Euskonews Gaztea
Gaiak: Miguel Ibarra, Alaveseko jokalari ohia
IBARRA, Egoitz IBARRETA, Aimar
Duranako Ikasbidea Ikastetxea (DIB 4 taldeko ikasleak)
Miguel Ibarra Gernikan jaiotako futbol jokalari ohia da, eta Gasteizko Alaves futbol taldean jokatu zuen 1951. urtetik aitzinera. Berarekin aukera paregabea daukagu lehengo eta oraingo futbol jokalarien arteko konparazioa egiteko. Hona hemen gure galderak, eta baita bere erantzunak ere. Alaveseko taldea, 1953-1954 denboraldia.
Zein urtetan eta nola iritsi zinen Alavesen jokatzera? Nola bizi izan zenuen egoera hura? Horrek bizileku aldaketa dakar bere baitan, gogorra izan al zen zuretzat? Zertan?
Gasteizera 1951an iritsi nintzen, bizitza aldatu egin zitzaidan nik aurretik lan egin eta futbolean jokatzen nuelako eta Gasteizera iristetik aurrera futbolean jokatzera dedikatu nintzen soilik. Hasieran, aldaketa handia izan zen etxetik kanpo bizitzea, latza delako, baina Alavesen Gernikako bi jokalarirekin topo egiteak gauzak erraztu zizkidan. Gainera, atzerritarrik ez zegoenez elkarbizitza errazagoa izan zen.
Zein taldetan aritu zinen jokatzen Alavesera etorri aurretik? Zein iritzi zuen zure familiak futbolean jokatzeko ideiari buruz?
Lehenengo, Gernikan aritu nintzen futbolean jokatzen. Orduan hamazazpi urte nituen eta nire taldekideak ni baino nagusiagoak ziren eta urte hartan txapeldunak izan ginen. Hurrengo urtean Gernikatik Getxora joan nintzen jokatzera. Getxon hiru urtez hirugarren mailan jokatu ostean, Alavesera jokatzera etorri nintzen. 1954-55 eta 1955-56 lehenengo mailara iritsi zen Alaveseko taldea.
Familiak ez zidan inoiz oztoporik jarri neuk nahi nuena egiteko, beraien ustez bizitzan aurrera egiteko irtenbide ona zela ikusten zutelako.
Zenbat futbol partidu jokatu zenituen lehenengo mailan? Zein izan zen zure partidarik gogokoena?
Bi urtez aritu nintzen lehenengo mailan eta ia norgehiagoka guztiak jokatu nituen lesioek errespetatu nindutelako. Eta horietatik nire gogokoena Madrilen kontra hemen Gasteizen, jokatu genuena izan zen.
Ba al daukazu futbolean jokatzen zenueneko anekdota berezirik?
Bai, Huescan jokatu nuen partidu batean izan zen. Kontua da epaileak gure aurka, gol bat ez zuela goltzat eman eta neuk nire taldekide bati ondokoa komentatu nion: epaile tentel hauek beti izorratzen gaituzte. epaileak entzun egin zuen eta ondorioz kanporatu egin ninduen.
Eta zenbat partidu jokatu zenituen Euskal selekzioarekin? Zein iritzi daukazu gaur egungo Euskal Herriko selekzioari buruz?
Gaur egungo selekzioa oso ona dela iruditzen zait erdilari onak dauzkalako. Tamalez garai hartan diktadura zela–eta ez genuen Euskal Herriko selekziorik.
Zenbat urterekin utzi zenion futbolean jokatzeari? Eta zergatik?
Hogeita hamar urterekin utzi nion futbolean jokatzeari, San Prudentzio egun batean egin zidaten omenaldi baten ostean. Bertan, Alaves eta Athleticen arteko partida jokatu genuen. Hirugarren mailara jaitsi ostean utzi nion futbolean jokatzeari, jada jokatzeak aspertu egiten ninduelako.
Atzerrian jokatu al duzu? Non izan zara?
Atzerrian jokatu nuen, Frantzian eta Luxenburgon zehar egin genuen bira batean.
Zein jokalari zenuen eredutzat garai hartan? Zer diozu Beckham bezalako jokalariei buruz?
Niri jokalaririk gustukoena Kubala izeneko jokalari hungariarra zen, Bartzelonan jokatzen zuen. Bestalde, Beckham jokalari ona dela uste dut eta oso mediatikoa iruditzen zait; jokatzen duen taldearentzat ona dela deritzot (edo dirudi).
Nola ikusten dituzu gaur egungo futbolariak?
Gaur egungo jokalariak onak iruditzen zaizkit, bai teknikoki, bai fisikoki oso ongi prestatuak. Baina nire ustetan gehiegi protestatzen dute eta jokatzerako orduan antzerki asko egiten dute aurkaria zigor dezaten azken horrek ezer egin ez dionean.
Justifikatuak al daude euren soldatak?
Toki guztietan bezala soldaten gaia oso desorbitatua dagoela iruditzen zait.