470 Zenbakia 2009-01-23 / 2009-01-30

Euskonews Gaztea

Gaiak: Errepideko kontuak

AIESTARAN, Nagore



Motxila bat zuen soilik bizkar gainean eta beranduago jakingo nuenez, bertan gordetzen zituen azken urteetako oroitzapen garrantzitsuenak. Fraka eta alkandora beltza soinean, errepide bazterrean auto–stop eginez ezagutu nuen Maitane. Beti bezala, aurrena kotxea geratu edo ez zalantzan egon nintzen, baina luzea nuen hirirako bidea, eta bakarrik baino, lagunartean errazagoa izango zela iruditu zitzaidan.

Neska ilehoria ez zen hiztun handia; are gehiago, aurreneko ordu–erdian kostata atera nizkion bere izena eta jatorria. Baina bazirudien konfiantza hartzen hasi zela, eta apurka adina, ikasketak eta musika zaletasunei buruz ere hitz egin zidan.

Jomuga hiru ordutara oraindik, bide bazterreko tabernan geldiunea egitea ideia bikaina iruditu zitzaigun, eta atetik sartzearekin bat, lagun berriaren musikari gogokoena irratian topatu genuen. Ez dut uste konturatu zenik, baina ordura arte irribarre egin ez zuen emakume hura barre xumez ahapetik kantuz ari zela ohartu nintzen; ez zeukan ahots txarra, ez horixe!

Beste ordubete autoan egin orduko, bion afizioak elkar ezagutzen genituen, bion beldurrei buruz mintzatu, eta azkenik, bion arteko berdintasunak ugari zirela jabetu ginen. Begi–bistakoa zen aurretik ezagutu ez eta horren gertuko sentitzen nuen pertsonari ezin niola alde egiten utzi eta nire telefono zenbakia eman nion. Atrebimenduz agian, baina bide onetik nindoan segurtasunez.

Hurrengo asteetan hirutan elkartu ginen. Zinera, bazkaltzera eta baita kirol pixka bat egitera joateko hitzorduak egin genituen; noski, laguna gehiago ezagutzeko aprobetxatuz... Eta hor etorri zen aurreneko sorpresa. Familia kontuak gora eta behera, gure aitona–amonen izenak berdinak ziren. Urrutiago joanez, bion aiten izenak bat zetozen eta gainera lanbide bera zutela jakin genuen. Baina ezin zitekeen kasualitate hutsa izan. Nire etxeko armairutik argazkiak atera nituenean, lagunak izateaz gain, ahizpak ere bagarela konturatu ginen!

Sekretuak sekretu, asko irabazi dugu biok eta bere momentuan argibideak eskatu arren, aberatsagoa sentitzen naiz.