448 Zenbakia 2008-07-11 / 2008-07-18
Alon Lien Israeleko Kanpo Arazoen ministerioko zuzendari ohia da eta orain lau urte arabiar eta judutarrez osatutako futbol talde bat sortzeko ideia izan zuen. Helburu zehatz bat zerabilen buruan bueltaka: bi komunitateen arteko elkarlana sustatzea eta kirol honen bitartez, elkarbizitza ere bultzatzea.
Hor izan zuen sorrera Abu Gosh-Mevaseret taldeak. Bi ekipo ziren hastapenean: aurrenekoa (Abu Gosh) arabiarra; Mevaseret berriz, judutarra. Biak ala biak Jerusalemekoak.
Ez ziren hastapen errazak izan; hasieran jokalari bakoitza bere kabuz ibiltzen zen, eta animatzera joaten ziren senitartekoak ere, halaxe portatzen omen ziren. Baina saiatu eta saiatu, eta azkenean talde bakarra eta bateratua osatzea lortu dute. Familiek ere desberdintasunak albo batera utzi eta jokalariak animatzean bat egiten dute. Eredugarriak, ezbairik gabe.
Beraiei begiratuta konturatzen gara edozein gauzaren gainetik mutiko gazte arruntak direla. Aste honetan Donosti Cup txapelketan egon dira eta guk Muhamad Jaberrekin mintzatzeko aukera eduki dugu. Muhamad Jaber.
Abu Gosh-Mevaseret futbol taldeko kirol zuzendaria da Muhamad. Jerusalemekoa da eta aurreneko aldiz izan da Euskal Herrian, Donosti Cup txapelketan, hain zuzen ere. Zarautzen jokatutako partiduaren ostean minutu batzuk hartu ditu Euskonews Gaztearen galderei erantzuteko. Hemendik, gure eskerrik beroenak.
Aurrenekoz etorri zarete Euskal Herrira. Ongietorri!
Eskerrik asko! Horrela da, bai. Espainiar estatuan gauden lehenengo aldia da eta txapelketa honetan parte hartzeko aukera eduki dugu.
Taldea judutar eta arabiarrek osatzen duzue.
Bai. Arabiar eta judutarrek batera aurrera atera dugun proiektua da talde hau; batera jokatzera etorri gara eta ikusiko dugu nola garatzen den txapelketa. Azpimarragarria da gainera, jokalarietan oinarri sendoa duen taldea dela gurea.
Zein da zuen helburua?
Noski, hau txapelketa bat dela ezin dugu ahaztu, baina ez da gure aurreneko helburua. Xede nagusia taldea bat eginda egotea eta aurrerantzean ere erlazio edo laguntasun horrek aurrera egitea da. Gola ospatzen.
Zein da Donosti Cuparen inguruan duzun iritzia?
Egia da aurretik ez nekiela ezertxo ere. Baina nire ustez oso ondo egin dugu etortzen, erakutsi baitugu talde bat garela eta etorkizun batean honekin jarraitzeko asmoa dugu. Bikaina da.
Eta hiriari dagokionez, eduki al duzu ezagutzeko aukera?
Bai, toki desberdinak bisitatzeko aukera eduki dut eta ederra da. Uste dut denok, bai jokalari eta baita gainontzekook ere asko gozatu dugula hemengo egonaldiaz. Hiria, kirola... Iritsi ginenean ezagutu genuen dena, hau da, badagoela futbol talde bat, saskibaloi talde bat, bizikletaz ibil zaitezkeela ikusi dugu... Nire iritziz, hiria kirolean dago murgilduta.
Gaurkoa txapelketa honetan irabazi duzuen lehen partidua izan da...
Bai, eta horrela jarraitzea espero dut! Beste batzuk jolastuko ditugunez... ezin dugu aukera galdu!
Eskerrik asko zure denboragatik!
Ez horregatik! Milesker zuei.