480 Zenbakia 2009-04-03 / 2009-04-10
Janire Rodriguez Trapagan bizi den idazle gaztea da. Bertan jaio zen, eta hor euskaldunen kopurua eta euskararen erabilera urria bada ere, Janirek euskaraz idazten du. Hogeita lau dauzka eta batxilergoa Trapagako Burdinibarra institutuan egin zuen; horren ondoren, Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia ikasi zuen. Hortik aurrera, zenbait lan egin ditu, hala nola, poesia, artikuluak... Hainbat poema argitara eman ditu handik eta hemendik, aldizkari ezberdinetan eta, horrez gain, Hatsaren poesia olerki bilduma plazaratu du 2006an. Orain dela egun batzuk Janirekin elkarrizketa bat izan genuen proiektuez, asmoez, interesez eta oro har, bizitzako gorabeherez jakin nahian. Datorren elkarrizketa hau topaketa atsegin haren emaitza da.
Janire, zerk bultzatu zintuen Euskal Filologia ikastera?
Bada institutuan nengoenean zenbait irakaslek animatu ninduten Euskal filologia ikastera, esate baterako, Aliciak, Pilik eta Julianek. Geroago euskaldun zaharrak ziren lagun batzuk egin nituen eta Gernika aldera joaten hasi nintzen. Handik ibiltzeak erakutsi zidan euskaraz bizi daitekeela eta konturatu nintzen momentu hartara arte ez nuela aukera hori eduki, horrek interesa piztu zidan.
Zein izan dira zure lanik garrantzitsuenak?
Ezinaren ekinez egina bertan behera utzitako proiektua izan zen, liburu bat hain zuzen. Euskal filologiako fakultateak Deustuko unibertsitatean 30 urte betetzen zituela eta honen sortzailearen omenez –Gotzon Garate– burutu nahi izan genuen liburua izan zen.
Bestalde, interneten ere zenbait artikulu eta lan argitaratu ditut. Batetik, “Ostertza” izeneko blogean literatura lantzen dut. Wikipedia izeneko entziklopedia askean ere nire artikuluren bat aurki dezakezue. Era berean, wikinobela izeneko proiektuan ere parte hartu nuen. Baina gehien gustatzen zaidana poesia idaztea da.
Horren erakusgai Hatsaren poesia izeneko olerki bilduma dugu. 2005 urtetik, urtero, bertan zenbait olerki argitaratu dizkiote, adibidez, honako hau :
DESAGERTU NAHIKO NUKE “Batzuetan desagertu nahiko nuke. Itsasoa hustu ere egin nahiko nuke, zerua ikutu, haizea koloreztatu, denbora gelditu, sentimenduak menperatu,apurtu diren bihotzak josi, etxea teilatutik eraiki... Baina ezin dut, horregatik desagertu nahiko nuke, horiek guztiak ez daudelako neure esku. Eta ezin dut, ez naiz gai, ez naiz horiek guztiak egiteko gai. Baina, ba al dago horiek guztiak egiteko gaitasuna edukitzerik? Jakitekotan emadazue giltza, mesedez”.
Gai “tabu” bati buruz idaztera ausartu zara noizbait?
Poesiaren bitartez gai tabu batzuk landu ditut... Edo ez dakit, zenbait girotan tabutzat hartu daitekeena, esaterako, politika...
Janireren hitzetan poesia...
Poesia librea da, momentuan burura etortzen zaizun hori inolako beldurrik gabe adieraz dezakezu. Askotan, idazleak baino ez daki benetan zer dagoen idatzitako horren atzean.
Zure ustez nortzuk dira idazlerik onenak?
Ezingo nuke guztietatik bakarrik bat aukeratu; bai ordea, idazlan mota bakoitzetik baten bat aipatu. Poesiari dagokionez, Joseba Sarrionandia eta J.A.Artze gogoko ditut bereziki. Joseba Sarrionandiaren Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak asko gustatzen zait eta Artzeren lana atsegin dut poesian formari berezitasuna emateagatik. Eleberriei dagokienez Gotzon Garate eta Txomin Agirre ditut gustuko.Gotzon Garatek bere bizitzak oparitu digun eleberriengatik eta Txomin Agirre, berari esker herri txiki baten bizimodua ezagutu dugulako.