456 Zenbakia 2008-10-10 / 2008-10-17

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Unai Arellano. (Jaso Ikastolako hezkuntza zuzendaria): Nafarroa Oinez jaiak aukera ematen digu euskara ikastolatik kanpo ateratzeko, eta Iruñerria euskararen erabilera horretan zirikatzeko

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Nerea Perez Ibarrola

Nafarroa Oinez 2008. Jaso Ikastola, Iruñea. Urriaren 19an da hitzordua eta dagoeneko guzti-guztia dute prest. Eguraldia ezik; hori ez baitago antolatzaileen esku. Baina gainerakoan, ongi pasatzeko makina bat kontu prestatu dituzte. EUSKONEWS GAZTEAk gehiago jakin nahi izan du aurtengo edizioari buruz eta berau antolatzen duen Ikastolari buruz. Hala, Unai Arellanorekin mintzatzeko parada izan du. Bera da Jaso Ikastolako zuzendarietariko bat eta gogotsu dagoela nabaritzen zaio Nafarroa Oinezi buruz mintzatzerakoan. Jaso Ikastolako zuzendaria zaitugu. Jaso Ikastolan ingeles irakasle bezala sartu nintzen orain zortzi urte. Baina orain bi urte zuzendaritza bikoiztu egin zen eta ordutik bi zuzendari gaude; ni neu hezkuntza zuzendari moduan eta Elena Ronkal zuzendari kudeatzaile gisa. Batez ere, pedagogiarekin zerikusia duen guztiaren ardura daukadala esan daiteke. Nafarroa Oinez antolatzen ere bazabiltza. Bai, Nafarroa Oinezko komunikazio batzordean nago eta azken urte honetako lana gogorra, nekagarria baina polita ere izan dela esango nuke. Ikastolak baditu urte batzuk, ezta? Bai, 1981. urtean inauguratu zen Jaso Ikastola. Zuzendari kargua 25. urteurrena ospatzen genbiltzala hartu nuen, gogoratzeko data zalantzarik gabe. Ikasle mordoxka bat ere badituzuela entzun dugu... Orain zortzi urte Mendebaldea auzora etorri ginen (aurretik ikastola Etxebakoitz auzoan zegoen) eta 1999an ospatu genuen aurrenekoz Nafarroa Oinez gaur egungo eraikina ordaintzeko. Orduz geroztik ikastolak aurrera egin du eta geroz eta ikasle gehiago ditugu; aurten 692 matrikulazio egin dira. Etorkizuna ziurtatuta egotea espero dugu! Aipatu berri duzu 1999ko Nafarroa Oinez. Zoritxarrez, ez zen espero bezala irten, ezta? Oso eguraldi txarra egin zuen urte hartan, egia esan. Horrelako egoeretan ematen den bezala, guraso, langile eta orokorrean guztion lan eta ilusioa zapuztu egin zen egun bakarrean. Baina orain bigarren aukera bat daukagu. Egia da 1999ko helburu ekonomikoak ezin izan genituela bete eta aurtengo jaiaren helburuetariko bat eraikin hura ordaintzeko dela. Bestalde, azken urteetan gauza berriak egin ditugu ikastolan: areto nagusia, patioa estali dugu... Horientzako ere dirua jaso behar da. Baina helburu ekonomikoaz gain, baduzue beste xederik. Garbi genuen Nafarroa Oinez Iruñerrian izanda, polita izan zitekeela beste gauza batzuetarako. Bertan Nafarroako populazioaren erdia bizi dela kontuan izanda, aukera ematen digu euskara ikastolatik kanpo ateratzeko, eta Iruñerria euskararen erabilera horretan zirikatzeko, adibidez; komunikazio helburua litzateke hori. Gaur arte egin ditugun jarduera guztietan euskara izan da nagusi eta Iruñean euskaraz bizitzeko aukera eman digu; maiz ez da erraza izaten eremu erdaldunetan. Bestalde, helburu pedagogikoa ere badu festa erraldoi honek. Bere inguruan hainbat arazo, errealitate, jokabide desberdin aurki ditzakegu eta gai horiek lantzeko aukera daukagu. Hala nola, alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumo maximoa... Ikasleak jolas-orduan.. Beraz, horren inguruan kontzientzia piztu nahi duzue. Hain zuzen ere. Ikastolen aldeko festa guztietan Askagintza elkartearekin egiten den proiektu bat dago. Egunean bertan, (eta baita aurretik ere, ikastoletan tutoreen bitartez) alkoholaren eta beste drogen kontsumoa lantzen da eta nerabeen artean hausnarketaren bidez kontzientziatzen saiatzen gara, ez debekuaren bitartez. Izan ere, azken aldian erlazionatu egiten da horrelako festa bat eta alkoholaren kontsumoa, esaterako. Bai, baina nik uste dut bizi garen errealitatearen isla dela. Hau da, gizartea horrelakoa da eta adibidez, San Ferminetan ikusten duguna beste edozein jai erraldoitan ikusten dena da. Modu horretan, ikastolen aldeko jaietan ere alkoholaren kontsumoa ikusten da bai gazte eta baita helduen artean ere. Baina horrek ez du kentzen gaiaren inguruan pedagogikoki gure lana burutzea. Gaiz aldaturik, nola ikusten duzu euskararen egoera Iruñean, eta orokorrean Nafarroan? Garbi dago D ereduaren matrikulazioa gora doala, baina gure ikastolan zoritxarrez (eta Iruñerrian orokorrean) horrek ez dauka eragin handirik euskararen erabileran. Oraindik ere asko kostatzen da gazteen artean hitz egitea. Gure esku dago ikastola garen heinean hori aldatzea, baina baita gizartearen esku, eta noski, baita administrazioaren esku ere; hamaika gauza egin baitaitezke euskararen erabileran motibazioa lortzeko. Guk behintzat gure eremuan eragin dezakegu eta saiatzen gara. Oso garrantzitsua da euskaraz hitz egiteko alorrak sortzea eta horretarako, irudimena martxan jarri behar da zalantzarik gabe. Zuek ikastolan euskaraz gain, beste hiru hizkuntza dituzue. Hala da, bai. Orain zortzi urte Eleanitz proiektuan sartu ginen, eta lau hizkuntza lantzen ditugu momentu honetan. Argi daukagu euskara dela gure oinarria eta hortik abiatuta beste hizkuntzak ere hor daudela badakigu. Zer esanik ez gaztelaniari buruz, gure ikasleen %90aren ama hizkuntza baita. Baina gero ingelesa eta frantsesa eskaintzen ditugu atzerriko hizkuntza bezala. Lau urtekoen gelan hasten gara ingelesa ematen eta DBHn Ingurune ikasgaia ingelesez ematen dugu; gainera, frantsesa sartzen da laugarren hizkuntza bezala. Argi geratzen zaigu ikastolak baztertzaileak direla esaten dutenak ez dabiltzala zuzen! Hori da. Azkenaldian asko entzuten da eskola eredu berri bat sortu nahi dutela euskara, gaztelania eta ingelesa uztartuz. Nik esango nieke ikastoletan behintzat elebitasunetik eleaniztasunera aspaldi egin genuela salto eta beste hizkuntzak ere lantzen ditugula. Zein da etorkinekin daukazuen esperientzia? Egia esan ez daukagu etorkin ?naturalik?, adoptatuak direlako gehienak. Hori baina, beste errealitate bat da, ikastoletan daukagun erronka berri bat. Hau da, hezkuntza eta administrazio aldetik gehiago bultzatu beharko litzateke etorkinak D ereduan matrikulatzea. Pasa gaitezen aurtengo Nafarroa Oinezko irudira. Kukuxumusun diharduen aita bat daukagu ikastolan eta berari komentatu ostean animatu ziren irudia sortzera. Igel bat da eta animaliaren ahotik irteten den mihiluzea ikus dezakegu. Horren bitartez erabiltzen ditugu hizkuntzak. Zergatik igela eta mihia? Jaso Ikastola Mihiluze kalean dago, Iruñeko zubi famatu bat da ere bada. Hala ere, jendeak esan digu denetarik ikusten duela, a bildua, esaterako. (barre) Eguna iristear dago eta suposatzen dugu dena prest izango duzuela, ezta? Bai, den-dena lotuta dago. Nabarmentzeko moduan, Jazz Txokoa antolatu dugula eta gainera, Hip-Hop gunea ere egongo dela zirkuituan. Bestalde, Iruñerrian bizi direnek bizikletaz etortzeko aukera edukiko dute. Azken urteotan ekologiaren gainean landu izan da zer edo zer, eta hemen ere berrerabiltzeko edalontziak egongo dira soilik. Eta eguraldia ez balego gure alde, bigarren gunean 2.000 metro karratuko karpa erraldoi bat jarriko dugu euritik babesteko; beraz ez dago aitzakiarik! Amaitzeko, anima itzazu gure irakurleak urriaren 19ko hitzordura. Animatu Nafarroa Oinezera etortzen, sekulako aukera baita Iruñera etortzeko! Gure aldetik ilusio handia jarri dugu guzti hau antolatzeko, bai guraso eta baita langileon aldetik ere eta euskararen eta ikastolen aldeko festa izanda, ongi aterako dela seguru gaude. Unai Arellano (Iruñea, 33 urte) Iruñekoa da Unai. Hogeita hamahiru urteko gazte honek Hizkuntza Psikopedagogia ikasi zuen HUHEZIn eta orain zortzi urtetatik dihardu Jaso Ikastolan lanean. Hala ere, azken bi urteetan zuzendaritzan dago Elena Ronkalekin batera eta azken urtean Nafarroa Oinez jaialdiko komunikazio batzordean ari da.