464 Zenbakia 2008-12-05 / 2008-12-12
Azaroak 28, 29 eta 30ean Eusko Ikaskuntzako Gazteria Sailak martxan jarritako proiektuaren parte–hartzaileak (zortzi gazte euskaldun eta nazionalitate desberdinetako beste zortzi gazte) Zarautzeko Igerain aterpetxean elkartu ziren proiektuaz hitz egin eta elkar ezagutzeko.
Europar Batasuneko Gazteak Ekinean programaren barruan Euskal Herriko zortzi gaztek eta nazionalitate desberdinetako beste zortzik (frantsesak, ingelesak, italiarrak, turkiarrak) bi testuinguru desberdinetan kalkulatutako aztarna ekologikoak alderatu zituzten: Portugaleteko Eskola Nautikoa alde batetik eta Bordeleko Lizeo Frantses bat bestetik. Azken hauek Frantziako Concordia Elkartearen gidaritzapean egin dute lan. Bi egoera/errealitateak konparatu eta aldagaiak aztertzeaz gain, gazteek etorkizunerako hartu beharreko zenbait neurri zehazteko parada ere izan zuten.
Eusko Ikaskuntzak irailean abian jarritako ekimen honen helburu nagusia gazteengan garapen iraunkorrarekiko sentsibilizazioa areagotzea eta gazteen arteko talde lana bultzatzea da. Jolasteko denbora ere eduki zuten. Lana eta aisia tartekatuz
Ostiralean arratsaldeko 19:00tan geldituta zeuden bi taldeak Zarautzen, Igerain Aterpetxean. Aurkezpenak egin eta gero bi taldeetako kideek aurreneko hartu emanak edukitzeko eta hainbat galdera egiteko parada izan zuten afarirako ordua iritsi baino lehen.
Larunbat goizean berriz lanerako ordua iritsi zen eta talde bakoitzak aurreko hilabeteetan egindako lana azaldu zuen. Bai euskaldunak eta baita atzerriko taldeak ere, bi pertsonez osatutako azpitaldeetan egin dute lana eta halaxe egin zuten aurkezpena ere. Ikertutakoaren aurkezpenak egin eta gero, taldeen arteko lehenengo galdera–erantzunak suertatu ziren.
Arratsaldean aisialdirako ordua iritsi zen eta Euskal Jolas eta Jokoak jarri genituen martxan bi taldeetako harremanak estutzeko eta atzerritik etorritako gazteei euskal kultura hurbiletik eta era praktiko batean ezagutzeko aukera eskainiz. Txingak, sokatira, euskal dantzak, denetarik egiteko beta eduki genuen.
Igande goizean berriz lanerako txanda iritsi zen berriro ere eta behin bi Aztarna Ekologikoak aztertuta, etorkizunean zer nolako pausuak eman daitezkeen helarazi zituzten gazteek:
– Nola gutxiagotu daiteke bi testuinguru hauetan naturari egiten zaion kaltea? – Zer egin daiteke gizartean horren gai garrantzitsuarekiko sentsibilizazioa areagotzeko? – Ze urrats eman ditzakegu gazteok gure ingurunean garapen iraunkorraren gaia helarazteko? Ze komunikazio bide landu ditzakegu?
Erantzun, ideia eta proposamen ugari irten ziren gazteen aldetik. Proiektuaren baitan aurreikusita dauden bileretan, asteburuan jorratutako gaiak aztertu eta difusiorako komunikazio plan bat egitea izango dira hurrengo egitekoak.