Euskonews Gaztea
Gaiak: Azkaingo Kilika Gaztetxea
Baionako BERNAT ETXEPARE Lizeoa
Batxilergoko 1.go maila
Gaur egun, hainbat herritan gaztetxeak aurki daitezke baina horrek ez du kentzen oraindik aski zaila dela berria eraikitzea, gaztetxe bat ukaiteko eskubidea aski mugatua baita Euskal Herrian. Izan ere, gazteak etengabe borrokatzen dira beraien eskubideen lortzeko, Azkainen bezala, hainbat urte ondoren horra hor aurten, Herriko Etxeak emaniko lokala.
Pixkanaka–pixkanaka hauek ere hasi dira animazioak antolatzen gaztetxean antolaketa bat segituz, hala nola, lehendakari, diruzain eta oinarrizko bete beharrak izendatuz. Azkaineko gaztetxeari itxura pixka bat eman ondotik eta Kilika izena jarriz, azaroaren 3an inauguratu zen, goizetik tortilla txapelketa batekin hasi, joko batzuekin segitu eta gauean kontzertuekin bukatuz.
Badira bederen zazpi urte, Azkainen lokal txiki batean gaztetxe bat ireki zutela garai hartako gazteek, baina egia erran, ez zuen asko iraun. Geroztik, GeMuKu izeneko elkarte bat sortu zen beste aukerarik gabe, eta ahal zena egiten zen nahiz eta baldintza zailak izan. Aurten, azkenean, alkatearen baimenarekin gaztetxe bat lortu da Azkainen, Antton Deliart lehendakaria izanki.
Haren hitzek dioten bezala, “egia da ez zaigula erraz izan gaztetxearen lorpena, baina orain badugula, askoz errazago zaigu animazioen antolatzea”. Izan ere, GeMuKuren garaian oztopo gehiago aurkitzen ziren, bai lekuarengatik baita material aldetik ere, momentu hauetan elkarte askok duten bezala. “Gaztetxe bat lortzeko mugimendu bat sortu eta segitu behar da, baina hori ez da aski. Behin gaztetxea lortzen delarik animazioak antolatzea beharrezkoa da bizitasuna emateko”, azaltzen du Anttonek, gaztetxe bat gazteek ongi pasatzeko egina dela gehituz eta batez ere, beraien gaualdi eta beste herrietako gazteekin elkartzeko parada dela argituz. Antton Deliart.
Aspaldiko kontua den bezala, jende askok gaztetxeak gaizki ikusten ditu, gazteek lokala drogatzeko eta denbora pasatzeko erabiltzen dituztela pentsatuz, baina hori ez dela hala dio Kilikako lehendakariak. Izan ere, denbora gutxian hainbat animazio antolatuak izan baitira, abantzu bi astero gaztetxeko kideen artean bilkurak segituz, “inagurazioaren ondotik, hilabetean behin kontzertu edo beste motatako animazioak egiten saiatzen gira, jadanik Deskantx gaua, aurtengo Gazte topagunearen aurkezpena, ihauteri, Italiako Talco taldea...eta beste gaualdi batzuk antolatu ditugu. Urteko programaren ideia bat ere egin dugu, mus txapelketa bat eta loto–bingo bat egitea ere pentsatu dugu, horrela, animazio ezberdinak izateko eta ez beti kontzertuak bakarrik antolatzeko”. Bestalde, Azkaingo rugby–ko kideei eta Komiteari ere gaztetxea prestatua izan zaiela azpimarratu digu, baita ostegunetan bertako dantza taldeari ere.
Oro har, gaztetxea gazteen oinarrizko eskubide bat izanki errespetatu behar dela du ideiatzat eta horrela pentsatzen ez dutenei, gazteek ez dutela bakarrik festa egiteko erabiltzen ulertarazi nahi die Anttonek. Horregatik, borroka horretan jarduten duten gazte guziei lorgarria dela adierazten die, eta beraz gazteen eskubidea izanki, borroka horretan segitzea aholkatzen die.