478 Zenbakia 2009-03-20 / 2009-03-27

Euskonews Gaztea

Gaiak: Korrika badator!

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Iritsi da beste behin ere Korrika Euskal Herrira; oraingo kasuan, Tuteran egingo zaio ongietorria 16. edizioari martxoaren 26an. Hamaika egun iraungo ditu geldialdirik izango ez duen ekimenak eta bi mila kilometro baino gehiagotan, milaka euskal herritarren babesa jasoko du beste behin ere.

Gau eta egun, euri zein eguzki, kaleak euskaltzalez beteko dira hamaseigarrenez euskararen aldeko lekukoarekin batera korrika egiteko. Asmoa, lasterketaren bitartez, gure hizkuntzaren alde batzea da eta bide batez, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) aurrera atera nahi dituen hainbat proiektutarako dirua jasotzea ere antolatzaileen xedeen artean dago.

Aurreneko edizioa 1980an burutu zen eta ibilbidea O?atin hasi eta Bilbon amaitu zuten. Ekimenak oihartzun itzela eduki du urteetan zehar eta horren erakusgarri da iniziatibarekin bat egin eta zapatilak jantzita, harrotasunez hizkuntza zaharra aldarrikatzen duten milaka lagunen presentzia. Ongietorri!

Euskaldun berriak, euskaldun zaharrak, bertakoak eta etorkinak. Denak dira ongietorriak Korrikara, eta halaxe adierazten du 16.edizioak. Ongietorri da aurtengo leloa, “ongietorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira.” Modu horretan, antolatzaileek dei egiten diete administrazio zein erakundeei hizkuntzaren normalizazioa bultza dezaten.

Bide batez, ez dute ahazten euskara galdu baina berreskuratzeko ahalegina egin duten familien borondatea; ez dituzte ahantzi euskara bere egin eta ondorengoei transmititzeko esfortzua egin dutenak. Oztopoak oztopo, aurrera egitean dago etorkizuna, eta gizarteak sarri erakutsi du borondatea Korrikaren bitartez argi geratu baita edizioz edizio.

Hala ere, bi urtetik behin jarrera hori erakustea ez da nahikoa. Eguneroko bizitzan hizkuntza txiki, eder eta zaharrak presentzia edukitzea ezinbestekoa da. Okindegian euskaraz, surfean euskaraz, ikasgelan euskaraz edota administrazioan euskaraz. Urratsez urrats eta kilometroz kilometro lortuko baitugu euskarari merezi tokia ematea.

Bitartean, martxoaren 16tik apirilaren 5era bitartean alaitasunez herriz herri joango gara euskaltzaleok, kantuz, oihuz eta umore onean euskarekin bat eginik.