473 Zenbakia 2009-02-13 / 2009-02-20

Euskonews Gaztea

Gaiak: Drogak gure gizartean

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Begiak itxita dituenak bakarrik uka dezake errealitatea. Gure gizartean ezker–eskuin begiratuz gero drogak hor daudela ohartzen gara; legeak batzuk onartu ditu, beste batzuk ez. Mota batekoak zein bestekoak izan, kontsumitzailearengan eragina izaten dute guztiek, nahiz eta kasu askotan konturatu ez. Hau da, droga guztiek komunean dutena, gorputzeko hainbat funtzio eraldatzen dituztela da; gaixo dagoenaren medikamentutik hasi, tabakotik pasa edota kokainaren kasuak ditugu, beste askoren artean. Drogen sailkapena

Ezin dugu drogek erakargarritasun puntu bat edukitzen dutela ukatu, eta zer esanik ez gazteentzako. Beraientzat zerbait ezezaguna izan ohi da eta esperientzia berri bat probatzeko aukera edota arauak hausteko modu bat ikusten dute.

Aipatu dugun bezala drogak legalak zein ilegalak izan daitezke. Legalen artean alkohola edota tabakoa ditugu ezagunenak. Eguneroko bizimoduan erabat txertatuta dauden substantziak direnez, maiz ez dira droga kontsideratzen eta gazteek normaltzat jotzen dute horiek probatzea, etxean aita–amak erretzaileak direlako edota arratsaldero plazako tabernan baxoerdi bat hartzen dutelako, adibidez.

“Legal” hitza entzuteagatik, sortzen dituzten ondorioak ez dira gainerakoenak baino intentsitate txikiagokoak. Zenbat familia hautsi ote ditu alkoholismoa pairatzen duenak? Edota zenbat minbizi kasu daude erretzaile pasibo zein aktiboen artean? Horrek, hala ere, ez du esan nahi kontsumoa legez kanpo utzi behar denik, neurria hartuta eta arduratsu jokatuta eraginak minimoak izan baitaitezke. Mediku askok esaten dute, adibidez, bazkalorduan ardo baso bat edatea ez dela kaltegarria.

Ilegalen artean substantzia ugarirekin egiten dugu topo. Agian sozializatuena kalamua eta bertatik ateratzen diren hainbat gai direla esan genezake. Ondoren, droga–menpekotasun fenomenoari aurre egiten diharduen Askagintza erakundeko lagunek ikusi dutenaren arabera, speed eta kokaina daude zerrendan. Garai batean Euskal Herrian basatiki sartu zen heroina, eta erremediorik gabeko eraginak izan zituen horrek: jende asko eta asko hil zen “zaldiaren” ondorioz. Gaur egun, baina, oso jende gutxik egiten du droga honen erabilera. Nork kontsumitzen du?

Erabiltzaile desberdinak ditugu gizartean, baina argi eta garbi utzi behar da taldetan banatzen hasi aurretik, gazte eta heldu askok ez dutela inoiz drogarik kontsumitu ?medikuaren aginduz hartutakoak salbu. Beraz, horiek albo batera utzita, lau kontsumitzaile mota bereizi genitzake.

Aurrena, kuriositateak bultzatuta esperimentatzea erabakitzen duena daukagu; hau batez ere, gazteen taldea dela esan genezake. Bigarren multzoan noizbehinkako erabilpena egiten dutenak ditugu, ohiko kontsumitzaileak hirugarrenean eta neurriz kanpo erabiltzen dituztenak azkenengoan. Zer nolako drogekin egiten dute topo erabiltzaileek?

Arazorik ez edukitzeko modu errazena ez kontsumitzea litzateke. Baina pertsona batek probatu nahi duela erabakiz gero, informatzeak garrantzia handia daukala esan genezake: zein nolako eraginak izan ditzakeen, gaizki ipiniz gero zer egin beharko lukeen eta abar. Eta drogaren bat erabiltzea hautatzen duenak argi eduki behar du kalitatea izugarri jaitsi dela azken urteotan. Negozioa egiteko, merkeago saltzeko edota beste edozein arrazoirengatik, osagai desberdinak sartzen dizkiete drogei, hauek purutasuna galduz eta erabiltzailearengan jakin ezin diren ondorioak sorraraziz.

Ai Laket elkartea herriz herri ibiltzen da drogen analisia egiten jaietan, esaterako. Egokitzen dituzten puntuetara erabiltzaileek gau edo egun horretan kontsumitu nahi duten droga eraman eta zer nolako purutasuna daukan jakin nahi izaten dute. Adibide bat jartzearren, 2008an egin zituzten analisi askotan, anfetamina edo kokaina ikertu ziren. Emaitzek, gehienetan droga baino, igeltsu kantitate handiagoa zeukatela eman zuten. Modu horretan, informatzearen garrantzia kontuan hartzeko modukoa dela ondoriozta daiteke.

Drogen mundu konplikatu honetan, kontsumitu edo ez, burujabe izaten jakin behar dugu. Noski, gure inguruan daudela argi dago, baina horrek ez du esan nahi derrigor kontsumitu behar denik. Beti daukagu ez esateko aukera.