459 Zenbakia 2008-10-31 / 2008-11-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskal gazteak batuz

Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilua (eHgk)

Fitxa teknikoa

Elkartearen izena: Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilua (eHgk) Egoitza: Astigarraga bidea 2, 6.3–2 Herria: Oiartzun P.K. 20180 Lurraldea: Gipuzkoa Posta elektronikoa: ehgk@ehgk.org Telefono zenbakia: 605 917 502 Web orria: www.ehgk.org Gure helburua

eHgk–ren helburu orokorra, gazteriak kolektibo gisa eta bere garapenerako bermatuak behar dituen eskubideen alde urratsak ematea da. Gazte kolektiboaren aniztasuna bildu, eta indar–elkartze horren oinarrian gazteon erabakiak gauzatzeko tresna izan nahi du eHgk. Gure kabuz alternatibak eraiki eta gauzatzeko bilgune eta eremu.

eHgk–k eremu guztietan gazteriaren garapena bultzatu, lagundu eta sustatzeko lana egin nahi du. Gazteria osoaren bilgune izan nahi dugu, gure herrian gazte mailan dagoen aniztasuna kontutan hartuz, baina gazteriari zor zaion tokiarentzako borrokatzeko konpromisoa hartuz. Gazteon hitza eta erabakia bideratzeko gazte instituzioa abiatu nahi dugu eta gure hitza eta erabakia errespetatua izatea nahi dugu. Gure arazoen jabe garen heinean, gazteriak behar dituen alternatiba zein erronkei gogoz ekiteko gaitasuna dugu. Gure erabakiak jendartean errespetatuak eta aintzat hartzen direla bermatzea nahi dugu. Egindako lana

“Euskal gazteria, Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeetan, jatorri, etnia, kolore, sexu, sexu–joera, hizkuntza, erlijio, iritzi politiko edo bestelako bereizketarik gabe, bizi nahi duen kolektiboa da. Euskal gazteria, bi estatutan (Frantzia eta Espainia) eta bost administraziotan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa, Pirinio Atlantikoko departamentuan sartuta dauden Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa, Trebiño eta Villaverde Turtzioz) zatikatua dagoen kolektibo plurala da. Aniztasun hori kolektiboaren aberastasuna izanik, euskal gazteriak herri honen garapenari begira nahi eta behar komunak konpartitzen dituen heinean, zeresan handia du.” (Euskal Herriko Gazteriaren Eskubideen Karta, Kartak (2005ko azaroaren 18an Barañain)

Gazte Bilguneak, 2004.urteko abenduan bere jarduera hasi zuenetik honako helburuei erantzungo zien prozesua abian jarri zuen:

– Euskal Herriko gazteriaren eskubideen zerrendaketa egitea. – Euskal Herriko gazteriaren baitan inoiz egin den eztabaida prozesu zabal eta parte hartzaileena abian jartzea. – Gazteen hitza eta erabakia bideratzeko tresnak antolatzea. – Euskal Herriko gazteok sortu eta kudeatutako instituzioa abian jartzea.

Era horretan, honako emaitzak izan zituen prozesua abiatu zuen:

– Euskal Herriko Gazteriaren Eskubideen Karta adostu eta onartzea. – Euskal Herriko gazteriaren diagnostikoa (13 eremu barnebiltzen dituena eta bere osotasunean gazteok egina dena) burutzea. – Herriz herri aurkezpenak (osotara ia 60 bat aurkezpen egin genituen lurralde guztietan) – Euskal Herriko Gazteriaren Biltzarra antolatzea (2005.eko azaroaren 26an Barañainen 300dik gora gazte bildu zituena) – Euskal Herriko Gazteriaren Kontseilua abiatzea (2006.eko maiatzaren 9an Donostian egin prentsa–urrean aurkeztu zen) eHgk–ren aurkezpen prentsaurrekoan gazteria osoaren tresna izan nahi duen Kontseilu honen izaera, funtzioak eta egitasmo nagusiak zeintzuk izango diren aurkeztu ziren eta, gazte eragileen asanbladarako deialdia egin zen, bertan plangintza eztabaidatu eta adostuko zirelarik. Euskal Herriko Gazteriaren Kontseiluak (eHgk) herri honetako gazte guztientzako tresna izan nahi du; antolatuak eta antolatu gabeko gazteena, herrialde eta eskualde guztietako gazteena, eremu guztietan lan egiten ari diren gazteena.