Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Mikel Gonzalez. (Errealeko jokalaria): Oraindik golarekin amesten nabil
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Konta iezaiezu gure irakurleei nolakoa den entrenamendu egun bat. Gaur moduko egun baten –asteazkena– goizez entrenatzen dugu. Ni Arrasaten bizi naiz eta 8:30ean esnatu, gosaldu eta Donostiarantz abiatzen naiz. 10:15etan irteten gara zelaira eta batzuetan bi orduz –bestetan arratsaldez ere ibiltzen gara– entrenatzen dugu. Ondoren, astean bi egunetan ingeles eskolak ditugu, 12:30etatik 13:30etara. Arrasaten bazkaltzen dut eta normalean arratsaldetan jai izaten dut, lagunekin ibiltzeko edota beste edozertarako aprobetxatuz. Eta zer–nolako giroa daukazue taldekideen artean? Etengabe jende berria iristen da, futbolean horrela izaten baita. Hiru urte daramatzat lehenengo taldean eta momentu honetan gazte asko gaude, euskaldunak ere ugari eta giro atsegina sortu da. Iritsi berriek orokorrean ez dute arazorik edukitzen, guk harrera ona egiten diegu eta ongi egokitzen dira taldera. Gaur egun atzelari moduan jolasten duzu. Bai, baina jolastu izan dut baita erdilari moduan ere eta noski, txikitan aurrelaria izan nahi nuen, golak sartzeko–eta. Baina beno, entrenatzailearen erabakia da eta nire postua da orain. Jolasten dudan bitartean, pozik! Atzelari on batek zein ezaugarri izan behar ditu? Beti eduki dute gogorrak izatearen, golpeak ematen dituztenaren eta zatarrak direnaren fama (barre). Ez, hori lehengo futbolean ematen zen, gaur egun taldeak, eta oro har entrenatzaileak bilatzen duenaren araberakoa izaten da: baloi luzeak pasatzea... Ez dira hiru ezaugarri zehatz. Zaila al da area barruan faltarik ez egitea? Egia esan, badakizu penaltia adieraziko dizutela falta eginez gero, eta ez dagoela atzera bueltarik. Gainera, barneratuta daukagu ezin garela area kanpoan bezala aritu, baina beno, egin egiten dira! Eta txartel gorririk atera dizute inoiz? Nola ez! Egia da ez nautela askotan kanporatu, baina atzelaria izanda arrisku hori daukat. Gola aipatu duzula, amestuko duzu aurrenekoarekin, ezta? Bai, bai, oraindik amesten nabil. Tamalez lehenengo taldearekin ez dut golik sartu. Noski, ez da aurrelarien lana soilik, atzelariona ere bada, eta horregatik igotzen gara beste atera falta zein kornerretan. Laster iristea espero dut! Eta non nahiko zenuke izatea? Egia esan berdin dit, ez nago aukeratzen hasteko moduan! Gola, gola da eta momentu honetan ederto etorriko litzaidake sartzea. Mikel, Euskonews Gaztearen kamisetarekin. Zelaian egoten den zaratarekin, entzuten al dituzue entrenatzailearen aginduak? (Barre) Bai, entzuten da, nahiz eta askotan ez duzun aditu nahi zer dioen! Anoetan adibidez entzuten dira oihuak, baina harmailak gertuago dituen beste zelai batetan konplikatuagoa izaten da. Hala ere, nire ustez kirolari batek aulkira begiratzen ez duenean ezentzunarena egiten du gehienetan... Eta publikoa entzuten duzu? Dudarik gabe. Txistuak direnean onartzen jakin behar da eta etxean jotzen badizute, gogorragoa egiten dela argi dago; txaloak beti daude ongi, edozein tokitan gustura jasotzen baitira. Baina zirko honen parte dira biak, eta onartu egin behar ditugu. Bigarren mailaz hitz egin dezagun. Errealeko lehenengo taldera iritsi nintzenean lehenengo mailan geunden, eta zoritxarrez bigarren mailara jaitsi ginen. Gugatik izango balitz, ez ginateke egoera honetan egongo. Orain daukagun eginbeharra hau aldatzea eta Erreala dagokion tokian ipintzea da. Bigarren mailatik irtetea zaila dela esaten dute. Bigarren mailan 22 talde gaude, horietariko 10–13 egon zitezkeen lehenengo mailan jolasten, baina soilik hiruk igotzen dute kategoriaz. Beraz, parekotasun handiak egoten dira; jakina, guk geureari begiratu behar diogu eta ekainean igotzeko aukera badaukagu, fenomeno! Hala ere ezin gara ekainari begira egon hurrengo partidua irabazten ez badugu... Badaukazu idolorik? Egia esan orain ez, baina hamabi urte nituenean Javi Gracia Errealeko jokalaria nuen gustuko eta nik uste inori gustatzen ez zitzaiolako egin nintzela bere zale (barre). Hala ere, atsegin dudan jende askoren zertzeladak hartzen ditut, eta ez bakarrik futbolean. Gaztea zara; gauza asko alboratu dituzu futbolean aritzeko? Uko egin behar izan diet hainbat gauzei, bai. Nire lanbidea denez, orain onartu egiten dudan egoera da. Gogorragoa izan zen 16–17 urte nituenetan, ez bainekien ofizio hau edukiko nuen etorkizunean. Eta ez bakarrik gauez irteteko kontuetan –noski, gaztetasunaren parte da– baita mendira joateko plan bat egiterako orduan, esaterako; zuk partidua daukazu eta ezin zara lagunekin egon. Kostatu zitzaidan moldatzea, baina apustu fuerte bat egitean datza; nire kasuan ongi irten zen, gustuko dudan zerbaitetik bizi naiz eta zorteduna naizela pentsatzen dut. Esan, zer egiten duzue bidaietan denbora pasatzeko? Bigarren mailan autobusean bidaiatzea egokitu zaigu gehien bat eta gauza ugari egin ditzakegu: musika entzun, musean jolastu, liburuak irakurri... Badago eguneroko bizimoduan erabiltzen duzun futboleko aspekturen bat? Taldean 22 jokalari gaude, gehi entrenadore, utilero, masajista... Azken batean familia bat bezala gara eta elkarbizitza bat da, egunerokotasun bat dago. Bai, azkenean zure bizitza pertsonalari aplikatzen dizkiozu hainbat gauza –talde lana, esaterako– eta beste harreman batzuetarako balio dizu. Partiduen ostean kamisetak elkartrukatzeko ohitura dago. Baina eduki nahiko zenuke bereziki norbaiten elastikoa? Normalean irabazten dugunean gehiago eskatzen dira, galtzerakoan ez baitugu ezertarako gogorik edukitzen, baina nik ez ditut asko eskatzen. Bestalde, egia da kamiseta batzuk gordetzen ditudala, taldekideenak esaterako. Claudio Bravoren Txileko edota Abreuren Uruguayko selekzioetakoak ditut etxean. Zergatik? Badakidalako beste modu batera ezingo ditudala lortu, suposatzen baita ez dugula haien kontra jolastuko; oroitzapen gisa polita da. Euskal Herria eta Euskal selekzioa; polemika izenaren inguruan. Nik uste dena esanda geratu zela, komunikatu bat atera genuen horren gaineko gure iritzia emanez; eta azkenean ez zen jolastu. Beraien arrazoiak izango zituzten, guk geureak genituen bezala. Jarraitzaile taldea ere badaukazu, Gontxa Taldie. Bai! Lehenengo mailan nengoela nire koadrilakoek sortu zuten taldea da, eta ondoren Arrasateko lagun gehiago gehitu zitzaizkien. Nire izena daraman taldea da, animatzera joaten direnak... Sekulako ilusioa egiten dit! Orain hasieran baino gutxiago gerturatzen dira partiduetara, baina ez da derrigorrezkoa, zurekin nor dagoen badakizu eta. Futbolaz gain beste afiziorik? Ez daukat nabarmenduko nukeen bat, lagunekin egotea, musika... Zein musika mota? Zirrara eragiten didan edozein abesti edo talde. Rock and Rola, punk–rocka, Oi! ... Arrasaten gainera, mugimendu hori barruan eramaten da, musika estilo horiek jorratzen dituen jende asko baitago. Errealean ikusten al duzu zure etorkizuna? Ba 2010 urtera arte daukat kontratua. Oso pozik nago hemen, nire bihotzeko taldea da. Futbolarion bizitza motza da, eta ez dakizu eskaintzak nondik etorriko diren eta ezta non amaituko duzun. Nire taldea da Erreala, eta hori garrantzitsua da. Zer esango zenioke futbolean hasten den gazte bati? Sakrifizioa lanbide honen parte da eta jakin beharko luke gauza batzuei ezetz esan behar zaiela eta esango nioke bere buruari galde diezaiola horretarako prest ote dagoen. Bestaldetik, etxekoen laguntza eta lagun onak izatea garrantzitsua da; izan ere, pixka bat nabarmentzen duzun momentuan goraipatzen hasten dira lanbide honetan eta inportantea da hankak lurrean edukitzea. Mikel Gonzalez (Arrasate, 1985eko irailaren 24a) Nahiz eta hiru urtez futbol kontuengatikDonostian bizi izan zen, gainerako urte guztiak Arrasaten eman ditu bizitzen. Administrazio eta Finantzak, eta TAFYD moduluak ikasi ostean Gizarte Hezkuntza hasi zen ikasten, baina utzi egin zuen. 2005ean lehenengo taldean aritzeko deitu zuten eta gaur arte. Atzelari moduan jokatzen du eta 70 partidu baino gehiagotan jolastu du.