452 Zenbakia 2008-09-08 / 2008-09-19

Euskonews Gaztea

Gaiak: Lanera itzultzearen zailtasunak

BEREZIARTUA, Loren

Irailean sartuta, jende asko eta asko lanera edota ikasgeletara itzultzen da. Ez dira une goxoak izaten zenbait pertsonentzat; izan ere, maiz gogorra izaten da erlaxazio egoeratik atera eta errealitatera itzultzea; opor osteko sindromea deitzen diote adituek.

Geroz eta gehiago dira denbora luzez atseden hartu ostean berriro ere eguneroko zereginetara itzuli eta gaizki sentitzen direnak; udako oporraldien ondoren ematen da usu. Hain zuzen, ordura arte ahaztuta genituen arazo eta betebeharrei heldu behar izaten diegu berriro. Baina kasu gehienetan arazorik gabe gainditzen da egoera hori, zenbaitek denbora gehixeago behar izaten badute ere.

Ostera, badago lanean egoera berezia bat bizi duen jendea, arazoez inguratuta daudenak hain zuzen ere (mobbing–a jasaten dutenak, kasu). Azken hauentzat (gutxi gorabehera %8ak sufritzen dutela jakinarazi dute iturri ofizialek) latzagoa izaten da, aferak dimentsio berezia hartzen baitu eta arazo serio bihur daiteke.

Baina zeintzuk dira sindrome honen sintomak? Larritasuna, sumingarritasuna eta energiarik eza izan litezke batzuk. Kontraesana, oporretan egon osteko egoera dela kontuan hartuz gero. Baina adituek arazo honi aurre egiteko trikimailu batzuk ematen dizkigute –beti ere arinki eragiten digun egoeran–:

– Poliki–poliki bueltatu zaitez eguneroko bizitzara. – Positiboki pentsatu eta ahalegindu zaitez zeure arazoei garrantzia handirik ez ematen. – Ez ezazu lanik eraman etxera aurreneko egunetan behintzat. – ...

Eskuarki arin ohitzen gara laneko erritmora, bigarren egunerako oporrak aspaldi pasa zirela iruditzen baitzaigu. Agian zailena, oraindik eguraldi ona egin eta guk fabrikan, bulegoan edota ikastetxean sartuta orduak igaro behar ditugula pentsatzea izango da.

Horregatik, garrantzitsua da lanaldia amaitu ostean etxean ez sartzea eguneko gainontzeko orduetan. Kaletik bueltatxo bat eman, lagunekin egon eta aire pixka bat hartzea komenigarria izaten da; estresik ez sentitzea, osasuna baita.