449 Zenbakia 2008-07-18 / 2008-07-25

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Beñat Vidal Gurrutxaga. (Bertso udalekuetako begiralea): Gazteak bertsotan aritzeak freskotasuna ematen dio bertsolaritza berari

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Bertsozale Elkarteak antolatutako udalekuetan begirale lanetan aritu da Beñat gazte bizkaitarra. Pozik ikusi dugu Elgoibarko Aubixa aterpetxean egindako hitzorduan. Bera, parte hartzaile gisa hasi zen, eta orain beste gazte batzuen ardura dauka. Nor dugu Beñat? Leioako gazte bat naiz, 22 urte ditut eta lauzpabost urte daramatzat begirale gisa lan egiten. Gainera, bertso udalekuetan hasi nintzen, nahiz eta beste hainbat tokitan ere aritu izan naizen. Irakasle ikasketak egiten dihardut eta bertsolari irakaslea ere banaiz. Aubixako aterpetxea Elgoibarren dago. Bertso udalekuak. Zer dira? Udaleku bereziak dira. Badaude udaleku orokorrak deitzen direnak, denetarik egiten da horietan. Beste alde batetik, baditugu berezituak (antzerki udalekuak, musika udalekuak...) eta gure kasuan bertsolaritza da oinarri sendoa. Neu behintzat, oso motibatuta etortzen naiz hona. Ume bezala etorri nintzen, eta orain lanera nator! Motibazio hori parte hartzaile kopuruan ere nabari da. Hala da. Jende piloak eman du izena aurten. Guk, oraingo txandan 14 eta 18 urte bitarteko 21 lagun ditugu bost begiraleren gidaritzapean. Eta zer moduz egokitu zaizun taldearekin? Oso ondo, benetan. Helduak dira, errespetuz jokatzen dute, arduratsuak dira... Beharrezkoa al da bertsotan jakitea udaleku hauetara etortzeko? Egia esan ez, nik uste zaletasuna nahiko arrazoi dela. Denetarik daukagu hemen. Bertsolariak dabiltza, bertsozaleak ditugu; bertsolari eta sasi bertsolariak, batzuk sekula bertso eskolarik zapaldu ez dutenak eta beste kasu bat, esaterako, txapelduna dena. Guztiak dira ongietorriak! Bertsolaria jaio egiten dela diote batzuek; beste zenbaitzuek, aldiz, bertsolari egin daitekeela. Nik uste dut bietatik ematen dela. Izan ere jaiotzen dena ez bada egiten... Eta nahiz eta bertsolari jaio ez, zaletasuna jorratuz bihur daitekeela zalantzarik ez. Ekintza ugari prestatu zituzten, hala nola, futbola. Jendeak pentsa lezake bertso udalekuetan egun guztia inprobisatzen igarotzen duzuela... Ez noski! Bestela bai beraiek eta baita begiraleok ere nazkatuta amai genezake. Hala ere, bertsoa, abestiak eta abar etengabe irteten dira gure ahotik. Bertsoa ia beti presente dagoela esan genezake. Adibide gisa, Zumaiako hondartzara egindako irteera. Ez zen txango soil bat izan, bertako bertso eskolarekin egin baikenuen bidaia. Ekimen ezberdinak antolatzen dituzue, beraz. Bai. Yoga, futbola, barre-terapia, zikin jokoak... asko eta asko burutu ditugu. Baina prestatutako ekimenez gain, zerbait berezia egiteko asmotan gabiltza, CD bat grabatzea, hain zuzen ere. Oskar Estanga bertsolaria etorri eta kantaldi bat eskaini digu. CDa abestiekin eta bertso musikatuekin osatuko da eta udalekuetako gazteek jarriko dute ahotsa. Iaz aurrenekoz burutu zen proiektu hau, eta txukun geratu zenez, aurten ere animatu gara. Aubixako aterpetxera etor gaitezen. Toki pribilegiatua da, ezta? Bai, benetan oso toki polita dela. Gainera, honek askatasuna ematen digu neurri batean nahi duguna egiteko. Izan ere, daukaten adinarekin gauean zarata egin nahi izanez gero, ez dago arazorik, korrika egiteko landak ditugu... Gainera etxeko jendea zoragarria da, guztiak. Alde txarren artean, mugikortasun arazoa, zerbait aipatzearren. Zumaiara joan nahi badugu, eta mendian herritik nahiko urruti gaudela kontuan hartuz... Ahal dugun neurrian oinez mugitzen gara, baina autoa ere noiz edo noiz erabili dugu. Gaiz aldatuta, gazteak nagusitzen dira bertsolaritzan azken urteotan. Hala da eta gainera positiboa dela uste dut. Aldaketa drastiko bat eman dela uste dut, lehen denak ziren zaharrak eta orain gazteak dira guztiak. Freskotasuna ematen dio bertsolaritzari berari, eta jendea gazteak bertsotan ikusita, jendea gehiago animatzen dela deritzot. Be?at eta Oier begiraleak. Benetan uste al duzu jendeak zaletasuna duela edota lau bertsolariren jarraitzaileak izango ote dira? Egia da BECeko final hartan egon zen asistentzia izugarria izan zela (13.000 bat pertsona), baina denetarik egongo zen beraien artean ere. Hala ere, kontuan hartzeko da zer nolako bertsolariak zeuden oholtza gainean; eta horiek ere, dauden tokira iristeko lan asko egin dute! Beste saioek ere jendea erakartzen dute, bertsolariak gustura egoten dira eta baita entzuleak ere. Eta hori da garrantzitsuena. Bertso saio ezberdinak daude: balkoitik balkoira, afariak, taula gainekoak... Zein duzu zuk gustukoen? Bakoitza bere momentuan, nahiz eta egia den guztiez disfrutatzen ikasi beharko litzatekeela. Denak dira desberdinak, jaietan egiten direnak bereziak izaten dira, Algortan egiten den balkoitik balkoira oso ederra izaten da... Zuk parte hartu duzun saioren bat gogoratzen al duzu bereziki? Bizkaiko bertsolari gazteok Txapel Bete Bertso saioa egiten genuen orain urte batzuk. Hau, saiorik izaten ez genuen bertsolari gazteok aurrera eramandako ekimen bat zen. Modu horretan, bertsolari bakoitzak aseguratuta zuen hilabetean behin bederen emanaldi batean parte hartuko zuela. Gehienetan tabernetan izaten zen, eta behin saioa amaituta, txapela pasatzen zitzaion hurrengoari. Torpedo Gorria izeneko tabernan egindako saio bati buruzko oroitzapen oso onak ditut, esaterako. Amaitzeko. Proposatu bidaiatzeko toki bat, liburu bat eta zein musikarekin bidaiatuko zenukeen. Ni txikitatik sarri joan naiz Baztan aldera. Oso polita da eta gainera orain Baztandarren Biltzarra izeneko festa egiten dute. Liburuari dagokionez, Pijama marradunaz jantzitako mutikoa irakurri dut, eta zirraragarria iruditu zait. Eta azkenik, Baztanen zehar oinez baldin bagoaz, musikarik gabe egingo nuke, baina autoz mugitu behar izanez gero, berriz, Benito Lertxundiren edozer. Beñat Vidal Gurrutxaga (Leioa) Hogeita bi urte ditu Beñatek eta gazte gaztetatik bertsolaritza munduan barneratuta dago. Giro ez oso euskaldun batean bizi eta gurasoek bertsolaritza modu polit bat izan zitekeela pentsatuta hasi zen. Eskolaz kanpoko ekintza gisa aurrena eta bertso eskolan ondoren. Gaur berak ematen ditu bertsolaritza ikastaroak.