Euskonews Gaztea
Gaiak: Juan Solis Godoy
ABAROA, Amaia AGUILERA, Laura RIVERA, Andrea SILVA, Nagore
Bilboko Begoñazpi Ikastola (Batxilergoko 1.go maila)
Pasa dan barikuan Basauriko MASTERS gimnasiora joan ginan bertako taekwondo entrenatzaileagaz, Juan Solisegaz, elkarrizketatzeko asmoz. Gaur egun entrenatzailea dan gizon honek, 1992ko olinpiadetan zilarrezko domina irabazi eban. Horrela, ordura arte olinpiadetan dominaren bat irabazi eban lehengo bizkaitarra izan zan.
Nola sartu zinan taekwondoren munduan?
Taekwondon sartu baino lehenago futbolean jokatzen egon nintzan. Baina futbola taldeko kirola danez, taldeko pertsona guztien esfortzua beharrezkoa da arrakasta lortzeko. Horregaitik, nire anaiak gimnasioa zabaltzean, berak irakasten eban taekwondoa frogatzea erabaki neban. Juan Solis entrenatzen duen talde batekin.
Zerbait itzi behar izan zenduan goi mailara heltzeko?
Nire adina ebenak beste gauza batzuk egiten ari ziranean ni entrenatzera joaten nintzan, baina, ondo eroaten neban. Hala ere, begibistan dagoanez, etsi egin neban. Izan ere, nire lagunak euren neskalagunekaz kalean poteatzen ibiltzen ziran bitartean, ni entrenatzen nengoan. Dana dala, astialdia aurkitzen saiatzen nintzan. Askok eta askok pentsetan dabe lehiaketa kirolek denbora asko kentzen dabela, baina nire ikuspuntutik zeu zara denbora emoten deutsazuna.
Zelan sentitu zinan Joko Olinpikoetan bigarren postua lortzean?
Poztasun izugarria, eta uste dot kirolaren ikuspuntutik, konparaezina dala. Olinpiaden ikerketa bat dago, non dinoen bigarren postuan geratzen dana olinpiaden hiru irabazleen artean frustratuena edo galtzailea dala. Hala ere, nik momentu horretan pentsatu izan nebana ez zan izan bigarren geratzeak porrota egin nebala esan gura ebala, ni baino hobeto egin eban beste lehiakide bat egon zala baizik. Alde txikia izan zan, baina bere onerako izan zana. Dana dala, irabaztea dagoan gauzarik hoberena izan zan niretzat; Espainian egoteagaz bat egin eban, azkenak izan ginan desfilatzen, Basauriko jende piloa bertan ikustea? honegaz guztiagaz lotutako sentsazioa izugarria izan zan.
Begira, ni mota askotako lehiaketetan egon naz, podiumetara igon dot, baina joku olinpikoak bereziak dira. Jokoak, lau urtero daukaguz. Ordukoak, nik parte hartuko neban azkenengoak izango ziran. Garai horretan, taekwondoari buruz genkiana Bartzelonan egongo zala zan. Beste lau urteren buruan gertatuko zana negoziatu behar zan eta ez genkian jarraituko eban edo ez. Hori kontuan hartuta, poztasuna sekulakoa izan zan, joku olinpikoak besta gauza bat dira, beste historia bat, ez dakit zelan adierazi: apartak dira. Gimnasioan entrenamendu saio batean.
Zelan heldu zinan Espainiako selekzioa entrenatzera?
1992ko Bartzelonako Joko Olinpikoen ostean, Munduko eta Europako txapelketetan konpetitzen jarraitzea eskaini eustien. Baina, nire konpetitzeko garaia amaitu zanez, ezetz esan neban. Orduan, eskaini eusten Espainiako selekzioa entrenatzea.
Zer ezaugarri daukaz lehiakide on batek?
Nire ustez, lehenengo gauza, norberarengan konfiantza izatea da. Gainera, bere aukeretan sinesten ez dauan pertsona batentzat oso zaila da bizitzan zeozer lortzea. Izan ere, taekwondoa bizitzagaz konparatuta oso erraza da; beste bategaz lehiatu behar dozu. Beraz, konfidantza izatea oso garrantzitsua da; horregaz batera, lana eta jarraikortasuna datoz. Hortik aurrera, gauza asko aldatu daikezu, baina lanik egiten ez badozu eta iraunkorra ez bazara, tope batera helduko zara eta bertan geratuko zara, aurrera egin barik.
Gaur egun ez dozu konpetitzen, zer botatzen dozu faltan?
Hain gogo handiagaz eta intentsitate handiagaz entrenatu ondoren ondo urtengo dauan ala ez jakitearen adrenalina da gehien sumatzen dodana faltan. Baina, orain, entrenatzailea izanik horren zirrara apur bat kendu dot. Dana dan, orain ez naz ni bakarrik arduraduna. Lehen nire lehiakideez bakarrik arduratzen nintzan. Nire anaia zan entrenatzailearen papera eukana. Zirrara sentitzen jarraitzen dot, era ezberdinean, baina hor jarraitzen dau. Adibidez, uste dozunean zure ikasleek lortu ahal dabela, asko entrenatu dabelako eta momentu onean dagozelako, zuk zeuk ezin dozu askorik egin, euren esku baitago %70ean.
Zer da gogokoen dozuna entrenatzaile lanean?
Bizi izan dozuzan gauzak transmititu ahal izatea. Kirol edo lan leku gitxitan sentitu ahal dozu bizi esperientzia bat baten baino gehiagotan.
Eta gitxien?
Gitxien, kasurik egiten ez dabenean, egindako lan guztiak ez daualako ezertarako balio nabaritzen dozulako.
Hasi zinanetik orain arte nabaritu dozu aldaketaren bat konpetitzaileen formakuntzan?
Aldaketak nabaritu dodaz entrenatzeko moduan, ez hobeto ez txarrago, aldatu dira besterik ez. Baina ez taekwondon bakarrik, bizitzan orokorrean baizik. Nire ustez, inor mespretxatu gabe, gaur egungo gazteek daben gauza txarra dana azkar lortu nahi dabela da. Eta, zoritxarrez, gauzak ez dira horrela lortzen, danak dauka prozesu bat, ikasketa prozesua eta praktika prozesua. Horregaitik, uste dot hori dala gaur egungo gazteen akats nagusia, taekowndon be ikusi ahal dana.
Gauza on asko euki arren, huts egiten dabela be uste dot, gitxienez, gimnasioan ikusten dodanagaitik. Nik adibidez, Espainiako txapelketa bat irabazi neban arte lau urte eman behar izan nebazan horretarako. Hau da, bakarrik konstantzia izan zala arrakasta lortzen lagundu eustana, eta seguruenik, irabazi nebanean poz handiagoa sorraraztea eragin eban.