Euskonews Gaztea
Gaiak: Euskonews Gaztea, Durangoko Azokan
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Iristear da Durango Euskal Liburu eta Disko Azokaren edizio berri bat; abenduaren 5ean irekiko dira ateak eta 8ra arte iraungo du ekitaldiak. Berrogeita hirugarren aldiz Bizkaiko herriak milaka euskaltzale jasoko ditu Landako Erakustazokan, bertan kokatuko diren standetako eskaintza zer–nolakoa den ikustera gerturatuko baitira. Gerediaga elkarteak antolatutako urteroko hitzordu honetan nobedade asko eta asko topatuko ditugu liburu, disko edota DVDei dagokienez, esaterako. Aurtengo azokako kartela. Euskonews Gaztea, liburu bihurtuta
Aipatzekoa da aurtengo berritasunen artean EUSKONEWS GAZTEAk Durangoko Azokarako kaleratuko duen liburua dagoela. Bertan, astekarian publikatutako zenbait elkarrizketa eta artikulu jasotzen dira; bai ikastetxeetako ikasleen lanak zein kolaboratzaileek sortutakoak. Hala bada, esan daiteke gazteek egindako sormen lanekin osatutako liburua jaio dela.
Interesatuek Eusko Ikaskuntzak jarriko duen mahaietan (Artekale 13–15) bost euroren truke eskuratu ahalko dute aldizkariaren bi urte hauetako lanen bildumatxoa. Abenduaren 5ean, esker onez
Liburuaren argitalpenaz gain, EUSKONEWS GAZTEAk ekimen berezi bat egingo du abenduaren 5ean Durangoko Azokan bertan, eguerdiko 12etan. Asmoa, agerkaria egiten lagundu duten bi ikastetxetako ordezkariei eskerrona adieraztea.
Ekitaldi berezia izango da, eta Bilboko Begoñazpi Ikastolako Garbiñe Ibarra eta Kanboko Xalbador Kolegioko Mikel Cazaubon eta Miel Rodriguez irakasleei opari bana emango zaie ikasleekin burututako lana eskertu asmoz. Ikastetxe horietako estudianteek sortutako lanen atzean, irakasle hauen segimendua eta emandako erantzun bikaina nabarmendu nahi izan du EUSKONEWS GAZTEAk.
Durangoko Azokatik igarotzeko asmoa baldin badaukazue, ez galdu Eusko Ikaskuntzaren standetik igarotzeko aukera!