Hogeita hamar urte ditu Gaizkak eta Bakio Surf dendaren jabea da Julen kidearekin batera. Denda eta eskola uztartzen ditu eta udan buru–belarri sartuta dabiltza ikastaroak ematen. Ura biziki maite duen gazte honek goiz batez egiten duten lanaren testigu izatera gonbidatu gaitu Euskonews Gazteako lagunak. Nola erabaki zenuen surf denda bat irekitzea? Txikitatik ibili izan naiz uretan sartuta, eta Marketin ikasketak amaituta gustuko munduren batean sartu nahi nuen, edozein enpresatan izan beharrean. Hala, praktikak surf enpresa batetan egin nituen. Ondoren, Julen etorri zitzaidan denda hau libre zegoela esanez eta bion artean begiratu genuen proiektua aurrera eramateko aukerarik bazegoen. Diputazioan plan bat aurkeztu eta Mungia aldeko saria jaso genuen; halaxe irten zen. Eta zer moduz hasiera haiek? Apurka–apurka hasi ginen aurrera eramaten. Jakin bagenekien aurretik ere egon izan direla Bakion surf dendak, baina berezitasun bat dauka herri honek: denboraldia uztaila eta abuztura mugatzen dela batik bat. Orduan, denda bakarrik jartzea ezinezkoa zela ikusi genuen. Julen surf eskola batetan aritu zen klaseak ematen eta geurea sortzea pentsatu genuen. Gustatzen zaidan gauza batetan egiten dut lan, eta nire kasuan neska–mutiko gazteei erakusten diet surfean. Primerakoa da! Zein adinekoak dira? Ba oraingo kasuan, txikienak lau urte ditu eta helduenak zortzi. Itsasbehera dagoenean elkartu eta ordubete aritzen gara, gehiagorako indarrik ez zaie geratzen eta! Jokoak egiten ditugu batez ere. Esaguzu, zer da zuretzako itsasoa? Orain nire bizitza da. Lan ere bertan egiten dut eta amaitzerakoan, berriro joaten naiz uretara; oporretarako itsasoa daukan tokiren bat aukeratzen dut... Azken finean itsasoari begira bizi gara mundu honetan gabiltzanok. Eta zer iruditzen zaizu euskal kostaldea? Toki asko ditugu inguruan: Mundaka, Gipuzkoako hondartza asko, Hossegor... Olatu oso onak daude eta klimatologia aldetik ere bikaina da, urte osoan zehar sartu baitaiteke uretan. Jende gehienak nahiago izaten du surfa ur epeletan egin. Gure kasuan neguan neoprenozko trajearekin sartu beharko gara, baina ez dago arazorik. Hemengo surflariok nahiago izaten dugu neguan–eta praktikatzea, olatu gehiago eta jende gutxiago egoten baita. Gaizka, Igorri eskola eman ondoren. Badaukazu olatuak hartzeko toki kuttunen bat? Korronteak aldatu ziren, olatu gutxiago sortzen dira... Dena desberdina da orain, baina ongi doanean, Mundaka gogoko dut. Bakio Surf Gaua. Zer da? Iaz hasi genuen ekimen bat da. Ideia Costa Rican egon ginenetik dator, gau batean txapelketa bat egin baitzuten. Han posible bada (kontuan hartuz marrazoak eta daudela), zergatik ez hemen? Udaletxearekin eta zenbait enpresarekin berba eginda hasi zen. Foku batzuk jarri eta uretara! Izugarrizko arrakasta izan zuen eta aurten ostiraletan izango dira hitzordu gehienak. Denboraldia amaitu arte iraungo du. Bestalde, Rip Curl Girls ekimena ere agendaren barruan daukazue. Kostaldetik doan autobus bat da eta neskei zuzenduta dago; uztailaren 26 eta 27an iritsiko da Bakiora. Taldeak osatzen dira eta ekimen ezberdinak egiten dituzte: surf eta capoeira ikastaroak eta abar. Izenematea doakoa da. Poltsa bat ematen zaie parte hartzeagatik, kamiseta eta abar opari; larunbatean izango da hori. Arratsaldean barbakoa bat egitea da gure asmoa eta gaualdean argiak piztu eta surf gauari hasiera emango zaio. Gaiz aldatuta, zein da zure surflaririk gogokoena? Pila bat esan nitzake, baina adibidez, Mick Fanning (munduko surflaririk hoberena). Hala ere, azpimarratzekoa da Aritz Aranbururen lana. Nahiz eta aurten zorte handirik ez eduki, dagoen tokira iristea oso zaila da eta lan asko egin du. Bakion badaukagu Txaber Trojaola, eta nahiz eta Aritzen mailan egon ez, badabil mundu mailako probak egiten eta oso ondo gainera, oso motibatuta. Zein tokitara bidaiatuko zenuke taula gainera igotzeko? Costa Ricara bueltatuko nintzateke, surf egiteko leku paregabea da. Noski, surfik egin ez arren ere, primerako tokia da! Hondartzak, mendiak, olatuak... Eta Indonesia edo Hawaiira bidaiatuko nuke, baina diru asko behar da... Etorkizun batean! Zein musika mota aukeratuko zenuke surfean aritzeko? Kirol hau beti egon da lotuta apur bat reggae estiloarekin; uretan egoten zarenean karma ona dago, zure kezka guztiak albo batera uzten dituzu. Zer da kirol honetan aritzeko behar–beharrezkoa? Gogoak izatea, zalantzarik gabe. Jende asko etortzen da hona udan eta bikain, baina negua iristerakoan ez dute edukitzen jarraitzeko gogorik. Lagun talde bat ere garrantzitsua izaten da. Badaude gure ikastaroan elkar ezagutu eta ordutik surf egitera batera joaten direnak. Eta zer da zailena? Neguan eta baldintza kaxkarretan, gogo horri eustea. Gaizka Egiguren (Bakio, Bizkaia) Gaizkak Julen Arroizekin batera ireki zuen Bakioko surf eskola. Txikitan igo zen surf taula gainera eta ordutik dihardu kirol hau praktikatzen. Bestalde, epaile lanak ere egin ditu. Monitore titulua atera zuen eta horretan dihardu bere jaioterrian.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.