481 Zenbakia 2009-04-10 / 2009-04-17

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Ainhoa Aguirre. (Sorginen Museoko arduraduna): Sorginen Museoa sekula gertatu ez ziren gertakari batzuengatik hildako pertsonei egindako omenaldia da

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Cederna Garalurek utzia. Egilea:Mikel Rodríguez Larrea

Euskal Herriak garai latzak bizi izan zituen Sorginkeria zela–eta Inkisizioak ezarritako errepresio zorrotzagatik. Gure lurraldeetako zoko gehienetan akusazioren bat edo beste bizi izan zen eta Zugarramurdiren kasua da hori. Bertako kobetako istorioek fama handia izaten jarraitzen dute eta milaka lagun gerturatzen dira urtero jakin–minak deituta. Azken bi urteetatik bisitariek Sorginen Museoa ere topatzen dute Zugarramurdin, modu horretan garai hartako informazio gehiago edukitzeko aukera izanez. Bertako arduraduna da Ainhoa eta berarekin mintzatu gara. EUSKONEWS GAZTEAren asteko gaia Sorginkeria dugu. Zugarramurdin bada honen gaineko museoa... Museoa 2007ko uztailaren 20an ireki zen eta sorginkeriaren afera berreskuratu eta biltzen du, gure inguru honetako mitologiaren, usadioen eta kondairen arloan, beti ere XVII. mendeko inkisizio–prozesuarekin batera. Hala ere, kontatzen digun historia ez da mugatzen 1608–1610 bitartean bizi izan ziren gertakari lazgarrietara –kontuan hartu behar dugu Logroñoko auto–fedea Europako inkisizio–prozesurik handiena izan zela; 2.000 akusatu eta 5.000 susmagarri izan zituen. Urrats bat haratago ematen du, eta jende haien bizimodua zein zen, haien sinesmenak zeintzuk ziren erakusten digu, sorginei buruz dugun irudi folklorikoa eta estereotipatua alde batera utzita. Zugarramurdiko museo eta leizean lan egiten duen taldea. Argazkia: Cederna Garalurrek utzia. Egilea: Mikel Rodr?guez Larrea. Zer eskaintzen diozue bisitariari? Bisitariak udalaren turismo–bulegoa, Nafarroako Gobernuko bulegoen sareko partaidea, topatuko du lehenik eta behin. Xareta eskualdeko ?Zugarramurdi, Sara, Urdazubi eta Ainhoa–, inguruko ibarretako eta Foru Erkidegoko baliabideei eta bisitei buruzko informazio osoa jasotzen duen gunea dugu. Behe–solairuan, harrera eta aurkezpen gune horretaz gain, osatuz joan garen denda bat dugu; aipatzekoa da zenbat liburu dagoen salgai. Erakusketa iraunkorra lehen eta bigarren solairuetan dago, eta horretan eszenografia originalak, ikus–entzunezkoen emanaldiak, eta ukipen–pantailak erabili dira; azken finean, historiaren azterketa zorrotzean oinarritutako interpretazio–bitartekoak, modu erakargarrian aurkeztuak. Ez dugu ahaztu behar kultur eskaintza gure aisialdian jasotzen dugula nagusiki. Hori dela–eta, funtsezkoa da informazioa zentzumenen bitartez jasotzea, gure baitara sartu behar da esperientzia atsegin gisa, eta, ahal bada, gugan jakin–mina piztu behar du, gaiari buruz gehiago jakiteko grina piztu behar du. Horiez gain, erabilera anitzeko bi gune daude: teilatupea eta auditorioa, 68 lagunendako lekua duena. Horretan hainbat aisia eta kultur ekintza egin ditugu, Museoak hartzen duen kultur etxearen eginkizuna betez, eta, aldi berean, herritarrei zerbitzua emanez. Argazkia: Cederna Garalurrek utzia. Egilea: Mikel Rodr?guez Larrea. Eta zeintzuk dira museoaren helburu nagusiak? Zugarramurdiko Sorginen museoak hainbat helburu ditu; azkeneko biek herriarekin zerikusi zuzena dut. Alde batetik, Proiektua Interreg programaren barnean sortu zen, Xareta eskualdeko ordezkariek duela zortzi bat urte egin zuten hausnarketaren ondorioz. Udalerrien arteko lankidetza–ekimen horren helburua izan da baliabide propioak erabiliz eta horiei balorea emanez, eskualde honetan gizartea, ekonomia eta kultura garatzen lagunduko duten tresnak proposatzea. Hau da, ekipoen eta zerbitzuen plangintza egitea, eta ondarea tokian tokiko garapenerako eragile bihurtzea. Zugarramurdiren kasuan, eraikin enblematiko bat zegoen, garai bateko ospitalea, leizetik 300 metro eskasera hain zuzen eta bertan Museoa egin zen. Hau sorginen gaian oinarritzen da eta denok dakigun bezala Zugarramurdi Sorginek eta XVII. mendean hemen bizi ziren gertakizunek egin dute ospetsu. Aunitz ziren gaiari buruz askorik jakin gabe herrira eta leizera –baliabide garrantzitsuenera– hurbiltzen zirenak. Museoaren irekierari esker, 2007an, orain dela 400 urte gertatu zena ezagutzera eman da, bisitariek kobara egiten duten bisita osatze aldera. Neurri handi batean, denborarekin egiaztatutakoaren arabera sekula gertatu ez ziren gertakari batzuengatik hil zituzten emakumeei, gizonei eta haurrei egindako omenaldia da. Zentzu honetan, Museoa herritarren identitatea eta memoria azaleratzen duen formula dugu. Argazkia: Cederna Garalurrek utzia. Egilea: Mikel Rodr?guez Larrea. Baina aurretik esan bezala, kultura etxe gisa ere erabiltzen da museoa. Bertako herritarrak proiektu honen oinarrizko ardatz gisa hartuta, zugarramurdiarren premia soziokulturalen esku egon da hasieratik Museoa; ondorioz, kultur etxe funtzioak ere betetzen ditu. Erran bezala, hasieratik izan da udalaren ardura Museoaren betebeharren barne biztanleei zerbitzu bat ematea. Horregatik, hitzaldiak, antzerkiak, Berako eta Oiartzungo musika–eskolen kontzertuak, margo–erakusketak, Eguberrietan eta inauterietan haurrentzako zine–emanaldiak eta beste ekimen ugari antolatu ditugu. “Udazkeneko erronda” eta “Udaberriko erronda” programa arrakastatsuak Museoko auditorioan egin dira. Horrez gain, herriari buruzko erreportaje bat eman genuen lehenengoz, eta kontu–kontalari bat ere izan dugu. Halako ekimen gehiago sortzea espero dugu. Gainera, herritarrak proiektuaren parte sentitzen dira, eta hau Zugarramurdi promozionatzeko aukera izan dugunean nabarmen gelditu da: Fiturren egon ginen 2008an, Huescako Espiellu dokumental jaialdian, Picurt Lleidako dokumental festibalean, Baluarten ospatu zen turismoko galan... eta ospakizun bakoitzeko akelarre apropos bat antzeztu zuten. Jendeak boluntario moduan parte hartu du orain arte: entseguak egiten, arropak prestatzen... Eta momentu honetan, 2010ari begira, lanean segitzeko animatuak daude. Sorginkeria gaia interesgarria dela ez dago zalantzarik. Baina, zenbat pertsonek bisitatzen zaituzte? Halaxe da, jende asko gerturatzen da hemen gertatutakoak jakiteko asmoz. Hala, Museoari dagokionez, uztailetik abendura bitartetan 10.256 pertsona etorri ziren 2007an eta urtebete beranduago berriz, 18.421. Leizeak bisitatzera berriz, 65.779 eta 56.722 izan zen jasotako bisitari kopurua, 2007 eta 2008an, hurrenez hurren.Urtetik urtera geroz eta lagun gehiago gerturatzen dira jakin-minak deituta, eta oso pozik gaude. Ainhoa Aguirre (Bera, 1980ko otsailak 6) Beran (Nafarroa) jaio zen Ainhoa eta gaur egun ere bertan dauka bizitokia. Donostiako Deustuko Unibertsitatean Turismoa ikasi zuen eta hainbat tokitan lan egin ondoren, gaur egun Zugarramurdiko Garapena SL enpresako gerentea da. Sozietateak Zugarramurdiko Sorginen Museoa, leizeak, eta landetxe gisa birgaitu den errota bat kudeatzen ditu.