren erakusmahaietan ekoizpen horiek denak dastatzeko eta erosteko parada izan da: urdaiazpikoa, patea, saltxitxoia... baina baita ardi gasna eta Irulegiko arnoa ere. Xingar onenaren lehiaketa
Baina festaz harago, xingar feriaren hitzordu nagusia, azokaren ostegunarekin antolatzen den urteko xingarrik onenaren lehiaketa izaten da. Aurten 35 izan dira lehiaketan parte hartu duten urdaiazpiko ekoizleak. Gehienak, modu tradizionalean ari diren baserritar txikiak dira, eta lehiaketarako haien piezarik onenak ekarri ohi dituzte. ? Marcel eta Maite Hualde, aurtengo irabazleak.
Aurtengo irabazlea, Aldudeko Poikonea etxaldeko Marcel Hualde izan da. Iaz bigarren postua lortu eta gero, aurten lehen saria irabazi du Hualdek. Aurkeztutako urdaiazpikoa ez da edonolakoan izan. Hogeita zazpi kiloko bi xingar aurkeztu ditu Hualdek, 406 kilo pisatzen zituen zerri batetik lortuak: ?Hogeita hamairu hilabeteko zerri bat zen, Large White ingeles arrazakoa? dio aurtengo irabazleak. Ez du lan ttipia izan zerria hazteko: ?2007ko azaroan hil nuen zerria, eta xingarrek usaiazko 20 egunen ordez, 40 egun pasa zituzten gatzatze prozesuan. Gero, 18 hilabetez izan ditut idortzen?. Hualderen gibeletik, Lekorneko Dominique Bechit gelditu da bigarren, eta hirugarren saria Lekornekoa den Jean?Baptiste Eiherazarrek erdietsi du.
Lehiaketaren ondoren, Baionako xingarraren kofradiak urdaiazpikoaren enbaxadoreak izendatu ditu. Frantziako Gard eskualdeko ardoen kofradiako lehendakaria den Nicole Ebrard, Baionako zinegotzia den Christine Lauque eta Ezpeletako auzapeza eta Ezpeletako piperraren kofradiako kide den Graxi Florence izendatuak izan dira Baionako xingarraren enbaxadore. Gizonei dagokienez, Hernaniko sagardoaren kofradiako sortzailea den Mikel Ruiz Ortiz, eta zerriak hazten dituen Gilles Pecastaing izan dira izendatuak. Baionako xingarra. Erdi arotik heldu den tradizioa
Aspaldikoa da Baiona inguruko eskualdeak xingarrak ekoizteko duen tradizioa. Historialariek, lehen Baionako xingarrak XIV. Mendean kokatzen dituzte. Garaian, eskualdeko ekoizleek Salies?de?Bearneko edo Beskoitzeko gatzarekin gatzatzen zituzten xingarrak. Gero, Baionara etortzen ziren ekoizpenak, bertako portutik Europa osora hedatzeko. Horregatik hartu du urdaiazpikoak ?Baionako xingar? izena. Gaur egun ere, eskualdeko gatzerietan gatzatzen dituzte urdaiazpikoak, Salies?de?Bearn eta Beskoitzen, 600 urteko tradizioari jarraipena emanez.
Xingarraren ekoizpena tradizio handikoa izan arren, azken urteetan Baionako xingarrak bere fama ona galdu zuen. Izan ere, urdaiazpikoak ez zeukan inolako babes juridikorik, eta industria handiek Baionako xingarra izena erabili zuten urte anitzetan haien ekoizpen industrialak saltzeko. Baina egoera anitz aldatu da azken hamarkadan. Orain 10 urte, Baionako eskualdeko ekoizle tradizionalek IGP labela eskuratu zuten, eta araudi zorrotz bat aplikatuz, ?Baionako xingarra? izena erabiltzeko eskubidea lortu zuten. Label horrek, Baionako xingarra babestu du, eta kalitatea gora doa azken urteetan. Salmentek ere gorakada garrantzitsua ezagutu dute, eta inoiz baino sasoikoago dago Baionako xingarra. Lekukotasuna
Cathy Garat (Baionako ferian zegoen GAEC Elizgarai etxaldeko ekoizlea)
Nola pasa da aurtengo feria ?
Biziki giro politean pasa da. Bada zortzi bat urte ferian gaudela, eta iruditzen zait aurten jende anitz hurbildu dela. ? D?sir? Loyatho eta Cathy Garat, Gamartekoak
Zuek gasna ekoizten duzue. Nolaz gasna ekoizle bat xingar ferian?
Egia da ekoizle gehienak xingar ekoizleak direla. Gure kusi bat ere xingar ekoizlea da eta azokan hor zen. Baina azken urteetan Baionako feria handitzen ari da eta geroz eta ekoizpen gehiago badira: gasna, eztia, arnoak, bixkotxak, zerriaren edozein mozkin ere...
Merkatuetan ibiltzeko ohitura duzu. Zer da Baionako feriaren eta merkatu klasikoen artean dagoen desberdintasuna?
Merkatuetako giroaren eta horrelako ferien artean diferentzia handia bada. Festa giro bat bada, jendea heldu da momentu on baten pasatzera, eta festa egitera. Garrantzitsua da ere kontaktua atxikitzeko. Jendea etortzen da, eta galderak pausatzen ditu, jakin nahi du nola lanean ari garen. Guk, gure etxaldean bisitak antolatzen ditugu, eta jendeak interes handia badu. Kalitatea bilatzen du.
Baionako ferian dauden ekoizle gehienak baserritar txikiak dira. Artisautza hori garrantzitsua iruditzen zaizu?
Nire ustez garrantzitsua da. Jendeak geroz eta gehiago kalitatea bilatzen du, eta ekoizle txikientzat ere garrantzitsua da gure ekoizpenak balorizatzea.
Horrelako feriak ekoizleentzat ere aberatsak dira. Gure artean harremanak ditugu, eta elkar aberasten gara. Ikusten dugu jendeak nola lan egiten duen, esperientziak trukatzen ditugu.
Jende anitz ikusi da aurten, nahiz eta krisia aho guztietan izan.
Egia da ez dugula oraindik kexatzeko arrazoirik izan. Nire ustez, kalitatearen alde eginiko apustuaren ondorioa da. Segur da krisia hor dela, eta bere eragina izanen duela, baina kalitatearen alde egiten dugun lanak arrazoin emanen digu.