Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazteak eta alkohola
OREGI, Esti PEREZ DE CABALLERO, June
Gasteizko OLABIDE Ikastola (Batxilergoko 1.go maila)
Gero eta eragin handiagoa du alkoholak gazteengan, eta gero eta gehiago kontsumitzen dela aipa dezakegu. Nahiz eta azken urte hauetan kopurua jaitsi den, egia da altu xamar jarraitzen duela. Hala ere, gure gurasoen garaiarekin konparatuz ezin da zalantzan jarri gaurko gazteok gehiago edaten dugula. 18 urte beherakoei salmenta debekatuta dagoela guztiok dakigu baina adingabekoek alkohola erostea lortzen dute berdin–berdin.
Gainera gaur egun erraztasun handia dago edozein lekutan zerbait hartzeko, diskoteka, taberna, pub eta abar ditugulako. Datu aipagarria da 12–13 urte bitarteetan hasten direla gazteak alkohola edaten eta 14 urteekin ohikoa dutela kontsumitzea, eta hau batez ere, asteburuetan ematen da, larunbatetan hain zuzen. Inkestek diote gero eta gazte gehiago direla larunbatetan alkohol tanta bat ere edaten ez dutenak, baina aipagarria da hiru lagunetik batek neurririk gabe edaten duela. Ez da oso datu lasaigarria, baina behintzat edaten ez dutenen kopurua handitzen ari denarekin gera gaitezke.
Baina nola iritsi gara egoera honetara? Modu batean esanda, alkohola da drogen artean arrisku gutxien daukana eta gazteak bertan babesten dira fama txarrak dituzten drogak alde batera utziz. Ostera egia da alkoholak jende gehienaren bizitzan parte hartzen duela; hots, gurasoek, medikuek, irakasleek... kontsumitzen dute eta askotan ahaztu egiten zaigu gazteek hainbat gauzatan helduen jokaera imitatzera jotzen dutela. Bada alternatibarik gazteek alkoholik ez kontsumitzeko?
Gauez irtetea alkoholarekin oso loturik dago gaur egun. Gaueko 12ak arte irteten diren gazteen %30a bakarrik etxeratzen da alkoholik probatu gabe. Kopuru hori %2raino murrizten da goizaldeko laurak aldera erretiratzen direnen artean. Gauez eta kalean, oso zaila gertatzen da alkohola saihestea. Gainera, leku ugaritan eskaintzen dizute alkohola eta honek kontsumoa handitzen du.Badirudi edatea modan dagoela eta lau katu dira hau gaitzesten dutenak.
Horretaz gain gaur egungo gurasoak askoz liberalagoak direnez haien seme–alabei mugak jartzea zailago egiten zaie.