Euskonews Gaztea
Gaiak: Genero indarkeria, gizartearen gaitza
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Ba al zenekien 2008an Euskal Autonomia Erkidegoan eguneko hamaika salaketa jarri zirela genero indarkeriagatik? Eta babes aginduak bost izan zirela? Nafarroan mila salaketa baino gehiago ipini zirela? Eta biktimen %11,6ak uko egin ziola azkenean prozesu judizial bat izateari? Kezkagarria benetan. Argazkia: mastenet82. (http://www.flickr.com/photos/fotos_de_sergio/365293439/)
Genero indarkeriaren gaia ez da erraza. Aspalditik pairatzen dute egoera gure gizarteko zenbait emakume eta gizonezkok, datuen arabera, lehendabizikoen kasuan kopurua handiagoa da. Urteak aurrera doaz eta gaur egun ez gara orain hogeita hamar urte bezala bizi, gauzak aldatu egin direla argi dago. Baina guztiak? Biolentziaren kasuan, ez.
Norbait maite izanagatik dena posible dela eta bikoteari eraso egin dakiokeela pentsatzen dute batzuek. Usteak ustel dioen esapideari helduz, oker dabil genero indarkeria gizarte maila baxu-ertainean ematen dela eta 50 urte baino gehiagoko emakumeek sofritzen dutela pentsatzen duenak. Izan ere adituen esanetan, geroz eta gazteagoak dira indarkeria jasaten duten pertsonak; lehen 30-45 urte bitartekoak baziren nagusi, gaur egun gehiago dira 20 eta 30 urte arteko biktimak. Eta genero aldetik, emakumeak dira biktimen artean gehiengoa. Eraso motak
Nahiz eta badirudien gazteek ezagutzen dituztela indarkeria mota ezberdinak, maiz ez dituzte beraien erlazioetan identifikatzen, eta kasu askotan kanpotik begiratuz gero, hor egoten dira. Baina zeintzuk dira biolentzia klaseak? Bada, identifikatzen errazena fisikoa dela esan genezake. Honekin, indarkeria pairatzen duenaren segurtasun fisikoa dago arriskuan; kolpe, bultzada eta abarrak emanez “nagusi” zein den erakutsiko du erasotzaileak. Eta zalantzarik gabe kasu guztiak txarrak diren arren, sarritan muturreko ondorioa suertatu eta hiltzera ere iristen da.
Indarkeria sexuala ere salagarria den portaera dugu eta honen barruan bi mota bereizten dituzte adituek. Indarrez eta gogoz kontra harreman sexualak edukitzera behartzea aurrena; beste bidea, psikologikoagoa da ez baitago kontaktu fisikorik erasotzaile eta biktimaren artean: begirada edota hitz lizunak esatea eta abar izango lirateke.
Baina badago arrasto fisikorik utzi gabe egiten den beste indarkeria bat, psikologikoa hain zuzen ere. Honek ikusi ezin diren zauriak eragiten ditu, auto-estimuan batik bat. Lehenengo begiradan ez dirudi kalterik eragin dezakeenik, eta erasotzaileak bestea mespretxatzeko oso sarri erabiltzen duen bidea da. Guztiarekiko jakinmina, botere absolutuaren beharra, janzkera motaren kontrola... Gainera, taktika honekin ikus daitekeen frogarik ez da egongo. Baina adi! Hori ez baita horrelako jokaerak pasatzen uzteko arrazoia; indarkeria izaten jarraitzen du eta arbuiatu beharreko jarrera da. Argazkia: horrapics (http://www.flickr.com/photos/horrabin/2141209411/) Zer egin?
Alboan dugunak horrelako jarrera erakutsiz gero, aurrena poliziari deitzea edota egoitzaren batera gerturatzea izango litzateke egokiena. Konfiantza duzun norbaiti gertatutakoa kontatzea ere mesedegarria izan liteke, laguntzeko prest azalduko baita. Noski, erasoak arrastoren bat utzi baldin badu, erietxe batetara joatea komeni da, frogak edukitzeko. Eta zantzurik ezean, herri gehienetan aurki ditzakegun gizarte zerbitzuetara urreratzea aukera ona litzateke. Ikasketa, berebizikoa
Beste gai askoren gainean prebentzioaren bidea jarraitzea gomendatzen den bezala, genero indarkeriaren gainean ere medio eraginkorrena neurriak hartzea da. Jomuga horretan, hezkuntzak berebiziko garrantzia dauka. Etxean eta ikastetxean eredu matxistak suntsitzeko ahalegina egin beharko litzateke, gizon eta emakumeen arteko berdintasunezko diskurtsoak bultzatuz. Izan ere, etxeko gazteenak dira gure etorkizuna, eta haiengan eraginda, etorkizun positiboago bat edukitzeko aukera handiagoa egongo litzateke.
Zenbait tokitan programak jarri dituzte martxan, baina ez da erraza. Emakundek, esaterako, badauka Nahiko! deitzen den plana, eta helburua, ikastetxeetako neska eta mutilen etorkizuneko bikote-harremanetan tratu txarrik egon ez dadin irakasleekin batera lan egitea da.
Gizartearen gaitza den genero indarkeriari aurre egiteko prozesua geldoa da. Hala ere, edozein ekarpen ongietorria da egungo gizartean. Gizon eta emakumeak desberdinak ez garela ikasiz eta generoei dagozkien estereotipoak aldatuz, pixkanaka gerturatuko gara helmugara.