482 Zenbakia 2009-04-17 / 2009-04-24

Euskonews Gaztea

Gaiak: Yuki, Txinatik Mutrikura

MUTRIKUko INSTITUTUko lantaldea

(Prentsa tailerreko ikasleak)



Bere izena izatez Qiu Xiao Jia den arren bere inglesezko izena Yuki da, eta hori erabiltzen dugu gehienetan, egokiagoa iruditzen zaiolako. Orain 14 urte jaio zen Txinako Shen Zhen hiri handian. Horregatik irudituko zaio Mutriku hain txiki.

Zergatik etorri zinen?

Nire aita hemen zegoelako.

Ongi moldatzen al zara hizkuntza aldetik?

Ez oso ondo. Euskaraz eta gaztelaniaz ez naiz oso ondo moldatzen baina ingelesez, aldiz, bai.

Dendara joaterakoan zerbait faltan botatzen al duzu?

Gauza asko, hemen dena desberdina da.

Bitxia iruditzen zaizun hemengo pasadizo bat kontatu.

Hemengo koadrilen kontua. Txinan denak batera ibiltzen dira, nahi dutenean batzuekin eta beste batzuetan besteekin.

Orain momentuan zer daude egiten zure familiakoak eta lagunak?

Orain momentuan Txinan 17:30ak dira eta nire lagunak eskolan daude. Nire ama oraindik ez da lanetik irten.

Zer ordutegi betetzen da Txinako eskoletan?

Goizeko zazpietan eskolara sartu eta 17:30–18:00ak aldera irten; gero zazpietan afaldu eta 14 urtetik aurrera gauaz ere eskolara joaten gara.

Sentitzen al duzu zure herriaren falta?

Bai, hemen nire aitarekin bakarrik bizi naiz.

Nola moldatzen zarete etxeko kontuetan aitak lana egin behar duenean?

Platerak garbitu ezik, nik egiten dut dena.

Nola sentitzen zara zure familia eta lagunak hain urruti daudela jakinda?

Egunean zehar ondo egoten naiz, lagunekin egoten denbora azkar pasatzen delako, baina etxean bakarrik nagoenean beraiekin gogoratzen naiz.

Ze animalia zara zu Txinako horoskopoaren arabera?

Txinako horoskopoa urteen arabera doa, eta ni, 1994koa naizenez, Txakurra naiz.

Guri txinatar asko berdinak direla iruditzen zaigu. Zuri ere gertatzen al zaizu geurekin?

Orain ez, baina orain dela urte bat Mutrikura oporretan etorri nintzenean bai. Oraindik ere, telebistako telenobeletako pertsonaiak ez ditut desberdintzen.

Telebista ikusterakoan umorezko gauzetan konturatzen al zara?

Testu edo elkarrizketa batean bada, ez dut ulertzen; baina umorea irudietan oinarrituta badago, bai.

Idatzizko mezuak bidaltzen al dituzu?

Nire lagun batek telefonoz hitz egin beharrean karta bat bidaltzeko esan zidan, baina nik ez dakit non dagoen Correos eta gainera, txikitatik ez dut oso oroitzapen onik. Gutunak bidaltzen nituen baina ez nuen inoiz erantzunik jaso, nireak ez zirelako ailegatu.

Zer egiten zenuen denbora librean?

Egia esan ez nuen denbora libre askorik. Zapatuetan 8:00etatik 10:00etara eskolara joan behar izaten nintzen matematikak ikastera; 10:00etatik 12:00etara deskantsatu eta 16:30etik aurrera beste aktibitate batzuk egiten nituen. Gauean ingelesa ikastera joaten nintzen eskolara. Igande goizetan atseden hartzen nuen arren, bazkaldu eta gero ikastetxera joaten nintzen Natur Zientziak ikastera, eta eskolatik irteterakoan lanak egin behar izaten nituen.

Eta udan zer egiten zenuen?

Txinan eskola derrigorrezkoa da oporretan. Denbora nuenean nire lagunekin joaten nintzen zerbait jatera, abestera, izozki bat hartzera? Bina udan ere eskolara joatea derrigorrezkoa da.

Nolakoa iruditzen zaizu hemengo moda? Bien arteko desberdintasun handirik sumatu al duzu?

Txinan gehien gustatzen zitzaidan arropa eskolako uniformea zen, lan ordu asko jantzita izaten nuen baina jantzirik gustukoena nuen.

Yun Yang

Ia bizitza erdia pasa du gure artean. Orain 17 urte etorri zen, Ekonomian lizentziatu berri, Negozio–Masterra egitera. Ondoren lau bat urte eman zituen enpresa batetan lanean. Hura utzita, txinera irakasteari ekin zion. CCC ezagunaren txinera metodoa berak sortutakoa da. Horrez gain, Yang Yun izeneko Txinera akademia bat dauka martxan. Bertan hiru urteko umeak, 14–15 urteko gazteen bi talde eta hogei urtetik gorakoak dabiltza. Ikaslerik zaharrena 72 urtekoa du.

Guk, ordea, emakume langile hori itzultzaile lanetan ezagutu dugu. Txinako ikasle etorkinen egokitzapena errazteko urte betez, astean behin, ikasleei laguntzen die eskola eta hizkuntz kontuetan.

Yun Yang, noski, egokitu da hemengo bizimodura, baina gogoan ditu, Euskal Herrira heldu berri zela harrigarri zitzaizkion gauzak. Esate baterako, Txinan ez omen da hezibide onekoa hitz egiterakoan keinu asko eta nabarmenak egitea. Esan beharra dago, halere, horretan ohitu egin dela eta berari ere keinu batzuk –neurtuak, hori bai– itzuri egiten zaizkiola.

Burua ez ukitu

Txinako ume bati gurasoek edo aitona–amonek bakarrik ukitu diezaiokete burua. Hemen, ordea, edozeinek laztan dezake ume baten burua. Oraindik, Yun Yang ez da horretara ohitu.