455 Zenbakia 2008-10-03 / 2008-10-10

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ipar Euskal Herria II. Gerla garaian

BARRENQUY, Oihana DAGORRET, Mailen

Kanboko Xalbador Kolegioko ikasleak

Alemaniak eraso egin zion Poloniari 1939ko irailaren 1ean, eta bi egun berantago, Poloniarekin aliaturik, Frantziak eta Erresuma Batuak gerla deklaratu zioten nazien menpe zegoen estatuari. Ondorioz bi aliantza sortu ziren: lehena Aliatuak, Frantziak eta Erresuma Batuak osatutakoa (AEB eta SESB, 1941. urtean bakarrik sartu ziren) eta bestaldetik Ardatza, Alemaniak, Italiak eta Japoniak osatutakoa. Donibane Lohitzune, okupazio alemaniar garaian. Pétain marexalak Hitler diktadoreari Frantziaren erdia utzi zion 1940ko ekainaren 17an, armistizioa da. Erabaki horren ondorioz, estatua bitan zatitua izan zen: iparra eta mendebaldea Alemaniak okupaturik; eta ekialdea Vichyko gobernuak maneiatzen zuen eremu “librea”. Biharamunean De Gaulle jeneralak Londresetik dei bat igorri zien Frantsesei, erresistentziarat deituz. Ipar Euskal Herriko populua ere zatitua izan zen, bai geografikoki baina pentsamoldeengatik ere. Lapurdi eta Baxe–Nafarroako parte bat Alemaniaren menpe egon zen eta azken horren bigarren partea eta Xiberua Vichy–ko gobernuaren aginpean. Vichyko gobernua

Vichyko gobernuak, armistiziotatik landa, Frantzia “librea” bere menpe zuen, eta Pétain buruzagitzat. Azken horrek hauteskundeak irabazi ondoren, botere guziak eskuratu zituen demokrazia baztertuz eta “erregimen autoritario” bat inposatuz Bere programa “iraultza nazionala” deitzen zen eta bere lema, Lana, familia, aberria.

Komunikazioa zentsuratua zen, hala nola prentsa arras hurbiletik kontrolatua zegoen eta izugarrizko propaganda bazen. Ondotik, kolaborazioaren ondorioz etsaiekin, Pétain marexalak lege antisemitak sortu zituen eta Alemaniari Juduak salatzen zizkion populu hori suntsitua izan zedin kontzentrazio esparruetan. Gainera, STO (Service du Travail Obligatoire) momentu haietan ere erabaki zuten, gazteak Alemaniarendako lanerat igortzea. Ondorioz, euskaldun askok herritik ihes egin zuten, erresistentzia bultzatuz. Horra Pierre Dagorreten lekukotasuna, bere anaia Alemaniarat joan behar baitzen: Baionako Euskal Museoan Soldaduaren Etxea ireki zuten 1939ko urriaren 16an.

Nork izendatzen zituen mobilizatuak eta Alemaniarat lanera joan behar zirenak?

Herrirat heldu zen hunanbeste gazteren galdea STO hortarat joaiteko. Baionan zen aleman aintzindariak igortzen zituen galdeak. Gero herri bakoitxetan, jaun Merak eta kontseiluak hain segur, ikusten zuten zoin ziren galdegin klasako gazteak eta ikertzen zoin etxetan zen beharrik haundiena gaztearen atxikitzeko edo zoin etxetarik bazien jadanik falta (Alemanian preso). Baztertzen zituzten etxen utzi behar zitezkeenak eta gero, xotxak ateratzen gelditzen zirener. Cyprien–ek ukan zuen galdea lanerat joaiteko, Espainiarat eskapatu zen.

Eta horra Anize Amestoyren amatxiren oroitzapen bat :

Oroitzen zira STO hasi zelarik ?

Bai, ikusi ditugu gazteak joaiten, ukan behar zuten 20 urte. Joan baino lehen besta bat egiten zuten eta biharamunean joan behar ziren. Baina ez ziren denak joaiten. Gure herrian mutiko bat joan zen, baina ez zen arribatu Alemaniara. Alemanak joan ziren bere familia ikustera baina haiek espres egin zuten ez jakitea nora joan zen eta ez zutela berririk. Egiazki bere ttanttaren etxera joan zen gordetzera Izpuran. Baina atzemana izan bazen aita eta amak ere eramanak izanen ziren.

Martin Jorreitoren erranen arabera:

Nola parte hartu duzu gerlan?

S.T.O. egiteko Alemaniara konbokatua izan nintzen nire lagunekin eta Baionako zitadelara igorria izan nintzen. Alamaniako bidean trenetik salto egin nuen eta nire etxera sartu nintzen. Han alemaniar polizia jinen zela nere xeka segur izanki, Espaniako muga pasatu nuen, eta Iruñeko presondegira igorria izan nintzen eta handik eskapatu. Gero Marrokara joan nintzen, han Frantses armadan sartu artillero gisa.

Bestalde, gobernuak Miliza erresistentziako partaideak eta Juduak harrapatzen utzi zuen. Ondorioz, Euskal Herriko jende aunitzek lagundu zituzten nazien harrapakinak Espainia eta Frantziaren arteko muga pasatzen. Pierre Dagorretek bere ihesaldia kontatzen du:

Nola egin duzu Espainiako muga pasatzeko ? Nork lagundu zaitu ?

Espainiarat pasatzeko Bidarraiko gazte batek lagundu ninduen. Joan nintzan bizikletian Bidarriraino han zur lantegi batean utzi nuen ene bizikleta eta gizonak hartu ninduen eta utzi mugaz beste aldean. Handik joan nintzan Cyprieni buruz, ez baitzen urrun, Elizondotik hurbil. Nik nahi nuen segitu amerikano kontsulerat eta handik Afrikara, baina anaiak nahi izan zuen egon nindagin haren auzoan. Franco eta Hitler, Hendaian, 1940ko urriaren 23a. Alemandarren heltzea

Alemanak Euskal Herrirat arribatu ziren 1940ko ekainaren 27an, kopuru handian, Hendaian Hitler eta Franco diktadoreek elgar ikus zezaten. Haien nagusitasuna erakusteko, Frantses bandera kendu zuten gamma–gurutzeez ordezkatzeko. Hilabete bat geroago, muga batek Euskal Herria bitan zatitu zuen: Lapurdi eta Baxe–Nafarroako parte bat nazien menpe eta azken horren bigarren zatia eta Xiberua Vichyko gobernuaren agindupean. Okupazio denboran, Alemanek errekisizio (konfiskazio) ugari egin zituzten. Anize Amestoyren amatxiren erranen arabera :

Errekisizioak baziren zure herrian?

Bai, laborariek animali batzu atxiki behar zituzten Alemanei emaiteko. Ogia ere hartzen zuten, gehiena hartzen zuten eta parte bat uzten ziguten. Baziren bestalde, etxe handi batzuk eta han egiten zituzten haien egoitzak, bainan gure herrian ez zen etxe handirik, beraz ez zen Aleman ainitz.

Bestalde, etsaiarendako okupazio gastuak izugarri pisutsuak ziren; 1940ko agorrila eta irailean bakarrik 2,3 milioi franko pagatu zuten haien manariak Miarritzeko hoteletan aterpetzeko. Arazo horren konpontzeko, Frantzia, Europa osoa bezala ekonomikoki ustiatu zuten okupazio tasak inposatuz eta lehengaiak pertsonaka neurtuz. Horra Germaine Apheceixen oroitzapen bat:

Eskasia bazen?

Bai, adibidez ez genuen ez kaferik, ez oihalik...Baina gehienik etxeko produktuekin bizi ginen : oiloak bagenituen, behiak, txerriak... Baina hori ere zaintzen genuen, txerri bat hiltzen genuen biren ordez, adibidez. Pentze bat bagenuen ere, barazkientzat, edo gariarentzat eta artoarentzat. Nere ama joslea zen, beraz zailtasunak baziren familia hazteko. Nere aita gauaz Juxura joaiten zen gari zaku baten xerka, bide ttipietan patruilak bazirelako: kontrabandoa egiten zuen. Baina bizia zaila zen hala ere, dena mugatu zen. Bakarrik hainbeste olio, azukre ukaiten ahal genuen, karta batzu ukan behar ziren janaria ukaiteko. Janari gutti zen, eta ez zen ona: txokolatea oso txarra zen, azukrea marroina zen, emaiten ziguten kafea ez zen egiazko kafea... Beraz nere aitamek ahal zutena egiten zuten: nere amak garia eta garagarra erretzen zituen, eta errautsatzen. Eta kafearen ordez kafea egiteko tresnan pasatzen zuen, urarekin. Hori edaten genuen. Oihalik ez genuelako, jantzien egiteko oheko mihisak hartzen genituen. Nire aitamek zinez ahal zuten guztia egin zuten janaria lortzeko, eta lan egiten zutelarik janariarekin pagatuak ziren, ez eta diruarekin. Donibane Lohitzune. Etxe hau Gestapoaren egoitza izan zen gerla garaian (Vauban kalea, 5.zenbakia).

Yvonne Barbace lekukotasunaren arabera :

Janaria ukaiteko nola pasatzen zen?

Nire amak, Lekornen adiskideak zituen, eta han irinketaren egitera joaten zen eta beste produktu batzu ukaiten zituen ere. Txartel sistema bat bazen ere; haiekin ezin genuen zernahi erosi, 2 txokolate plaka, paketa bat kafe...genuen hilabete guziz. Gero kantitateak haur kopuruaren arabera ziren . Lege haiek populuaren miseria eta eskasia ondorioztatu zuten. Erresistentzia

Marie Bordattoren erranen arabera:

Pagolan, erresistentziarik ba ote zen?

Oroitzen naiz; orain kantina den etxean, makiak gordetzen zirela gau batzuez, egunez oihanetan gordetzen zirela uste dut. Preseski, amarekin aitari gutunak eta paketeak igortzeko (geroago jakin dugu han gastatua zela), Maulera oinez joaiten ginenean, oihaneko arbolen artean gordetzen ziren gizonek zer egiten zuten ez nuen ulertzen. Oroitzen naiz ere, Xaxpiteitik (familiaren etxea) igandetan etxe baten ondoan baloian jostatzen ikusten genituela...

Germaine Apheceixek makien istorio bat kondatzen du :

Baziren makisarrak herrian?

Makiak baziren herriko oihanean, Arbailleseko oihanean. Han gordetzen ziren, eta 100 Aleman preso atxikitzen zituzten. Presoek zerratoki batean lan egiten zuten. Istorio bat izan zen behin, oihanean Aleman bat hil baitzen, eta Alemanek 10 gizon hil nahi zituztelako zigortzeko. Baina auzapezak erran zuen 10 gizonak hartu ordez bera hiltzea. Azkenean ez zen nehor hil.

Iker Robles–Aranguizen lekukotasunaren arabera :

Ze rol zuen zure aitak erresistentzian?

Frantziako erresistentzian sartua zen eta Alsace–Lorraine réseau delakoan kolaboratzen zuen. Rufino Jauregirekin lan egiten zuen eta hark jendeak pasarazten zituen Espainiarat . Nere aitak 600 pertsona errezibitu zituen bere baserrian ( bereziki hegazkinlariak, ingeles, frantses eta amerikano soldaduak). Hendaiako Leku Eder etxea, tropa alemanek erabili zuten komandantzia bezala II. Mundu Gerlan.

Egun batez, mezulari bat Leku–Ederretik pasatu zen. Mezu garrantzitsu bat behar zuen Londreseko General bati pasarazi (De Gaulle zen). Pertsona hori hunkitua zen, ikusiz etxeko haurrek erresistentzian parte hartzen zutela. Adibidez armak nere xatarretan emaiten zituzten eta nerekin pasarazten. Aliatuek euskal kosta atakatzen dute

Erresuma Batuko aliatuek, 1942ko apirilaren 2an Baionako portua haien menpe hartzen saiatu ziren. Pazkoko egun hau hautatu zuten, Alemanen zainketa ahultzen baitzen besta garaietan. Amerikarrek 1944ko martxoaren 27an, Miarritze bonbardatu zuten, bertako populazioa eta Aleman soldaduak hunkituz. Askatzea

Alemanek Euskal Herritik ihes egiten zuten 1944ko agorrilaren 21ean, aliatuak Normandiatik heldu ondoren (Normandiako lehorreratzearen ondotik). Biharamunean, Bordelerako bidea hartu zuten konfiskatutako bizikletekin, autoekin... FFIek (Forces Françaises d'Intérieur) alemanak segitu zituzten eta preso hartu. Ondorioz, Baiona zentroan tiroketak gertatu ziren.

Christian Esclamadonen lekukotasunaren arabera:

Zer erran dezakezu askatzeari buruz ?

Askapenaren ondotik, alemandarrek bizikletak eta hainbat gauza hartzen zituzten, beraz ene aitak zatitan banatzen zuen bizikleta ondotik hobeto ezkutatzeko. Kalean pasatzen ziren mitraietekin jendea etxetik ez ateratzeko. Baina alemaniarrak joan eta denak kanpora joan ziren, kontent. Soldadu alemanak Biarritzeko erakusleiho bat begiratzen.

Iker Robles–Aranguizen erranen arabera :

Zer oroitzapen duzu gerla bukaerari buruz ?

Gerla bukaeran, aitak medailak ukan zituen, haietariko bat De Gaullek emana eta bestea Eisenhowerren partez, aliatu armadaren buruzagia. Mac Closcky generalak, zeremonia ofizial bat egin nahi zuen Manuri medaila horiek eskaintzeko eta diru zama baten emaiteko bere laguntzaren eskertzeko gerla honetan. Bainan aitak, diru hori ezetatu zuen erranez erresistentzia libertatearentzat ez zela pagatzen. Urte batzuen buruan, erranen zuen zozo bat izan zela diru hori ezeztatzea ura eta elektrizitatea beharrezkoa baitziren baserrian.. II. Gerlaren bukaera

1945eko maiatzaren 8an Hitler–ek kapitulatu zuen: Europarentzat gerlaren bukaera zen. Japoniak aldiz, irailaren 2an bakarrik gerla gelditu zuen, AEBk lehen bonba nuklearrak, Hiroshima eta Nagasakin, agorrilean botatu ondoren. Gerlaren ondorioz, Estatuen mugak aldatu ziren, adibidez : irabazleek Alemania okupatzeko, lautan zatitu zuten. Bestalde, galtze handiak izan ziren ; orotara 60.000.000 hil Europan. 1946an honelakorik ez zedin berriz gerta, NBE (Nazio Batuen Elkartea) sortu zen San Frantziskon.