472 Zenbakia 2009-02-06 / 2009-02-13
Nafarra naiz bai, Iruñekoa, eta esan dezaket bizitza osoa eskaini diodala arteari. Gogoan dut nire aurreneko artelana zein izan zen. Lagun igerilariak nituen eta beraiei eskaini nahi izan nien obra; 13–14 nituenean hasi nintzen bainujantziak eskatzen, etorkizun batean haiekin zerbait egingo nuela bainekien. “Nire lagun igerilariei” izena ipini nion azkenean.
Beraz betidanik jakin duzu lanbide honetan aritu nahi zenuela.
Bai, baina nahiz eta beti ibili naizen sormen lanak egiten, baztertu edo gorde egiten nituen. Azkenean, serioago aritzeko garaia iritsi zitzaidan eta argi neukan nahiz eta agian honetatik ezin bizi, espresatzeko beharra neukala. Hala hasi nintzen objektu desberdinei bizitza edota interpretazio berri bat ematen.
Zure lanetarako materiala birziklatzen duzu. Nola aukeratu zerekin lan egin?
Egia esan mota guztietako materialekin egiten dut lan, denek balio didate; zerbait ikusten dudanean dituen aukerak etortzen zaizkit burura, bai ehundura zein euskarri gisa, esaterako. Esan nahiko nuke hautatutako gaiek bi motatako irteerak edukitzen dituztela; alde batetik materiala dago eta objektu berriaren azal gisa erabiltzen dut. Edozein hondakinetatik atera daiteke gaia. Adibidez, plastikozko bote bat; ontzi bezala erabili dezakegu edota moztu eta material gisa baliatu.
Non biltzen dituzu materialak?
Normalean nik aukeratzen ditut, baina lagun askok ere gordetzen dizkidate zenbait gauza. Talde–lana bihurtzen da eta ederra da modu horretan aritzea. Bestalde, objektuek oraindik ere garrantzia duten Traperos de Mausera joaten naiz sarritan. Baina etxean ditudan gauzak aprobetxatzea atsegin dut batez ere. Alicia Iru?ean duen estudioan.
Berrerabilpena garrantzitsua da orduan.
Nik objektuaren aldeko apustu gogorra egiten dut, gizarte honetan erabili eta botatzeko joera handiegia dagoela iritzi baitiot. Nire lanek hori adierazi nahi dute behintzat. Bestalde, neska–mutiko askok jostailu fisikoa alboratu eta ordenagailu eta bestelakoen alde egin dute azkenaldian; nik betiko objektuak berreskuratzeko aldarrikapena egiten dut.
Behin zerekin lan egingo duzun aukeratuta, segituan etortzen al zaizu erabilera berria burura?
Egia esan modu desberdinetan egiten dut lan. Batzuetan objektu bat ikusi eta horren deigarria suertatzen da, jasotzen dudan informazioarekin zerbait sortzeko ideia ematen didala. Bestetan berriz, objektuak aukerak izan ditzakeela iritzi diot eta beste batekin fusionatzen dut gai berri bati tokia utziz.
Badakigu ikastaroak ere ematen dituzula.
Bai. Normalean sortzeko eta eskuekin lan egiteko nahia duten pertsonek ematen dute izena. Parte hartzen duten neska–mutilak 7 eta 12 urte bitartekoak dira normalean; baina helduekin ere aritzen naiz.
Ahalmen sortzailea eduki behar al da?
Denok daukagu kreatibitatea; hala ere, lantzen ez badugu herdoildu egiten zaigula pentsatzen dut. Egia da artistok garatuagoa daukagula, baina ez da gure kontua soilik. Txikiak garenean interesa egoten da kreatibitate hori bultzatzeko, baina adinean aurrera egin ahala, aintzat hartzeari uzten zaio hezkuntzaren kasuan, esaterako. Oker handia dela deritzot, sormena esparru zabaletan erabili baitaiteke, ez bakarrik artean. Hau da, kontakizunak, musika eta bestelako gauzetarako baliagarria da.
Eta zer irakasten duzu ikastaroetan?
Izugarri gozatzen dut tailerretan, ez baitut esparru plastikoa soilik lantzen; musika, plastika eta sormen literarioa uztartzen saiatzen naiz. Neska–mutikoak sentsibilizatu nahi ditudanez, erabiltzen dudan materia prima hondakina da. Ditugun gauzak aprobetxatzen jakitea funtsezkoa da, eta bertatik kolore zein forma desberdinak atera ditzakegu, esaterako. Modu horretan birziklatzearen, berrerabilpenaren eta hondakinen murrizketaren garrantzia adierazten saiatzen naiz. Eta plastika lantzen dudan arren, artea diziplina anitzekoa dela ere erakusten diet, arte garaikideari buruz hitz egiten, abesti batentzako letrak edo melodiak sortuz...
Teknikari garrantzia ematen al diozu?
Egia esan ez teknika eta ezta xehetasunari ere. Nik artea egunerokoa dela adierazi eta gertutasun bat senti dezatela bilatzen dut.
Sortu duzun artelanenetatik zein izan da deigarrien suertatu dena ?
Egin nuen aurreneko erakusketak bi atal zituen. Lehenengoa mahai desberdinez osatuta zegoen, eta bertan eguneroko bizitzan arruntak diren hainbat objektu ikus zitezkeen. Beste alde batetik, ikuste–poesia sortu nuen eta hori izan zen gehien gustatu zitzaiena bisitariei. Jostailuak erabiliz egin nuen, baina ohi dudan bezala erabilera berri bat eman nien. Eta nahiz eta ohiko objektuak izan, betiko testuingurutik at zeudenez atseginez hartu zuten proposamena eta harrapatu egin nituen.
Berrerabilpena txikitatik irakatsi behar diguten gauza da, ezta?
Zalantza barik! Batez ere guk geuk gauza berriak sortzeko zer–nolako gaitasuna dugun erakutsi beharko litzateke. Muturreko jarraibideak zehazten ditut nire ikastaroetan; esaterako, ezin dituzte guraizeak erabili. Intentzioa, eskuekin zer egin dezakegun ikustea. Pentsatu kartoizko kaxa bat ematen diedala. Batzuentzat edukiontzi soila izango da; besteek berriz, kartoia txikituko dute eta beste zerbaitetan erabiliko dute, material gisa. Emaitzak oso interesgarriak izaten dira.
Zure ustez denok dugu kreatibitatea, baina ez du esan nahi onak izan gaitezkeenik...
Lehen aipatu bezala, landu ezean sormen gaitasuna txikitzen doa. Horregatik kritikoa naiz irakasleekin. Hau da, umeek egiten dituzten marrazkiak iruditzen zaizkit gehienetan interesgarrienak, detaile eta fantasiaz beterik baitaude. Hazi ahala, ikastetxeetan teknika zehatz batzuk irakasten dituzte –normalean zailenetarikoak– eta arte espresionista lantzeari uzten diote. Ondorioz, jende nagusi askok nahiz eta marrazteko gogoa eduki, lotsa sentitzen dute bere garaian teknika landu ez zutelako. Hemendik esan nahi diet askatuz gero gauzak egin ditzaketela. Marrazki baten egileak behi bat egin nahi badu eta nik behi bat dela ulertzen badut, hori da garrantzitsuena.
Krisia denon ahotan dago.
Krisiak norbaiti “mesede” egingo badio, nik uste artista eta diseinatzaileei izango dela eta azken hauek paper garrantzitsua daukate ondorioz. Izan ere, orain arte eman den xahubidea horren handia izan da, mundua goitik behera birdiseinatu beharko dutela.
Esaterako, gaileta pakete bat saltzeko aurrena poltsak nolakoak izan behar diren pentsatu, ondoren kaxen gaineko diseinua egin... Material larregi erabiltzen da eta horrek zabor kantitate izugarriak sortzea dakar. Hala ere, gauzak aldatzeko garaiz gabiltzala iruditzen zait eta material biodegradagarriekin, ekonomikoekin eta ingurugiroarekiko errespetua dutenekin lan egitea da etorkizuneko apustua. Artistak beste errealitate bat erakutsi behar du.
Kontsumismo handiegia dago gainera!
Horrela ikusten dut nik ere eta erronka bati egin beharko genioke aurre: nola moldatzen naiz gauza gutxiagorekin bizitzeko? Kontsumoa gutxitzeko eta sortzen den zaborra murrizteko momentu egokia da. Optimista naiz!
Bestalde, Iruñeko erakusleihoak apaindu izan dituzu.
Hala da, baina orain ikastaroak ematen ditut horren inguruan. Fantasiarekin jolasteko aukera ematen du eta esparru honetan ere birziklapenaren alde egiten dut. Jendeak gastu handiak egiten ditu erakusleihoak apaintzeko eta nik daukaten materialak erabiltzera bultzatzen ditut. Antzerki munduan ere ibili naiz eszenatokiak apaintzen eta erakusleihoak harremana dauka horrekin; biek dauzkate, esaterako, atzealde bat eta pertsonaia batzuk (dendan manikiak).
Gainera, argazkiak atera eta Captura.org orrian zintzilikatzen dituzu.
Mikel Urmenetaren eskutik hasi nintzen eta berak bazekien argazkiak ateratzen nituela, nire obren ideiak ilustratzeko–eta. Andreu Buenafuente ezagutzen zuela esan zidan, honek argazkiak zintzilikatzeko webgune bat zeukala eta berarekin harremanetan jartzeko. Zenbait argazki bidali nizkion eta hor nago!
Egunero mundua desberdin ikusteko asmoz irteten naiz kalera eta uneoro daramat argazki kamera soinean. Argazki bezala ez dira apartekoak –ez baitaukat ezagutza handirik– baina kasu honetan irudiari ipinitako izenburua da garrantzitsuena, istorio txikiak sortzen ditut.
Amaitzeko, zure liburu bat Veneziako Bienalean egon zen...
Proiektu bitxia izan zen hura. Egindako erakusketa bat jasotzen da bere orrietan. Jende ugari inplikatzen zuen obrak; izan ere, birziklapen munduan murgiltzen ez naizenean pertsonekin nahasteko ohitura dut eta beti talde–lan bat izaten da emaitza.
Kasu hartan aitzakia lagunek egin behar zidaten opari bat zen eta arau batzuk zehaztu nituen: bakoitzak ezin zuen euro bat baino gehiago gastatu, materiala berrerabili zitekeen... Ekintza hau ez da dendara joan eta zerbait erostea modukoa, denbora eskatzen du: pertsona horrengan pentsatu, zer egin dezakedan erabaki...
Oso ederra iruditu zitzaidan emaitza; opariak berak garrantzia gutxi zeukan, zergatia zen inportanteena. Horren harro sentitzen nintzen, liburu batean jasotzea ezinbestekoa iruditu zitzaidala eta azkenean publikatu zen. Ez da nire liburu bat, nire lagunen lanak jasotzen dituena baizik, eta Veneziako Bienalean edizio artistiko bezala egoteko aukeratua izan zen. Alicia Otaegui (Iru?earra) Artista nafarrak bere lagun igerilariei eskaini zien aurreneko artelana, eta haien bainujantziekin osatuta zegoen. Gaztetatik hasi zen birziklatuz artea sortzen eta egun, artea eginez eta tailerrak eskainiz horretan jarraitzen du. Gainera, erakusleihoak apaindu izan ditu urteetan eta orain argibideak emanez, ikastaroak gidatzen ditu.Bestalde, Captura web orrialdean bere tokia dauka eta argazkiak zintzilikatzen ditu bertan.