Euskonews Gaztea
Gaiak: Musika festibalen garaia
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Hizpide izango ditugun bi ekitaldietatik beteranoena dugu Euskal Herria Zuzenean jaialdia. Ekainaren 27an hasi eta hiru egunez, Zuberoako Idauze Mendin elkartuko dira makina bat musikazale, asteburu eder bat edukitzeko irrikaz. Beraientzat propio prestatutako kanpalekua zain izango dute.
Aurten hamahirugarren edizioa ospatuko da. Lehenengoa 1996ekoa izan zen, baina orduko eszenatokia ez zen Idauze Mendi, Behe Nafarroako Arrosa herria baizik. Zortzi urtez toki berean aritu ondoren, zirkunstantzia batzuk medio toki berri batetara mugitu behar izan zuten eta azken bost urteetan Zuberoan aritu dira. Baina azken aldizkoz, 2009tik aurrera zonalde berri batek hartuko baitu festibala. Non izango den? Isilean daramaten informazioa jendaurrean plazaratuko dute igandean egingo duten ekitaldi batean.
Ezin aipatu gabe utzi jaialdi honek berezitasun nabarmen bat daukala beste hitzordu batzuekiko. Izan ere, hastapenetik laguntzaileak dira antolaketaren ardura daramatenak. Urte osoan zehar gutxi gorabehera 50 pertsonako lagun–talde bat ibiltzen da ekitaldia finkatzen eta EHZ ospatzen den egunetan, 800 pertsona aritzen dira lanean musu–truk. Hamahiru urte hauetan, 8.300 pertsona inguruk aurkeztu dituzte haien buruak festibalean laguntzeko, dela zerbitzatzen, dela kanpalekua garbitzen edo beste edozein lanetan.
Bestalde, programazio zabala eskainiko dute hiru egunetan. Musika mota ezberdinak, antzerkiak, tailerrak, haurrentzako txokoa, zinea... Hala ere, musika nagusituko da hiru egunetan eta urtero legez, izen ezagunak igoko dira eszenatokira: euskaldunen aldetik Ruper Ordorika, Potato, Latzen edota Tonino Carotone izango dira emanaldiak eskainiko dituzten artistetako batzuk. Nazioarteko taldeek ere musikaz blai jarriko dute Idauze Mendi: Ojos de Brujo, Clowfinger, Obrint Pas... Kartela handitzeko, sakatu argazkian. BBK Live Bilbon
Halaber, Bilboko Kobetamendi protagonista bihurtuko da uztailaren 4tik 6ra bitartean; hirugarren urtez Bilbao BBK Live festibala gori–gori etorriko baita. Aurtengoan ere, izen handiko musikariek kartel borobila osatzen dute eta hiru egun horietan zehar etxeko eta nazioarteko izarren doinuek beteko dute Bizkaiko paraje hau.
Euskal Herritik eta kanpotik etorritako lagunak hartzeko, kanpaleku bat atonduko dute asteburu–pasa joaten direnentzako. Hala, uztailaren 3tik aurrera eguerdian hasi eta uztailaren 7ko arratsaldeko ordu biak arte egongo da irekita. Kontzertuetara sartzeko ateak, berriz, arratsaldeko 16:00etan zabalduko dituzte egunero.
Barruan, bi eszenatoki egongo dira eta baita DJ karpak ere. Oholtza gainean arituko dira aurreneko egunean The Police talde mitikoa, Morcheeba edota Gari bezalako taldeak, esaterako. Bigarren egunean, berriz, R.E.M. amerikarrak, Lenny Kravitz, edota The Prodigyren txanda izango da, besteak beste. 2008ko jaialdi honi amaiera emateko, esate baterako Tequila, Madness eta ZZ Top taldeen emanaldiak jarraitzeko parada egongo da.
Antolatzaileek milaka pertsonen bertaratzea espero dute. Hala, gogoratu nahi lukete kontzertu eremutik sartu–irtenak egin daitezkeela goizeko bostak arte; ordutik aurrera, gunetik irtenez gero ezingo dela sartu gaineratu dute.
Bi asteburu, bi aukera desberdin, bi antolaketa modu. Festibal euskalduna eta herritarra aurrenekoa, handiagoa bigarrena. Ezin ukatu baina, biek ala biek eskaintza oparoa egiten digutela eta aspertzeko aukerarik utziko ez digutela.