453 Zenbakia 2008-09-19 / 2008-09-26

Euskonews Gaztea

Gaiak: Eskalada, Gorka Apaolazaren eskutik

ARRIETA, Nahia GARALDE, Ruben

Mutrikuko Institutuko Prentsa tailerreko ikasleak (DBH 4. maila)Argazkiak: Gorka Apaolaza

Gorka Apaolaza, Mutrikuko institutuko irakasle eta eskalatzaile sutsuarekin hitz egin dugu eskalatzaileen mundua hobeto ezagutzeko. Askotan ibiltzen da gure inguruko mendietan eskalada praktikatzen eta horregatik pentsatu dugu bera dela egokiena mundu honetaz hitz egiteko.

Zer da eskalada? zure hitzekin azaldu

Harritik gorantz igotzea da, horretan ez dago mugarik.

Zer motatako eskaladak daude? Zein da gehien praktikatzen dena?

Gu inguruko paretetan ibiltzen gara. Bi eskalada mota daude: Kirol–eskalada eta mendi–eskalada; azkeneko hau arriskutsuagoa da norberak jarri behar dituelako aseguruak bertan.

Ze material erabiltzen dira? Eta garestiak al dira?

Material bi bereizten dira bereziki, kirol eskaladan eta mendi eskaladan erabiltzen direnak. Aurrenekoari dagokionez, soka mehe bat eta arnesa dira garrantzitsuenak; mendi eskaladan, aldiz, lodiagoak diren bi soka, arnes sendo bat eta katuak beharrezkoak dira. Harrietan aseguruak ipintzea derrigorrezkoa da, horregatik uste dut harri eskaladako materiala garestiago irteten dela.

Nola dago eskalada mundua?

Egia esan gazte gutxi ikusten da eta 25 urtetik gorakoak gehiago animatzen dira eskalada egitera. Bestalde, nik uste dut modan jartzen ari den kirol alternatiboa dela. Bista ederrak.

Jende asko aritzen al da eskaladan Euskal Herrian? Eta zu, talderen batean sartuta al zaude?

Inguruko lurraldeekin konparatuta Euskal Herrian jende asko ibiltzen da, batez ere mendi giro handia dagoelako. Eskaladaren oinarria mendia da eta mendiko zailtasunei aurre egiteko kirol eskalada ikasten hasi nintzen. Egia esan, Euskal Herrian maila handia dago, ikusi besterik ez dago munduko txapelduna den Patxi Usobiaga. Nahiz eta kirol eskalada praktikatzen hasi, mendian harri eskalada besterik ezin da egin.

Ni 18 pertsonatako talde batetan nago. Gaurko gazteek bezalako lokal bat dugu eta eskalatzen aritzen gara bertan.

Zein eskalada mota da errazena? Eta gaitzena?

Harri eskalada da oinarria, edo normalean jendearentzat hori izaten da. Beno, ni mendian ibiltzen hasi nintzenean konturatu nintzen leku batzuk ezin nituela igo paretetatik igotzen ikasi gabe, horregatik hasi nintzen kirol–eskalada egiten eta ondoren, harri eskaladara egin nuen salto. Negua iristen denean izotza egoten denez, izotz–eskalada praktikatzea beharrezkoa da. Zailtasunak denetan daude, gutxiago edo gehiago.

Fisikoki ondo prestatuta egon behar al da harkaitz bat igotzeko?

Zailtasunak daudenez entrenatu beharra dago. Ni neu aste bukaeratan joaten naiz mendira eta astelehenetan rokodromoan aritzen naiz. Eskalatzen.

Zer da garrantzitsuena mundu horretan?

Niretzako, zaletasuna: lagunekin egon, barre batzuk egin? Azken finean lagunen arteko bidaia bat da niretzako, mendia ez da eskalatzeko bakarrik. Mendia gaizki dagoenean eskiak hartu eta eskiatzen jaisten gara, esaterako.

Arriskutsua al da eskalada mundua? nola dago segurtasun maila?

Arriskutsua da. Adibidez, kirol eskaladan istripu bat izatea oso gaitza da seguruak paretetan jarrita daudelako. Mendi eta izotz eskaladan errazagoa da istripua izatea, norberak jarri behar ditu aseguruak, eta gaizki ipiniz gero istripu bat emateko arriskua handiagoa da.

Zein da eskalatzeko tokirik onena Euskal Herrian?

Onena zuri satisfazio gehien ematen dizun mendia da, ez dauka zertan Euskal Herrikoa izan. Euskal Herritik leku bat esatekotan Nafarroa esango nuke, eskalatzeko mendirik hoberenak han daudelako.

Inguru honetan zenbat toki daude eskalatzeko?

Asko daude. Ni Ataunera joaten naiz; eskola txiki polit bat dauka. Nafarroa aldean 20 kilometrotara dauzkat mendirik politenak. Eta kostatik joanez gero, hoberena niretzako Zumaian dago. Baina Nafarroan daude gehien klimaren eraginarengatik.