458 Zenbakia 2008-10-24 / 2008-10-31

Euskonews Gaztea

Gaiak: Bihotz txiki tristea

GARAI, Maitane



Eskua jaso eta alderik alde mugitzeari ekin zion. Agur! oihu eginez korrika hasi zen. Samina jabetu zen bere bihotz txikiaz, baina bazekien momentu hartan urrutiratu ezean, betirako geratu beharko zela han.

Hamabost urte besterik ez. Txikia gauza batzuetarako, heldutasuna zoritxarrez, goizegi iritsi zitzaion Gorkari. Hiru urte lehenago hasi zen guztia. Ikastolatik poz–pozik etxeratu zen egun batean, ohikoa zen alaitasuna faltan sumatu zuen atea ireki orduko. Isiltasuna nagusi zen eta hotzikara sentitu zuen bizkarrezurrean barrena.

Egongelan aurkitu zuen, sofan eserita. Aitak –ordu horietan lanean behar zuenak– eskutik heltzen zion amari. Gaztea bai, baina ez zen inozoa Gorka; zerbait oker zebilela nabaritu zuen segituan.

Albisteak onak edo txarrak izan daitezke mundu honetan. Malkoak ere, mota ezberdinetakoak daude, poza, amorrua, beldurra, tristura... adierazten dutenak. Denek dute komunean gauza bera: gazitasuna; eta egoera hura halakoa zen, gazia, gardena baina aldi berean iluna... Gogoan du nola masailetik behera negar–tantak erotzen hasi zitzaizkion, bata besteren atzetik.

Hiru urte igaro ziren egongelako pasarte hura bizi izan zuenetik eta hala ere, astean behin tristura beraz jabetu eta isilean negar egiten zuen, berriro ama ikusi zuen arte. Argi distiratsua zuen inguruan, lasaitasun aurpegia, eta beti bezain ederra. Malkoak berriro, baina alaitasunezkoak kasu horretan begiek isurtzen zituztenak. Bere ahots goxoa berriz entzutea, bere usaia, bere presentzia nabaritzea...

Gorka ez zen horrela sentitu urteetan: salbu, kontent, lasai. Paradisua zirudien toki hartan orduak, hilabeteak, urteak eman zitzakeen eta halaxe esan zion amari. Baina honek bazekien hori ez zela posible; aita zoriontsu egitea zen garrantzitsua eta bueltatzeko ordua iritsi zitzaion mutiko gazteari. Urrezko atea zeharkatu behar zuen unean eskua jaso zuen, agur egin eta bestaldera igaro. Begiak itxita egin zuen guztia, eta irekitzean, ohean zegoela jabetu zen. Ametsa? Ez zuen uste, amaren usaia toki guztietan suma zezakeen eta.