465 Zenbakia 2008-12-12 / 2008-12-19

Euskonews Gaztea

Gaiak: Jet Lag Bio, Bilbon

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Argazkiaren oina eta egilea

Bilbon hitzordu berezi bat egongo da abenduaren 19an hasi eta 23ra bitartean. Izan ere, Bizkaiko hiriburuak gazteei zuzendutako ekitaldi bat abiatuko du Bilbao Aktiba II. Gazte planaren barruan.

Asmoa, Bilboko eta mundu zabaleko beste bost hiritako informazioa ematean datza, baina beti ere gazteen ikuspuntutik. Hala, Deustuko kanalean aurki daitekeen industria nabe bat bereziki egokituko dute hitzordurako eta esan bezala, bost hiritako aspektu desberdinak gerturatuko zaizkie parte–hartzaileei. Mundu zabaleko hiriak

Bilboz gain, beste bost hiri izango dira protagonista gazteei zuzendutako ekimenean: Medellin, Berlin, San Frantzisko, Dakar eta Shangai. Zergatik? Antolatzaileen esanetan, “azken urteetan aldaketa garrantzitsuak eman dira guzti horietan.”

Esate baterako, Medellinen kasuan, “azken urteetan aurrerapen garrantzitsuak eman dira kultura, arte edota hezkuntzari dagokionez.” Gainera, gogoratzen dute Bilbo eta Medellin anaitutako hiriak direla.

Berlinen kasuan, berreraikitzeko gaitasuna duen hiri bezala definitu dute eta tendentzien aldetik berritasunaren ezaugarri dela nabarmendu. Eta San Frantzisko? Hiri kosmopolita izanik, aukera aniztasuna topatu ahal da bertan. Dakarrek ere nabari jasan du aldaketa azken urteetan eta kontuan hartzekoa da Senegaleko etorkin asko eta asko jasotzen dituela Bilbok. Azkenik, Shangai Munduko Erakusketa antolatzen ari da 2010erako eta Bilboren proiektu batek lekua izango du bertan; hortxe Jet Lag Bioren barruan egoteko arrazoietariko bat. Graffitien inguruan tailerrak egingo dituzte, esaterako. Makina bat ekintza

Baina zer egiteko aukera egongo da Jet Lag Bio 08ak iraungo duen bost egunetan? Besteak beste, graffitiak sortzen ikasteko eta praktikan jartzeko denboraz gozatuko da. Gainera, patinatzeko (skate eta roller) zenbait trikimailuren berri eman, eta parcour kirolaren gainean ere gehiago ikasiko dute Street Art deituriko gunean elkartzen direnek.

Bestalde, birziklapenaren inguruko artea egiten ere ikasiko da. Hasteko gaiaren inguruko nondik norako batzuk ezagutu eta ekimenean protagonista izango diren sei hirietako errealitateak ezagutuko dira. Ondoren, Bilboko hondakinak erabiliz, sormen lanak egingo dituzte Zoko gunean.

Bestalde, teknologia gunea ere aurkitu ahalko da industria–nabean. Modu honetan, PC edota Mac bitarteaz bideoak editatuko dituzte, blogak sortzen edota dagoeneko existitzen direnak bisitatzeko parada egongo da.

Gaztea bazara, ekimen berezi batean parte hartu eta munduko errealitate ezberdinak ezagutu nahi izanez gero, Bilbon duzu aukera paregabea.