462 Zenbakia 2008-11-21 / 2008-11-28
Ez al diozu inoiz zeure buruari galdetu zergatik ospatzen diren nazioarteko egunak maiz ez baldin badute ezertarako balio? Arrazoiak arrazoi, neuk behin baino gehiagotan. Hala ere, kasu askotan garrantzitsuak iruditzen zaizkit egiten diren aldarriak, eta iruditzen zait kontuan hartu beharrekoak direla, gutxienez daramaten mezua.
Txinan, Australian, Hegoafrikan, Kanadan, Euskal Herrian... Zoritxarrez, mundu guztian zehar emakumeen kontrako biolentzia ematen da; matxismoa izugarria da oraindik.
Etxean, kalean edota lanean... Edonon eman daiteke kasua eta aski da! oihukatu behar dugu ozen, kikildu gabe. Bozgorailua behar dugula? Erabiliko dugu. Ez gaituztela entzuten? Esfortzu handiagoa egingo dugu.
Indarkeria, jazarpena, mespretxua... Guzti hori bizi duenak izugarrizko zama darama berarekin, eta ahalegin osoa egin behar du gizarteak oro har pisu hori arintzeko eta behin betiko deuseztatzeko. Zaila da, okerreko bideak mendeak daramatza eta inposatzen.
Irratian, egunkarian, telebistan... Egunero notizia txar horiekin albisteren bat edo beste egokitzen zaigu parean. Fisiko zein psikologikoki zanpatzea eta auto–estimurik gabe uztea badirudi bolo–boloka dabilela.
Zer egin dezakegu? Zaila da eta agian ni ez naiz egokiena argibideak emateko. Nire partetik behintzat, horrelako kasuren bat ezagutuz gero, SALATU. Egoera horretan nire burua ikusten badut, SALATU. Eta nire seme–alabak modu egokian HEZI. Urrats txikiak emateak aurrera egiteko balioko digula uste baitut.
Hala ere, ez gaitezen ahaztu, gizonezko batzuek ere jasaten dutela tratu txarra, eta argi eta garbi dago, indarkeria modu desberdin guztiak desagertzearen aldeko apustua egin behar dugula.