447 Zenbakia 2008-07-04 / 2008-07-11
Interneta iritsi zenean, hankaz gora jarri zuen dena. Teknologia militar izateko sortutako tresna gure herrietako etxe gehienetara sartu eta telebista, mikrouhin–labe edota hozkailua bezala, aparailu arrunt bilakatu zaigu ordenagailua.
Noski, gauza guztiek dituzte alde on eta txarrak eta hau ere ez da salbuespena. Pertsona batzuen iritziz, ahalik eta denbora gutxien erabili beharko litzateke; beste batzuek ikasteko, lanerako edota denbora librerako erabiltzen dute. Beti ere, neurrian eta helburu maltzurrik gabe erabilita, sarean nabigatzeak kalterik eragiten ez duela esan liteke. Harreman birtualak
Platonek bere garaian frogatu omen zuen pertsona batek errazago hitz egiten duela aurrean ez daukan norbaitekin, edota aurretik inoiz ikusi ez eta berriro ikusiko ez duen batekin. Hala izaten da kasu askotan eta Internetek horixe eskaintzen digu. Gaur egun maiz gertatzen da pertsona batek sarean beste bat aurkitzea eta beraien arteko harreman bat sortzea. Hauen artean antzekotasunak ematea ohikoa izaten da, zaletasunei dagokienez, esate baterako.
Baina zergatik hasi halako harremanekin? Sarri, pertsonen arteko harremanak zailak izaten dira. Aurretik ezagutzen duten pertsonak kontaktuan mantentzeko baliabide azkar eta merkea izan daiteke sarea. Distantzia fisikoak desagertzen dira eta lagun horrekin istant batean argazkiak partekatu, zure sentimenduei buruz mintzatu... Myspace, Messenger edota Facebook bezalako atariak elkargune bihurtzen ari dira eta mundu zabaleko jendearekin kontaktatzeko txokoak dira.
Eta zer esanik ez elkar ezagutzen ez duten pertsonekin. Askotan, gure artean faktore estetikoek esanahi handia dute eta eragozpen gerta daiteke zenbaitentzat aurrez aurreko harremanak izateko. Hala, pantaila baten atzean egonda eta teklei emanez aise lortzen dute ezezagunekin erlazio bat izatea, dela adiskidantzazko edota maitasunezkoa. Normalean, aurpegira erratea kostatzen diren gauzak esateko erraztasuna izan ohi dute eta aireratu nahi ez dituzten kontuak ezkutatu. Askatasun sentsazio bat litzateke, beraz. Baina kontuan izan behar dugu bestaldean dagoen pertsona hori agian ez dela berak esaten duen bezalakoa. Erraztasunak ematen ditu gauza guztietarako, barnea askatzeko, beste pertsonalitate bat sortzeko... Horren jakitun beharko genuke izan. Alde ilunak
Baina guzti horrek ere izan ditzake bere alde txarrak. Nahiz eta teknologia berriei esker komunikatzeko bide errazak topatu eta nahi dugunari buruz mintzatzeko gai izan, beste alde batetik gizartean esku hartzeko bide bakar bihur daiteke. Errealitateari muzin egin eta sarean harrapatuta geratzen dira pertsona asko eta asko.
Hala, teknologia honekiko menpekotasun batean murgiltzeko arriskua agertzen da. Argi dago ez dela beti ematen eta Internet erabiltzeak abantaila asko dituela. Baina nola igarri daiteke dependentzia egon, badagoela?
Hasteko, denbora librean momentu gehiena ordenagailuaren aurrean beste pertsona batzuekin mintzatzen egoteak zeresan handia dauka. Izan ere ingurukoekin eduki daitekeen erlazioa alboratzea ekar dezake eta harreman birtualari garrantzia handiagoa eman.
Internet neurrian ona izan daitekeela argi edukita, burua erabili beharko genuke eta erabilpen egokia bat eman. Sarearengatik geroz eta harrapatuago sentitzen bagara, onena ordenagailua itzali eta kalera irtetea izango litzateke, liburu bat irakurtzea edota beste edozein ekimenekin gure burua betetzea. Errealitatera itzuli eta lotsak–eta alboratuz, parean dugunari aurre egin. Ligatzeko edota lagunak egiteko. Kuraia musika taldeko Bidaiatzen abestiak dioen bezala, Armiarma digitala, gizaki saguaz da elikatzen. Zirraragarria, ezta?