461 Zenbakia 2008-11-14 / 2008-11-21

Euskonews Gaztea

Gaiak: Toleranteak al gara?

BEREZIARTUA, Loren



Gaur lagunek gauzak zituzten egiteko eta ez neukan etxean asper–asper eginda geratzeko gogorik. Horregatik, kalera irten naiz bueltatxo bat ematera. Jende ugari zebilen eta adi–adi aztertu ditut. Azken urteotan etorkin asko eta asko iritsi dira nire auzora eta kultura aniztasuna nabari daiteke kaletik paseatzerakoan. Nire bizilagunak txinatarrak, indiarrak eta kolonbiarrak dira, beste askoren artean.

Parkera iritsi naizenean haur mordoxka zebiltzan jolasean; batzuk txirristan, besteak zabuetan aurrera eta atzera, beste taldetxo bat ezkutaketan jolasten... Ederra iruditu zait, izan ere azal kolore ezberdinak ikusi ditut: txuri, beltz... Nabari da haurrek ez dutela bereizketarik egiten!

Baina tristea da beste hainbat kasutan kanpotik etorritakoek sufritu behar izaten dutena. Azken batean beraien herrialdea uzten dute eta maiz egoera zailetan gainera; askok negozioak irekitzen dituzte, gure artean integratzen (saiatzen) dira... Eta zenbat pertsonek baztertzen dituzten, hori bai dela penagarria!

Jendaurrean toleranteak garela esaten dugu; bakarrik gaudenean, kontrako eran jokatzen dugu maiz. Bai, batzuetan baita nik ere, aitortu beharra daukat. Horregatik nahiko nuke txikia izan, edonorekin jolasteko jatorriari, azal koloreari eta oro har, sineskerei erreparatu gabe.

Telebista piztu dut etxera ailegatzerakoan, eta hara ze notizia! Zoo batetan jaiotako bizpahiru tigre–kume agertzen ziren (badirudi amak baztertu dituela). Eta haiei jaten ematen, haiekin jolasten, haien ama–lanak betetzen... txinpantzea! Ohartu naiz, asko daukagula ikasteko oraindik.