476 Zenbakia 2009-03-06 / 2009-03-13

Euskonews Gaztea

Gaiak: Hesian, Sakanatik mundura

BRAVO AMIAMA, Imanol DELGADO UZARRAGA, Ander

Aniturri Institutuko ikasleak (Agurain)



Hesian talde sakandarra 2006. urtean sortutakoa da; oso denbora gutxian ikaragarrizko fama hartu du. Bere berezitasunik nabariena taldearen ahotsa neska batena izatea da. Zortzi pertsona dira taldean eta oso ondo konpontzen dira beraien artean. Publiko gehienari gustatzen zaizkion abestiak egiten dituzte. Hona hemen talde hau hobeto ezagutzeko Fran Urias taldekidearekin egindako elkarrizketa: Hesian zuzeneko batean. Argazkia: Hesianek utzia.

Nola sortu zen Hesian?

Taldearen lehenengo urratsak Xabik (baxua) eta biok (gitarra eta ahotsa) eman genituen. Beste talde batean (Dubet izenekoa) genbiltzan elkarrekin. Talde hura desegin ondoren -beste zer edo zer egiteko indarra eta gogoa bildu genuenean- Etxeberekin (bateria) hitz egin genuen aurrena eta hortik denbora batera Amets (ahotsa) eta Erikekin (gitarra)... Gutxira, Eneko (tronpeta), Igotxo (saxo) eta Karlos (tronboia) sartu ziren taldean.

Nola bururatu zitzaizuen Hesian izena ipintzea taldeari?

Su ta Gar taldearen abesti baten izena da. Aproposa iruditu zitzaigun talderako: motza, ulerterraza eta zentzu askotan har daitekeena.

Euskal taldeen artean geroz eta ohikoagoa da ahots nagusia emakumearena izatea.

Euskal Herrian badaude horrelako talde dezente (Zea Mays, Sorkun, Izate, Gose...). Gure berrikuntza, agian, ahots hori beste musika estilo batean txertatzearena izan daiteke. Hasiera batetik argi geneukan zerbait ezberdina egin nahi genuela.

Nork eramaten du zuen kontzertu agenda?

Hasieran bakarrik eramaten genuen arren, denborarekin lan hori asko handitu zen eta beharrezkoa egin zitzaigun beste pertsona batzuen laguntza. Orain guk eta diskoetxeak eramaten dugu.

Zein da abestien mezu orokorra?

Gure hitzek mezu ezberdin asko dituzte. Gai nagusiak, agian, Euskal Herriko arazo ezberdinen eta maitasunaren inguruan mugitzen dira. Azken finean, gure egunerokotasunean bizi ditugun gaiak. Horren barruan ere, gai sozialak (emakumearen egoera, etorkinena) edota gai pertsonalagoak ere sartzen dira. Talde nafarraren azken lanak Herriaren Oihua du izena.

Gazte Topaguneko abestia egin zenuten; horrek pixka bat ezagunagoak egin al zaituzte?

Dudarik gabe. Topaguneko abestia egiteak Euskal Herriko txoko ezberdin askotara zabaldu zuen gure musika eta bultzada handia eman zigun. Oso eskertuta gaude emandako aukerarengatik.

Jaialdi handietan aritu izan zarete; nolako sentsazioa izan duzue hainbeste jenderen aurrean jotzean?

Oso polita da, asko betetzen duen esperientzia; dena den jende gutxiagoren aurrean jotzeak, kontzertu txikiak emateak alegia, badauka bere xarma baita ere...

Ba al duzue beste hainbat taldek bezala, kontzertu bat grabatu eta hortik DVD eta diskoa berria sortzeko asmorik?

Egia esan, horrelakorik ez dugu oraindik planteatu. Denborarekin, agian, horrelako zerbait egin genezake. Aukera ona da!

Zein da zuentzat talderik garrantzitsuena Euskal Herrian?

Gure herri honetan eskaintza handia dago musikari dagokionez eta hori oso seinale ona da, eta aldi berean talde baten aukeraketa egitea asko zailtzen duen egoera... Pertsonalki, Su ta Gar eta EH Sukarra aipatuko nituzke, niretzat oso talde bereziak izan baitira.

Norekin gustatu litzaizuke eszenatokian aritzea?

Gurekin jotzea nahi duen edozein talderekin!

Saiatu al da norbait zuen kontzerturen batean eszenatokira igotzen zuekin abesteko asmoz?

Horrelakorik gertatu izan zaigu, bai. Sakana aldean batez ere, etxean gaudenean... Dena den, ez da oso ohikoa izaten gure kasuan behintzat.

Talde bat izatea afizio bat da edo noizbait gustatuko litzaizueke dena utzi eta bakar-bakarrik musikara dedikatzea?

Musika ondo pasatzeko eta komunikatzeko tresna baten moduan ikusten dugu, dudarik gabe. Dena den, horrek ez du esan nahi etorkizun batean musikara soilik dedikatu ezin gaitezkeenik, ez dugu aukera hori baztertzen, inondik ere!

Kontzertu bereziren bat gogoratzen duzue? Zergatik?

Denak dira bereziak, bakoitza arrazoi ezberdinengatik... Topagunekoa oso espeziala izan zen, baita Gasteizko txosnetan eman genuena... Baina denak dira inportanteak eta ez nuke inongo bereizketarik egingo.

Atzerrira joateko asmorik baduzue?

Asmoa bai, noski. Jadanik Madrilen edota Katalunian izanak gara eta aurten gogo handia dugu Euskal Herriko mugetatik haratago joateko.