479 Zenbakia 2009-03-27 / 2009-04-03

Euskonews Gaztea

Gaiak: Norberaren burua ezagutuz

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Inor ez da jakitun jaiotzen eta hori inork uka ezin dezakeen baieztapena da. Gauzak horrela izanki, gure bizitzako momentu asko eta asko ikasten ematen dugu. Batzuetan azkar barneratzen dugu ikasgaia, beste hainbat esparrutan baina, poliki–poliki eta urratsez urrats joatea ezinbesteko kontua izaten da. Horietariko bat da sexualitatea, eta sexu–hezkuntza beharrezko ikasmateriala dugu gure bizitzan; baina ez gara mintzo soilik preserbatiboak nola erabili behar diren azaltzeari buruz, sexu–hezkuntza askoz gehiago baita. Argazkia: *MarySouL* ( http://www.flickr.com/photos/marysoul/2447319742/)

Gazte gehienen bizitzan ailegatzen da momentu bat non sexuak protagonismo handia hartzen duen; neska–mutilek arreta gehiago ipintzen dute telebistan agertzen den pertsona horrengan, edota ikasgelan alboan esertzen den neska edo mutilarengan, edota norberaren gorputzean, zergatik ez? Askotan gurasoak ?helduak orokorrean– egoeraz jabetzen dira, eta maiz beraien aurreneko erreakzioa alarmista izaten da, gazteak–sexualitata–arriskua lotura zuzena egiten baitute eta sarri zer egin ez dakitela geratzen dira.

Hala ere, egoerak ez luke horren beltza izan behar derrigor. Denok jakin beharko genuke –bai guraso, ikastetxe, hedabide edota beste medio batzuengatik– harreman sexualen arriskuak zeintzuk izan daitezkeen. Baina sexu–hezkuntza ez da horretara mugatzen. Sexu hezkuntza txikitatik jaso beharreko zerbait da, eta arrisku eta gaizkiulertu asko ekiditeko balio izango du, baina batez ere, norbera hobeto ulertzeko bidea dela esan genezake.

Adibidez, gurasoengandik jasotzen diren mezuak txikitatik barneratuz gero, aukera handiagoa dago askatasunez bizitzeko. Neska edo mutil izatetik abiatu eta norbera aurkitzera bideratu beharko genuke astia; izan ere bakoitza mundu bat da, denok gara desberdin eta aldi berean eder. Hala, gure sexu bereko edo desberdineko pertsonak gustuko ditugun, gure buruarekin nola sentitzen garen jakitea eta beste makina bat gaiz hausnartzea garrantzitsua izaten da. Adituek honi, sexualitatea esaten diote.

Modu horretan topatuko ditugu gure desirak, eta jakingo dugu benetan zer gura dugun. Eta nahi duguna egiteko aukera deskubrituko dugu. Izan ere, askotan pentsatzen dugu gizarteak jarritako bide eta rolak jarraitzea ezinbestekoa dela. Esaterako, gustuko dudan pertsona bat ezagutzen badut eta berarekin harreman bat eduki, ez da derrigorrezkoa ezer gertatzea, ez da derrigorrezkoa koitorik edukitzea nire lagunek izan dutelako eta nik ez. Nahi badut egingo dut –prebentzio neurriez gogoratuz– baina bestela, nire erritmora joango naiz, inongo presiorik gabe.

Eta txikitatik bai etxean eta baita eskolan ere mezu egokiak jasotzen baditugu, besteekiko errespetua ere lortuko dugu. Edertasun ereduak ere deuseztatu beharko lirateke horretarako, denok baikara desberdinak; bikoteak heterosexual zein homosexualak izan daitezkeela irakatsi beharko genuke, zoriontasuna nonahi aurki baitaiteke... Agian “gazte” eta “ikastea” hitzak bat ez datozen eleak dira askotan; baina kasu honetan?