466 Zenbakia 2008-12-19 / 2009-01-02
Hotz eta elurrarekin batera, opor garaia ere iritsi da gurera. Batzuentzako poztasun epoka izaten da, besteek tristura sumatzen dute eta urteko edozein egunetan bezala sentitzen direnak ere aurki ditzakegu.
Zenbaitentzat erlijio festa da, barkatzeko eta familian egoteko garaia. Beste batzuentzat berriz, ez dauka esanahi berezirik, eta atseden hartzeko eta deskonektatzeko balio dute egun hauek. Nolanahi ere, jai kontsumista bihurtu da azken urteetan, dirua xahutzea derrigorrezkoa dela ematen du. Gainera, Gabon garaia geroz eta lehenago iristen dela ezin dugu ukatu, behintzat horretan saiatzen dira udal zein komertzioak, dela kaleak argiekin apaintzen, erakusleiho erakargarriak ipintzen... Eta telebista piztuz gero, zer esanik ez! Garai honetan haur, gazte zein helduei zuzendutako iragarkiak biderkatu egiten dira eta badirudi ezin dela horietatik ihes egin. Asier eta Irati. Gazteen aburuz
Euskonews Gazteak, gazteek Gabonen inguruan zein nolako iritzia duten jakin nahi izan du. Hona hemen Durangoko Azokan harrapatu genituen hiru gazteren erantzunak.
“Gabonak niretzako oporrak dira batez ere” Erantzuten aurrena, Irati Urkitza; Algortakoa da eta 16 urte ditu. “Gabonak niretzako oporrak dira batez ere, ez dut erlijio kontuekin lotzen. Olentzero etortzea ondo dago, baina egia esan ez dizkit opari asko ekartzen, beraz ez dit horrenbesteko ilusiorik egiten. Bestalde, normalean baino gehiago jaten dugu familian, baina orokorrean ez dut ezer berezirik egiten data hauetan.”
“Gabonek faltsutasuna esan nahi dute” Algortako beste mutil batekin egin dugu topo. Asier da bere izena, 15 urte ditu eta kuriositatea sartu zaigu bere iritzia ezagutzeko. “Niretzako Gabonek faltsutasuna esan nahi dute; denda kate handi baten asmakuntza dela iruditzen zait. Gu garai honetan oso ondo gaude, baina esaterako Palestinan, jendeak hiltzen jarraitzen du. Dirua irabazteko asmakuntza da.” Hala ere, zerbait ona edukiko duelakoan gaude, eta baiezkoa esaten digu, “oporrak edukitzea ondo dago, baina Olentzero–eta ez ditut gustuko.” Marta lagun batekin.
“Gogo handia daukat Gabonetarako” Hirugarren iritzi bat bilatu nahian erakustazokan gora eta behera ibili eta azkenean lotsatzen ez den neskatxa baten erantzuna jasotzen dugu. Beste bizkaitar bat, hau da hau kointzidentzia! Marta Bidartek 15 urte ditu eta Abadiñon bizi da. “Gogo handia daukat Gabonetarako, gustuko ditut jai hauek,” aitortzen digu. Zergatik? Izan da gure hurrengo galdera. “Familia Madriletik etortzen da, eta pozik jartzen nau horrek. Gainera bi astez oporrak izango ditut eta aprobetxatu egingo dut.” Opariak Olentzerok edota Errege Magikoek ekartzen dizkioten galdetuta, “bi datetan jasotzen dut zer edo zer,” esan digu bizkaitarrak.
Ospakizun moduak modu, argi dagoen bakarra gure kaleetan neska–mutilen alaitasuna ez dela faltako datozen egunotan eta Gabonak atsegin ez dituenak ere, sentipen berezia bizitzen du. Ongi pasa!