Euskonews Gaztea
Gaiak: Zer dakit Astronomiaz?
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Ez naiz gezurretan hasiko, beraz, oso gutxi dakit Astronomiari buruz. Nire ezjakintasuna zabal adierazi bai, baina zergatik hautatu dut orduan gai hau urteari ekiteko? Izan ere, 2009a Astronomiaren Urtea izendatu dutela entzun dut.
Horren berri izan eta nire ezagutzaren gaineko hausnarketa egin berri dut, dakidana errepasatuz. Mundua existitzen denetik zerura begiratu eta izar zein planetak agertzen zaizkigu bertan gauero, eta lainorik ezean ikuspegia benetan ederra izan daiteke. Hala, gizakiak beti eduki du zeruko gorputzekin harremana, alegorikoki edota zientifikoki jakin–mina piztu izan baitzaio. Gaueko argiak arbasoen espirituak, jainkoen irudikapenak edota norabide jakin bati jarraitzeko zantzuak izan zitezkeen, esaterako.
Ikastolan Astronomiari buruz zerbait ikasi nuenean, aurreneko ikasgaia gure galaxiako planeten izenei buruzkoa izan zela uste dut. Noski, orduan Pluton oraindik ere planeta kontsideratzen zen eta bederatzi ziren guztira. Ondoren, lehendabiziko astronomoen izenak ezagutu nituen: Nikolas Koperniko eta Galileo Galilei.
Koperniko 1473eta 1543 urteen artean bizi izan zen eta berak iragarri zuen aurrenekoz Lurra eta gainerako planetak Eguzkiaren inguruan bira egiten zutela. Egia da gaur egun ez zaigula teoria hau arraroa egiten, baina kontuan izan behar da garai hartan eliza katolikoaren indarra izugarria zela, eta haien iritziz Lurra unibertsoaren zentroa zen. Hala, herejetzat kontsideratzen zituzten desberdin pentsatzen zutenak, eta badakigu zer gertatzen zitzaien: akusazioak, torturak, heriotzak... Arrazoi horiek medio berandu argitaratu zen teoria, eta ez zen Galileoren epokara arte ideia hori berpiztu.
Bigarren zientifiko honen gainean esan dezaket, 1564an jaio eta 1642an hil zela. Kristaua zen, baina horrek ez zion eragotzi bere teorien berri ematea. Modu horretan elizaren usteak kritikatu eta Lurra beharrean Eguzkiari garrantzia eman zion honek ere. Eta Kopernikok baino zorte txarragoa eduki zuen, Inkisizioak akusatua eta epaitua izan baitzen. Torturak zirela eta teoriei uko egin zien bere bizia salbatzeko.
Ideia ofizialen aurka egin zuten bi pertsona horiek bide berri bat zabaldu zuten, nahiz eta mendeak igaro behar defendatzen zutena egia zela baieztatzeko. Haien ikerketei jarraitu dieten astronomo asko dago, baita euskaldunak ere (Jon Markaide, adibidez). Bestalde, badaude profesionalki ez baina zeruko izar eta planeten gaineko afizio itzela dutenak, eta hauek ere garrantzitsuak izan daitezke egin ditzaketen ekarpenak direla eta.
Agian, beraien urtea izan daiteke heldu berri zaiguna...