471 Zenbakia 2009-01-30 / 2009-02-06

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Angela Vilariño. (Pilotua): Aurreneko aldiz 230 kilometro orduko abiadura hartu nuenean basatia izan zen

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Angela Hondarribikoa da eta 23 urte ditu. Norma eraikitzailearen sport prototipo autoa gidatzen du. Batzuetan aita eta nebarekin eta bestetan Jordi Pujol kidearekin batera aritzen da, 2008an 23 eta 124 zenbakiek identifikatzen zuten, hurrenez hurren. Mendiko lehiaketak utzi eta Europako Erresistentzia Txapelketan murgildu zen iaz eta horrek 3 eta 12 ordu bitarteko lasterketatan parte hartzea esan nahi du. Emakume gazte honek, desafioei aurre egiteko gaitasuna daukala erakusten du autora igotzen den bakoitzean. Pilotua zarela badakigu. Baina zer ikasi duzu? Hondarribian egin nituen oinarrizko ikasketak eta ondoren Donostiako Ezkibel Ikastetxean jarraitu nuen. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza Irunen eta administrari ikasketa arautuak egin nituen ondoren, Plaiaundi Institutuan hasi eta Donostiako Nazaret Zentroan bukatuz. Segidan, Ingalaterra aldera jo nuen urtebeterako, ingelesa ikastera. Egia esan behar badut ez naiz oso ona izan ikasketetan eta orain ikusten dut beharrezkoak direla mundu honetan aurrera egiteko. Nik zortea izan dut, baina pilotu izatetik ezin da bizi... Zure abizena jakinda, pilotu izatearen zaletasuna nondik datorkizun galdetu beharrik ez dago... (Barre) Egia esan beti galdetzen didate horri buruz. Nik 12 urterekin gidatu nuen lehendabizikoz auto bat; ez da berandu, baina kontuan hartuz nire anaiak 3–4 urterekin egin zuela... Bera ikustera joten nintzen, baina Olaberriako zirkuitua inauguratu zutenean animatu nintzen benetan. Aita –Andrés Vilariño– arro sentituko da alabak eta semeak bide bera hautatu dutelako... Bai, bai. Gainera hirurok lehiatzen dugu eta horrek gehiago elkartu gaituela esango nuke. 2007an bakoitza modalitate ezberdinetan aritzen ginen arren, 2008an eta baita aurten ere, lehiaketa berean jardungo dugu, auto berarekin. Oso pozik nago eta familia batera mantentzeko modu bat da. Lehen mendiko probak egiten zenituen. Karting egiten 12tik 17 urtetara aritu nintzen, eta 18rekin hasi nintzen mendian. Pena ematen dit mendia utzi izanak, iaz aldatu nintzen zirkuituetara. Mendia zoramena da, jendea gertu sentitu edota zuhaitzekin topo egiten duzu... Baina desberdina izan arren, pozik nago nibela altua baita. Neska bakarra al zara? Momentuz taldean bai eta mutilekin batera lehiatzen dut. Orokorrean neska gutxi gabiltzan kirola da eta sariketa batzuetan ranking berezi bat egiten dute. Uste dut abizenak asko lagundu didala eta orokorrean jendeak zintzo jokatu izan du nirekin. Noski, denetarik dago. Angela Olaberriko zirkuituan. Zer moduzkoa izan zen iazko denboraldia? Ez nuen osorik egin, ekainean hasi nintzen eta lau lasterketatan hartu nuen soilik parte. Horietariko bat –sei ordutakoa– aita eta anaiarekin egin nuen, kotxe berdina erabiliz. Gainerakoak Jordi Pujol pilotuarekin egin nituen, baina antzerako autoarekin. Aurten ere bikote berdinak osatuko ditugu ziurrenik. Erresistentzia probak egiten dituzu beraz. Hala da. Karrerek ordu asko irauten dute eta errelebotan egiten dira. Erosoena bi pilotu egotea da, hiru izanda denbora asko galtzen delako aldaketatan. Gehienez ere bi ordu eta hamar minutuz gidatu dezake segidan bakoitzak, eta gutxienez, ordubetez. Beti ahalegintzen gara ahalik eta denbora luzeen gidatzen, horrela aldaketa gutxiago egiteko. Lasterketa luzeak gogorrenak izango dira. Zalantzarik gabe. Iaz esaterako, Frantziako Magny–Cours zirkuituan zortzi ordutako norgehiagokan hartu genuen parte eta gaueko 11etan amaitu genuen. Gauez gidatzea gogorra izan zen, nahiz eta fokuak–eta eduki, ez da berdina. Hala ere gustuko izan nuen eta aurten hobetzea espero dut. Zortea aldeko izatea garrantzitsua izango da lasterketa ongi amaitzeko. Noski! Batzuetan aurretik zoaz eta zerbait hondatzen da eta... Nolakoa da entrenamendu egun bat? Olaberriara goizetik etortzen naizenean hogei minututako txandak egiten ditugu pistan kartingean aritzeko. Lasai ibiltzen gara, egun guztia baitaukagu horretarako. Ariketa fisikoari dagokionez berriz, bizikleta, korrika... Gidatzeko sasoi onean egotea beharrezkoa al da? Inongo zalantza barik, baina ni ez naiz larregi aritzen. Aitak beti esaten dit nire fisikoarekin ?oso fuertea izan gabe– beste mutil batzuk baino errazago gidatzen dudala. Eta aldi berean, burua ere bere tokian eduki behar duzu. Abiadura handian gidatzen duzu. Lasterketatan ba al daukazu pentsatzeko astirik? Mendian ari nintzenean ez, uneoro zerbait egiten ari baitzara. Baina orain berriz, pistako zuzen batean apur bat pentsatzeko denbora ematen dit, aurreko bueltan zer egin dudan gaizki eta nola hobetu, esaterako. Adrenalinarekin zer moduz? Nire kasuan, irteera unean sentitzen dut adrenalina igotzen dela: tentsioa, 20–50 auto inguruan, inork jo ez zaitzan pentsatzen... Baina behin hasita, lasaitu egiten naiz. Zein da hartu duzun abiadurarik handiena? Nik uste dut 230–250 kilometro orduko izan dela. Gogoan dut aurreneko aldiko sentsazioa, basatia izan zen. Baina noski, ez da beti abiadura hori hartzen! Esaguzu, ba al duzu zirkuitu kuttunik? Egia esateko bai, probatu ditudanetatik Alemaniako bat dut gogoan, euriarekin gidatzea egokitu zitzaigun arren polita izan zen. Baina bakoitzak bere xarma dauka. Aurreneko aldiz zirkuitu batean gidatzen duzunean sentsazio arraroak izaten dituzu, baina behin eta berriz inguratu behar izaten dugu eta moldatu egiten gara. Mendian ez zen horrela izaten, hiru igoera egin eta gure lana amaitzen genuen. Beraz, gehiago gozatu dezakezu orain. Eta gainera aukera ugari izaten dugu toki horietan aritzeko. Hau da, egun batzuk lehenago gerturatzen gara zirkuitura entrenatzera, gero denborak egiteko txanda izaten da eta azkenik txapelketa. Kopilotu gabe gidatzen duzu zure modalitatea dela eta. Inoiz ez dut kopilotuarekin gidatu, ez mendian eta ezta pistan ere, hori rallyetan izaten da. Mendira ohituta nago, eta bertan aritzen zarenean buruz dakizkizu urratsak; egungo kasuan ere bost buelta eman ondoren ondo ezagutzen duzu tokia. Benetan diot ez dakidala gai izango nintzatekeen; konfiantza osoa eduki behar duzu pertsona horrengan, elkar–ulertzea ezinbestekoa da. Baina ziur nago azkenean moldatuko nintzatekeela. Zenbatean behin edukitzen dituzu lasterketak? Erresistentzia probetan hilean behin izaten dira; aurten, martxoan hasi eta azarora arte arituko gara. Horrek lasai ibiltzeko aukera eskaintzen digu, etxera etorri, entrenatu... Europako mendiko txapelketa egiten nenbilenean aldiz, ia astebururo izaten ziren lasterketak eta gehienetan ez nintzen itzultzen, ez baitzuen merezi. Angela erresistentzia lasterketa batetan. Argazkia: Vilarino Motorsportek utzia. Euria, eguzkia, beroa... Zer duzu nahiago? Nik euria atsegin dut, agian hemen ohituta gaudelako izango da, baina tenperatura baxurik gabe, gogorragoa baita bustita eta hotza sentituz gidatzea. Beroarekin ere ez da erraza, gehiago nekatzen baitzara. Zer da autotik gehien gustuko duzuna? Ez dakit zer esan. Igotzen naizenean eroso sentitzen naiz eta hori da garrantzitsuena. Noski, lasterketakoak eta kalekoak oso desberdinak dira; ez dauka direkziorik, oso baxuak dira eta eserlekua bits batekin eginda dago... Oso pozik nago orokorrean. Mekanika ezagutzarik ba al daukazu? Ez askorik! Pilotuok orokorrean, gidatzerakoan sentitzen duguna adierazten jakin behar dugu, moldaketak egin behar badira egokian izan daitezen. Baina esaterako, gurpil bat aldatzen jakingo nuke! (barre) Karreratan estrategiak garrantzia dauka. Hala da. Normalean lasterketa aurretik hirurok elkartzen gara eta erabaki bat hartzen dugu. Baina segurtasun–kotxeak direla edo beste edozein arrazoi medio, aldatu egiten dira gauzak. Adibide bat jartzearren, gasolina botatzeko geratzen zarenean normalena buelta bat galtzea da; segurtasun–kotxea irtetean betetzen badugu depositua, postu batzuk berreskuratu ditzakegu, oso poliki baitoaz guztiak. Aitak, anaiak eta zuk txapelketa berdinean aritzeak zuen arteko lehia dagoela esan nahi al du? Inolaz ere. Hiruotatik anaia da azkarren doana eta aita eta biok antzerako denboretan gabiltza. Normalean anaia atzean baldin badut, ez du esan nahi okerrago dabilenik, kontrakoa baizik. Askotan, gasolina hornitu ostean ez duzu jakiten lehiakidea benetan zure atzetik edo aurretik doan. Baina hirurotatik irabazten duenak irabazita, beti pozten naiz. Angela, ezkerrean aita eta eskubian Ander anaia dituela. Ama izan zinenetik ez al dizu beldur pixka bat ematen pilotu izateak? Mendian balitz agian gehiago, baina ez, nik uste dut nahiko segurua dela erresistentzia probetan aritzea. Gidatzen duzunean (ez lehiaketatan) irratia pizten al duzu? Bai, eta gehien bat musika emisoreak sintonizatzen ditut; albistegiek eta aspertu egiten naute. Nola gidatzen dugu gure errepideetan? Ezin da orokortu, denetarik dago! Baina kontuz joatea ezinbestekoa dugu, gidatzen dugunean norberaren eta gainerako jendearen bizitzak baitaude jokoan. Ez da berdina adrenalina askatzeko zirkuitu batetan aritzea edota askok uste duten bezala, errepideak beraienak direla pentsatzea. Puntuena ona izan daiteke, moduren batean arauak errespetatzen lagunduko duelakoan nago. Baina lege batzuk zorrotzegiak direla ere pentsatzen dut, egungo errepideak ez baitira lehengoak bezalakoak. Amaitzeko, aitortu iezaguzu baduzun idolorik. (Barre) Aita eta anaia beti izan ditut alboan eta asko irakatsi didate. Baina idolo bat esatekotan, ez dakit zein hautatuko nukeen... Angela Vilariño (Hondarribia, 1985) Administrazio arloko ikasketa arautuak egin arren kotxera igo eta lasterketatan parte hartzen ari da. Kart batekin hasi zen, mendiko lasterketekin jarraitu eta egun Europoko Erresistentzia Txapelketa egiten dihardu. Bere palmaresean daude besteak beste, Gazte mailan Euskadiko Karting txapelduna 1999 eta 2000an; Euskadiko Mendi Txapelketan 4. postua 2004an eta txapelunorde 2005ean; Europako Mendi Txapelketan emakumeen artean txapelduna 20006an . 20008an Europako Erresistentzia Txapelketan parte hartzen hasi zen.