451 Zenbakia 2008-08-29 / 2008-09-08

Euskonews Gaztea

Gaiak: Espejoko egonaldian, teknologia berriekin

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal

Grabaketa egiteko toki baten bila.

Ikastolen Elkartearen ekimenez, 2007tik Gazte Egonaldiak antolatzen dira udaro eta Euskal Herriko txoko ezberdinetako neska–mutilak esperientzia berriak bizitzeko elkartzen dira. Euskal udalekuak ere badira, eskaintza berezi bat izateaz gain, gazteek euskara praktikatzea ere bilatzen baitute egonaldiek. Aurten, Espejoraino (Araba) joan dira bertako aterpetxean ostatu hartzera.

Hiru txandatan, 13 eta 17 urte bitarteko gazteak protagonista izan dira uztailean zehar eta Euskonews Gaztea nagusienekin elkartu zen beraien esperientziari buruzko jakin–mina asetzeko asmoz. Izan ere, entzuna genuen ezohiko udalekuak antolatzen dituztela Ikastolen Elkartekoek, teknologia berrietara gerturatzeko aukera ematen baitiete gazteei. Etxeren kontzertua iragartzen duen kartela. Bideoklipa, irratsaioa...

Hala, hitzordua geneukan egunean, grabatzen harrapatu genuen neska talde bat eta haiekin goiz–pasa egiteko aukera eman ziguten. Laburmetraiarako hartualdi ezberdinak egiten zebiltzan, Espejotik gora eta behera, bide zein erreka ertzean. Profesionalak bailiran ziharduten, protagonista lanak egiten bat, bestea grabatzen, gidoia errepasatzen gainerakoak. “Etxe bakarlariaren abesti bat hartu eta bideoklipa egitea erabaki dugu,” azaldu ziguten gaiari buruz galdetu genienean. “Kontzertua eskainiko digu gauean aterpetxean, eta bertan ere irudiak hartzeko aprobetxatuko dugu,” gaineratu zuten.

“Irratsaioa prestatzea ere entretenigarria izan da. Orain Gasteizera joan eta Hala Bedi irratian grabatzea falta zaigu.” Larunbat hartan, irrati uhinek gazte haien saioa gerturarazi zuten Espejora eta guztiek transistorean batera entzun zuten egindako lanaren emaitza.

Baina Udane Zugaza–artaza begiraleak aipatutakoaren arabera, “nahiz eta ekintza gehienetan iniziatiba eduki, bloga berritzeko orduan kosta egiten zaie. Hala ere, aldatzen doa eta ikusten dute baliagarri zaiela bertan gure ekimenen berri ematea.” Ibai ertzean grabaketa egiten.

Hala ere, Espejoko aterpetxean teknologia bat debekatu zuten, eta gazteei ez zitzaien askorik gustatu erabakia: mugikorra. “Janariarekin batera, okerren eraman dudana izan da...” esan digu hamabost urteko neska batek. “Ez dira konturatzen astebete soilik dela, lotura ikaragarria dute telefonoarekiko,” aipatu du begiraleetariko batek. “Hori aldatu nahi izan dugu gure esku dagoen neurrian, behintzat.” Teknologiaz gain, ekintza ugari

Baina teknologiarekin zerikusia duten gauzak alde batera utzita, beste makina bat ekimen ere burutu zituzten Gazte Egonaldietako gazteek. “Esate baterako, graffitiak edota irteerak ere zazpi egunetan zehar egindako ekintzak izan dira. Hala ere, zalantzarik gabe, masaje–txerri deitutakoak izan du arrakasta.”

Baina, zer da hori? “Izugarri gustatu zaigun ekintza bat!” adierazi digu neska batek. “Irin, txokolate eta bestelako elikagaiekin masajeak ematea da eta ondoren errekara joan gara garbitzera.” Begiraleen esanetan, ekintza hau izan zen ia aste osoan inplikazio gehien lortu zuen ekimena, “benetan gustura ibili dira.”

Makina bat gauzatan buru–belarri aritu ziren gazteak Ikastolen Elkarteak antolatutako udalekuetan parte hartuz. Astebete ordenagailu, bideokamera eta mikrofonoen aurrean; txangoak egiten, euskaraz bizitzen. Ez baitira izan ohiko egonaldiak, gogoz lan egin eta uzta are gusturago bildu baitute Espejon.

Non izango da datorren urteko hitzordua?