454 Zenbakia 2008-09-26 / 2008-10-03

Euskonews Gaztea

Gaiak: Irurako Ikastola, 31 urtez eta gehiago!

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Hezkuntzaren garrantziak esparru zabala hartzen duela ukaezina da. Gizabanakoaren oinarrizko eskubide bat izatetik, herri batetan bizitza sortzerainoko garrantzia hartzen du, esaterako. Baina festarako aitzakia ere badugu eta haatik, Irurako Ikastolak bere egun handia ospatuko du urriaren 5ean egingo den Kilometroak 2008rekin. Irurako Ikastolak plazan duen eraikina.

Irurako Ikastola ez da berria. Hiru hamarkada egin behar ditugu atzera Gipuzkoako herritxo horretan eman zen nolabaiteko iraultzaz jabetzeko. Trantsizio garaia zen eta herritar talde bat arduratuta zegoen herriko euskaren egoera tamalgarriagatik: galzorian zegoen.

Hala bada, lokalak bilatu, dirua batu eta 1977ko irailean aurrenekoz ireki zituen ikastolak ateak. Apaizetxea izan zuten elkargune eta elkarlana zen nagusi ikastola hartan. Nahiz eta orduan eskola nazionala egon Iruran, gutxika ikasleak bereganatzen joan ziren; beraien alde zuten euskara hutsezko irakaskuntza eskaintza, besteak beste.

Josune Aiestaran gaur egun ikastolako zuzendari dena hastapeneko prozesutik ari da Irurako Ikastolan. “Ilusio handiz ekin genion ikastola eraikitzeari. Gazte Alaiak elkartean jende oso ona zegoen eta dena primeran atera zen zorionez. Gainera, auzolanean egiten genuen dena, eta ilusio ikaragarria geneukan,” gogoratzen du.

Apaiz etxea lehenengo, plazako eraikina ondoren; 1985etik bertan egon dira. Aurtengo irailean berriz, eraikin berriaren estrainaldia egin dute. Izan ere, herria handituz joan den modu berean ikastolak ere bere zabalkundea bizi izan du. “Lehen Hezkuntza guztia egin daiteke hemen,” diosku Josunek. Hala, 6. mailara arte (hamabi urte bete arte) Irurako Ikastolan egoten dira, Anoetara DBH egitera joan eta Batxilergoa burutzeko Tolosako Laskorainera abiatzen dira irurarrak. Irurako Ikastolaren eraikin berria. Geroz eta haur gehiago

Gaur egun, 140 ikasle ditu Irurako Ikastolak eta Euskal Herriko udalerri gehienetan bezala, geroz eta etorkin gehiago jasotzen dituzte bertan. “Bi txinatar, bi marokoar eta errumaniar bat ditugu. Txikitatik dabiltza ikastolan eta ez daukagu inolako arazorik beraiekin, erraztasuna daukate. Herri txikia izango da Irura, baina euskal giroa dago eta gainerako ikasleek ere euskaraz hitz egiten dietenez, oso erraz ikasten dute gure hizkuntza, naturalki,” gaineratu du.

Etorkizunerako beste eraikin bat egiteko egitasmoa buruan darabiltela aitortu digu zuzendariak, “hala, ikasle guztiak eremu berean egongo lirateke, eta ez gaur egun bezala, eraikin ezberdinetan banatuta.” Baina etorkizun gertuago batera begiratuz gero, 2008ko urriaren 5ean egingo den Kilometroak jaira gerturatzeko deialdia egiten die euskaltzale guztiei. “Eraikin berria ordaintzeko erabiliko da batutako dirua,” aipatu digu. Dirutza handia kostatu da eta herena ordaintzeko ardura ikastolarena berarena denez, helburu ekonomikoa dauka batez ere urriko festak.

Beraz animatu gaitezen eta eman dezagun osteratxo bat Irura eta Anoeta zeharkatzen dituen ibilbidean zehar, urtebeteko lan gogorraren fruituak oparoak izan daitezen. Eta gogoratu, herri bat hil egiten dela ikastetxerik gabe.