483 Zenbakia 2009-04-24 / 2009-05-01

Euskonews Gaztea

Gaiak: Elikadura arazoez kezkatuta

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Urteak igaro ahala sukaldeko usadioek transformazioa jasan dute; dagoeneko ez da lehen zena. Agian globalizazioak bultzatutako egoerara iritsi da gure gizartea, baina argi dago elikadura kontuetan gauza askok eta askok aldaeraren bat izan dutela, eta gehienetan, ondorioak ez dira onak izan, hain zuzen. Argazkia: jenny downing (http://www.flickr.com/photos/ jenny-pics/2333063856/)

Zenbait ikerketen arabera, gaur egun elikadurarekin lotutako arazoak gorantz doaz mundu osoan zehar, eta Euskal Herriko kasua ez da salbuespena. “Gorputz perfektuaren” bila dabiltzanen muturreko argaltasun kasuek eta gehiegizko pisua duten gazteen kopuruek kezka eragin dute profesionalen artean, eta ez da gutxiagorako. Txikitan, elikadura ohiturak garatuz hasten gara, nerabezaroan horiek errotzen hasten dira eta geroztik aurrera oso zaila izaten da usadio horiek aldatzea.

Horregatik, oso garrantzitsua izaten da haurtzarotik aztura batzuk finkatu eta ahalik eta dieta orekatuena bilatzea. Izan ere, Hego Euskal Herriko gazteen erdiak baino gehiagok ez daukate izan beharreko pisua; 2005eko ikerketa batek sei eta 18 urte arteko gazteak ikertu zituen eta emaitzen arabera, gehiegizko pisua zeukatenak %12a ziren, gizentasuna %10ak pairatzen zuen eta argaltasuna berriz, ia–ia % 14ak. Arrazoi ugari, arazo gehiegi

Elikadura gorabeherak arrazoi ezberdinengatik eman daitezke. Eragin zuzena du, esaterako, irudiaren gizartean bizi garela eta gure lanean zein bizitza pribatuan arrakasta edukitzeko modua argal egotean datzala. Edo horixe pentsarazten digute zenbait publizitate kanpainek; zoritxarrez, gaztaroan sentiberagoak izaten gara eta mezu horien eragina biderkatu egiten da. Dieta osasuntsu batetik at, anorexia, bigorexia edota bulimia sufritzeko arriskua handitzen doa.

Baina badago adituengan kezka eragiten duen beste egoera bat, eta gizentasun edota obesitatea izango lirateke. Eta hori, gaurko sukalde ohiturak aldatzen joanagatik ematea da ohikoena. Gurpil zoroan erortzen dira milaka pertsona, besteak beste zuntz gutxi, koipe ugari eta ia bitaminarik ez dituzten elikagaiak kontsumituz egunero. Maiz horrelako elikadura dutenei ez zaie lehen begi–kolpean arazoren bat dutenik nabaritzen; baina epe luzera arazoak izateko arriskua handia da. Argazkia: virgirm (http://www.flickr.com/photos/ virgirm/2518671948/)

Normalean gehiegizko pisuaren kasuen atzean jaki motak egoten dira. Ez da orekarik eramaten, eta osasuntsu egoteko probabilitateak urritu egiten dira. Arraina oso gutxi kontsumitzen dute gaur egungo gazteek eta horren ordez, haragiaren gehiegizko erabilera egiten da. Frijitutako jakiak astean lau aldiz baino gehiago jaten dutela diotenak ere askotxo izaten dira, eta bi aldiz jateko gomendioa egiten dute adituek. Lekaleak gustuko ez dituztenez, ez dira kontsumitzen sarritan. Hori bai, zifra gomendagarrietara iristen den jaki mota bakarra pasta da. Jatordu guztiek garrantzia

Zer jaten dugun kontrolatzean dago osasuntsu egoteko gakoetako bat. Baina sarritan, pisua galtzeko jatordu batzuk egin gabe geratzea ohiko joera izaten da; normal–normal egiten dena, baina oker dagoen portaera izango litzateke. Guztiek dute garrantzia, bai gosari, hamaiketako, askari eta baita afariak ere; eta noski, horietan zer jaten den da koska. Ez baita berdina askaltzeko fruta edo gozokiak jatea, opilak edo zerealak gosaltzea edo pizza zein arraina afaltzea.

Geroz eta lehenago ongi elikatzen ikasi, orduan eta etorkizun osasuntsuagoa edukitzeko aukera gehiago izango dugu. Norberaren esku dago zer jan eta zer ez erabakitzea. Eta horrekin batera, kirol pixka bat egitea ez da tokiz kanpo egoten. Mugitu gogoa, mugitu gorputza!